GAUR8

Gaurko egunez hil zen Terence MacSwiney idazle eta politikari irlandarra

Cork hiriko alkatea zela atxilotu zuten eta 79 egun iraungo zituen gose grebari ekin zion Londreseko Brixton espetxean, 1920ko urriaren 25ean azken hatsa eman arte.

Terence MacSwiney-ren omenezko eskultura.
Terence MacSwiney-ren omenezko eskultura. (WIKIPEDIA)

Terence Joseph MacSwiney, irlandar nazionalista, idazle eta politikaria 1920ko urriaren 25ean hil zen Brixtongo expetxean, Londresen, 79 eguneko gose greba baten ondoren. Urte hartan bertan, Irlandako Independentzia Gerran, Sinn Féin alderdiko ordezkaria zela, Cork hiriko alkate hautatu zuten, britainiar indarrek atxilotu eta Londresera eraman aurretik.

1913an, MacSwiney Irlandar Boluntarioak erakundeko Cork Brigadaren sortzaileetako bat izan zen eta Sinn Féin alderdiko Cork hiriko ordezkaritzaren presidentea bilakatu zen. Gainera, 1914an Fianna Fáil izeneko egunkaria sortu zuen, nahiz eta hamaikagarren argitalpenean debekatu egin zuten.

Pazko matxinadaren ondoren MacSwiney Ingalaterrako Reading eta Wakefield Gaols kontzentrazio esparruetan sartu zuten, eta 1916ko abendura arte preso egon zen. 1917ko otsailean atzerriratu eta Shrewsbury eta Bromyard barnetegietan sartu zuten, eta azkenik ekainean aske utzi zuten.

Cork hiriko alkatea eta bere adiskidea zen Tomás Mac Curtain hil zutenean, martxoaren 20an, MacSweney hiri hartako alkate berri hautatu zuten. Baina 1920ko abuztuaren 12an Dublinen atxilotu zuten eta, epaitegi militar batek epaitu ostean, Brixtongo espetxean bi urtez preso egotera zigortu zuten.

Protesta moduan, MacSwiney-k gose grebari ekin zion, nazioarteko arreta eta jakinmina piztuz. Estatu Batuek britainiar produktuen aurkako boikot bat hasteko mehatxua jaurti zuten, Hego Amerikako hainbat herrialdek Aita Santuaren bitartekaritza eskatu zuten, eta Frantzian edo Alemanian ere protestak izan ziren.

Gose grebaren azken egunetan espetxeko zaindariak MacSwiney-ri janarazten saiatu ziren, baina inongo arrakastarik gabe. 1920ko urriaren 20an koman sartu eta handik bost egunera hil zen, 79 eguneko gose greba egin eta gero.