Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Gaur hamabost urte estreinatu zen ‘The Walking Dead’ telesaila

2010eko urriaren 31n AMC kateak ‘The Walking Dead’ telesailaren lehen atala eman zuen Estatu Batuetan; hau da, zonbien apokalipsiaren ondorengo gizateriaren gorabeherak islatzen dituen telesaila. Orain hiru urte desagertu zen arren, fenomeno planetario honek bizirik dirau frankizia bihurtuta.

‘The Walking Dead’: gizakiok zonbien apokalipsian.
‘The Walking Dead’: gizakiok zonbien apokalipsian. (NETFLIX)

Robert Kirkman, Tony Moore eta Charlie Adlarden izen bereko komikietan dago oinarrituta ‘The Walking Dead’, gaur 15 urte AMC telebista kateak estreinatu zuen drama post-apokaliptikoa. Zonbien apokalipsiaren ondoren biziraun duten hainbat pertsonaren bizitzak kontatzen ditu. Etengabe mugitzen dira, babesleku seguru baten bila, etsi-etsian, zonbien erdian. 

Hala ere, bizirik irauteko eguneroko borrokak kanpoko munduaren izugarrikeriei ez ezik, gizakion bazter ilunei ere aurre egitera behartzen ditu. Presioa handitu ahala, batzuek amore ematen diote ankerkeriari, eta konturatzen dira beldurra inguratzen dituzten zonbiak baino are hilgarriagoa izan daitekeela.

GAUR8n bertan, Gaizka Izagirrek aztertu berri du telesail apokaliptiko hauek izan duten bilakaera azken hamarkadatan: ziurgabetasun globalak, aurrerapen teknologikoek, COVID 19aren pandemiak edota aldaketa klimatikoak eragin nabarmena izan dute serie distopiko eta post-apokaliptikoen ugaltzean, bere ustetan, eta horien artean ‘The Walking Dead’. 

Senoiatik (Georgia) gertu dagoen Riverwood Studios-eko aire zabaleko espazio handietan grabatu da telesail gehiena. Nazioartean Fox Networks Group eta Disney+ bidez zabaldu da.

Nazioarteko fenomenoa, ‘The Walking Dead’ ‘Rest in Peace’ atalarekin amaitu zen 2022ko azaroaren 20an. Baina AMCk frankizia eta hari lotutako ekoizpenak grabatzen jarraitu du... azkena, ‘The Walking Dead: Yadd’ hain zuzen ere Estatu espainiarreko lokalizazio desberdinetan grabatu dutena.