Etxeko espezie inbaditzaileak (eta ekosistema sentimental kolonizatuak)

Edozein txokotara egokitzen dira lurralde berriak erraz kolonizatuz (ohearen ertza, sofa azpia), bertoko harrapari naturalak ez dira nahi bezain azkarrak eta populazioa kontrolpetik kanpo dago, eta plastikotasun handia erakusten dute (goizean zuria zena, iluntzean marroixka). Umeen -kolore eta forma guztietako- galtzerdiak dira gure etxeko espezie inbaditzailea.
Psikoterapian dauden emakume askoren (eta gizon batzuen) banda zabalera mentala kolonizatua dator. Beraiei ez dagozkien ardurek moteltzen dute aurrera egiteko abiadura. (Gero entzun behar izaten dugu “abandonatu du bere burua”, ene!). Parekidetasunaren zabalera berreskuratuta, ziur emakume horrek bere burua laztandu, goxatu eta bikain elikatuko duela sozialki, erotikoki, intelektualki, estetikoki, eta mugimenduz beteko duela.
Mugimendua bizitza da. Ilea, poza. Erekzioak, alegria.
Ezkonduta bizi den ezkongabe aunitz topatu dut azkenaldian. Harremana elikatu ez (xurgatu, bai), eta gero, inguratzen zaion sastrakekin borrokan dabilena: kexak, dezepzioak, desilusioak... Ondoren ezin dira irtenbide azkarrak topatu. Eskaintzen duzun zaintza, arreta eta konfiantzaren metatze-efektuan jarri itxaropenak. Denborak erantzungo dizu, aise.
Madrili mania historikoa, eta Bartzelonari maitasun neurrigabea diogu. Nik ez dut nahikoa ezagutzen azken hau kuttun izateraino. Estatuko hiriburua, aldiz, begiko dut. Bertako bati azaldu nion ele bitan bizitzeak zer suposatzen digun (oso labur!), etengabeko bikoizketa erdibitu honetan bizitzeak. Aho zabalik geratu zen jakitean, xuxurlariaren figura erabiltzen dugula maiz, norbaitek hitzaldi bat euskaraz ezin duenean jarraitu, esaterako. Zenbat maitasun jartzen dugun hemen... Zein da zure hizkuntza sentimentala?
Oraintxe nahiago dut, halere, baso batera joan hirira baino. Ekitaldiak galtzeko plazera sentitzera. Eguneroko erritmo zakar eta pseudo-orekatik distantzia hartzeko. Sasidenboraz ohartuta, sakontasunik gabeko estimuluen ehiztari bihurtzen noa. Eduki-sendatzaileen modura.
Ez duzu lortuko zure e-postako sarrera-ontzia hutsik uztea. Ahaztu. Jango zaitu. Espezie inbasorea da.
Bikote terapeuta moduan, zer esan dezaket ba? Sartu desbrozadora agendan. Itzali jakinarazpen-txistuak.
Entzun ondokoari. Ez zaitez saiatu zure bertsio HOBERENA izaten. EZ. Exijentziatik, ez. (Dena estutzen du, ez baduzu joko moduan hartzen, behintzat!). Ezagutu ondo zeure burua, ezagutu ondo albokoa. Onartu dagoena, maitatu gabeziak, zaindu bertuteak. Elkarbanatu ardurak, erabakiak, zaintzak. Beste guztia txori-kaka da.
Zuhaitz batek eguzkiaren eraginez edo farola baten argipean proiektatzen duen itzalak tattoo bat dirudi. Berezko marrazki itsatsia. Itzalaren ertzek eta hostoen mugimenduen xurrumurruek liluratzen naute. Itzalean dagoena indarrean dago, badakigu.
Enpresa handiek ondo dakite nola idatzi euren leloak. Gure tren iberikoen leloak, garaiz iristearekin konpromisoa azpimarratzen zuen (a ze paradoxa!). Zakar guztiak botatzen ditugun lekuari Zikingune deitu beharko genioke zuzenago izateko, ezta? Eta haragi zalantzagarria duten hanburgesa kateek, letxugak dantza-saltoka erakusten dizkigute. Itzalean dagoena indarrean dago. Ilunpekoa zuritu nahi duten leloak aitortzak dira. Excusatio non petita accusatio manifesta. Erabilitako kondoia, alderantziz jantzia.
Ezagutu elkar. Laztandu itzalak. Miazkatu elkarren zauriak. Zaindu bihotzak. Hitz egin presentziaren hizkuntza unibertsal-sentimentalean.
Ozeanoak izen desberdinak hartzen ditu, bustitzen duen hondartzaren arabera. Nik gauza desegokiak egiten ditut maiz. Oso maiz. Ez nahita. Araknofobia duen pertsona bati armiarma sareen marrazkiz jositako gau beltzeko poltsa bat oparitu berri diot. Banekien ez zituela “aiamamak” maite (gure etxean horrela deritzo). Egia esateko, nire senarra da. Yesss. Ajam. Eta zu zer moduz zabiltza?
Maitatuak sentitu gaitezke bikotekidea laguna badugu. Izan errukiorra ondokoaren hanka sartzeekin. Ez exijitu bere bertsio onena. Ez suntsitu zuen ekosistema sentimentala bere banda zabalera mentala kolonizatuz. •

Adina ez da oztopo, eta Euskal Selekzioa munduko txapelketa gogotsu jokatzen ari da

«Gatazkaren memorian gazteek beraien ikuspegia inportantea dela sentitu behar dute»

Itsasoa maitatu eta babestuz
Gaitzari aurre hartu

