
BioAraba azoka agroekologikoaren 10. edizioa egingo da azaroaren 21etik 23ra Gasteizko Iradier Arenan. Ekoizpen ekologikoa, bizitza osasuntsua eta kontsumo arduratsua bultzatzea helburu duen hitzorduak 75 erakusketari inguru bilduko ditu, arloko azken berritasunak aurkezteko prest.
Gasteizko Udala da ekimenaren bultzatzaileetako bat. Haren garrantzia azpimarratu du «produktu jasangarrien alde egiten duen apustuagatik, Europako 2030 Agendak ezarritakoarekin bat etorriz». «Kontsumitzeko modua aldatzen ari da, eta gero eta gehiago izaten ditugu kontuan ingurumena errespetatzen duten enpresen proposamenak», gaineratu dute udal iturriek.
BioArabako azokaren kalitatea ere nabarmendu dute. 
Azken edizioan, gainera, 15.000 bisitari baino gehiago izan zituen azokak. Izan ere, ekoizleez gain, merkatariak, banatzaileak, bisitari profesionalak, erakundeak, elkarteak eta produktu ekologikoen kontsumitzaileak biltzen dituen espazioa izaten da.
Publiko guztientzat zabalik egongo da azaroaren 21eko 11.00etatik aurrera, eta elikagai osasungarriak (produktu guztiek dituzte ziurtagiri ekologikoko zigiluak), ehungintzakoak eta kosmetikakoak eskainiko ditu; bidezko merkataritzako produktuak eta berriztagarriekin eta kontsumo arduratsuarekin lotutako beste zerbitzu batzuk ere izango dira.
Aurreko edizioetan bezala, Vital Fundazioak Arabako ekoizle agroekologikoen parte hartzea diruz lagunduko du, haien jarduerari balioa emateko.
BioAraba azokaren babesleak Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Lakuako Gobernua dira, eta laguntzaileak Vital Fundazioa, Ekolurra Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua, Artepan, Mamia eta Mi Herbolario enpresak eta ‘Bioeco Actual’ eta ‘Bueno y Vegano’ argitalpenak. 

Itsasoa maitatu eta babestuz
Gaitzari aurre hartu

Eskola Kirolaren inguruko epaiak berriz azaleratu du lehia goiztiarraren eztabaida

Baterajotzea: Gazte komunitate feminista batu eta indartzeko elkargunea Zaldibarren
