
Lakuako Gobernuko Osasun Sailak laguntzak emango dizkie elkarte eta kooperatibei ikasleen artean ariketa fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza proiektuak garatzeko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) ostegun honetan argitaratu du laguntzen deialdia egiten duen Alberto Martinez Osasun sailburuaren agindua, eta denera 290.800 euro banatuko dira.
Alde batetik, eskola bideak sortzeko eta dinamizatzeko partaidetza proiektuak babestuko dira, hiri espazioek joan-etorri aktibo eta seguruetarako eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzera bideratzen badira.
Bigarrenik, eskolako jolastokiak ikasteko, jolasteko eta mugitzeko espazio inklusibo bihurtzeko edo dinamizatzeko partaidetza proiektuen garapena lagunduko da diruz.
Era berean konatuan hartuko dira kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko ekimenak, eskola orduetan zein eskolatik kanpo, berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarrituta eta ikasleen eta haien familien beharretara eta interesetara egokituta.
Familia giroko jarduerak
Era berean, eskola orduetatik kanpo familian ariketa fisikoa erregulartasunez egitea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, besteak beste, txangoak mendira, irteerak bizikletan, paseoak patinetan edo jolas jarduerak familian.
Aurreko ikasturtean, laguntzek 62 proiektu finantzatzeko balio izan zuten: 11 Araban, 25 Bizkaian eta 26 Gipuzkoan. Proiektuen %87,1 eskolako jolastokiak eraldatzera edo dinamizatzera bideratu ziren, espazio inklusiboak izan daitezen; %16,1 eskola ordutegitik kanpo familian jarduerak egitera, eta %6,5 eskola bideak sortzera edo dinamizatzera.
Osasun Sailak «funtsezkotzat» jotzen du elkarte eta kooperatiba horien zeregina eta ekarpena ikasleen jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa murrizteko. Eskola ingurunean jarduera fisikoa sustatzeak tresna eraginkorra izateko duen potentziala nabarmendu du Lakuak, ariketa egiteak duen garrantziaren inguruan txikitatik kontzientziazio maila handitzeko.
«Praktika horrek, osasun fisikoa hobetzeaz gain, ikasleen memoria eta errendimendu akademikoa handitzen ditu, eta ongizate psikikoan eta pertsonen arteko harremanetan laguntzen du», adierazi du.

Adina ez da oztopo, eta Euskal Selekzioa munduko txapelketa gogotsu jokatzen ari da

«Gatazkaren memorian gazteek beraien ikuspegia inportantea dela sentitu behar dute»

Itsasoa maitatu eta babestuz
Gaitzari aurre hartu
