GAUR8

Berbalagun ekimenaren edizio berri bat Galdakaon eta Basaurin

Euskararen erabilera soziala bultzatzen duen Berbalagun ekimenean parte hartzera animatu dute Galdakaon eta Basaurin, gero eta jarduera anitzagoen inguruan sortzen diren taldeek eskaintzen dituzten aukerak azpimarratuz. Iazko edizioan, 260 lagun ibili ziren 38 taldetan.

Galdakaoko eta Basauriko Berbalagunen edizio berriaren aurkezpena.
Galdakaoko eta Basauriko Berbalagunen edizio berriaren aurkezpena. (GALDAKAOKO UDALA)

Berbalagunen ikasturte berria jarri dute abian Galdakaon eta Basaurin, euskararen erabilera soziala indartzeko. Herri bietako udalek, udal euskaltegiek, AEK-k eta Basauriko Hizkuntz Eskolak elkarlanean bultzatzen dute programa.

Azken urteetan garatu den esperientziaren balantzea eginez, azpimarratu dute 800 parte hartzaile bildu dituela ekimenak. Azken ikasturtean, 260 lagun ibili ziren, 6 pertsonek osatutako 38 berbataldetan.

«Programa doakoa da eta euskaraz elkarrizketa bat mantentzeko kapaz diren pertsona guztiei irekita dago (zailtasunak dituztenei lagunduko zaie, baina ezin da entzule gisa joan); izan ere, hizkuntza modu naturalean praktikatzeko aukera sustatzea du helburu, familiatik hasita, lagunartea edo lan ingurunea barne hartuz», azaldu dute.

Era horretara, badaude tabernetan ibiltzen diren taldeak, baita proposamen berritzaileak ere, dantza, irakurketa, makrame, joskintza edota mendiaren inguruan antolatutakoak, eta familiei zuzendutako Gurasolagun ekimena. Iragarri dutenez, asteburuko eskaintza bikoiztu egin da aurten, mendi irteerak bezalako jarduerei kulturarekin lotutakoak gehituz.

Edurne Espilla Galdakaoko jarduneko alkateak ekimena aurrera eramaten dutenen ahalegina eskertu du eta Berbalagunen izena ematea hautatzen duten pertsonak goraipatu ditu, bereziki «euskarara lehen aldiz hurbiltzen direnak» eta gurasoak, parte hartzea duen balioa azpimarratuz, «beren seme alabak hazten doazen heinean euskaratik urrundu ez daitezen».

Asier Iragorri Basauriko alkatearen hitzetan, ekimenak aukera ematen du «ingurune lasaiago eta ez hain formalean euskaraz aritzeko», eta gizonen parte hartzean jarri du fokua, parte hartzera animatuz, iaz %30ekoa baino ez baitzen izan.  

«Berbalagun ez da jada euskara inguruan kafe bat hartzeko gune hutsa» azpimarratu dute. dinamizatzaileek: «Aurten Galdakaon, esaterako, gure ondare kulturala ezagutzeko taldea sortu da (etorkizunean herri ezberdinak bisitatzea da asmoa), eta txakurrekin irteteko taldea ere sortzea da asmoa, gainera astean behin baino maiztasun handiagoz elkartuko litzatekeena».

Izena emateko epea zabalik dago herri bietan. Igande honetan bertan Belatxikietara egingo dute irteera Basauriko Udaletxe aurretik abiatuta. Galdakaon, azaroaren 4an egingo dute Berbalagun aurkezpen jaia, Ganguren tabernan.