Maratoian bi ordutik jaistea lortu dute, baina lasterketa ez da hor amaitzen
Sebastian Sawe kenyarrak eta Yomif Kejelcha etiopiarrak maratoi ofizial batean bi ordutik jaistea lortu zuten apirilean, Londresen. Aspalditik amestutako lorpena da, nutrizioan eta materialetan egindako aurrerapenetan oinarritua, baina gizakiak beti gehiago nahi du.

Atletismoaren munduak, eta kirolarenak orokorrean, denbora luzez itxaroten zuen gertakaria bizi izan zuen joan den apirilaren 26an. Sebastian Sawe kenyarrak bi ordutik jaistea lortu zuen Londreseko Maratoian. Hala, munduko errekor berria 1:59:30ean utzi zuen. Lehen aldiz, korrikalari batek maratoi ofizial eta homologatu batean 42,195 kilometroak bi orduko langa historiko horretatik behera betetzea lortzen zuen.
Baina bada datu bat erakusten duena Saweren marka ez zela lorpen harrigarri eta isolatu bat izan, baizik eta kirol errendimenduak azken urteetan bizi izan duen iraultzaren erakusgarri bat gehiago: Londreseko Maratoian bi korrikalari izan ziren bi ordutik jaistea lortu zutenak, bigarren egin zuen Yomif Kejelcha etiopiarrak 1:59:41ean amaitu baitzuen proba.
Saweren kasuan zentratuz, badira bere lorpena hobeto ulertzen laguntzen duten hainbat faktore. Alde batetik berezko gaitasuna dago, hori ukaezina da, baina horrekin batera nutrizioa eta erabilitako oinetakoen teknologia dira hilabete hauetan gehien aipatu direnak. Atzean marketin puntu bat ere egon daitekeela onartu arren, aurrera begira etor daitekeena irudikatzeko merezi du faktore hauetako batzuk aztertzea.
NUTRIZIOA ENTRENATU
Aditu eta jarraitzaileen artean zeresan gehien eman dutenak probaren aurretik eta proban zehar Sebastian Sawek jarraitu zituen pauta nutrizionalak izan dira, Maurten gel energetikoen marka ezagunak bideratuak. Zabaldu denez, konpainiako zientzialari talde bat urte eta erdiz izan zen Kenyako Rift haranean Saweren metabolismoa bertatik bertara ikertzen, berari egokitutako nutrizio-estrategia ahalik eta eraginkorrena prestatzeko.
Ohiko osasun kontrolak egiteaz gain, helburuetako bat korrikalariak karbohidratoak xurgatzeko modua eta gaitasuna aztertzea izan zen, modu horretan bere digestio aparatua karbohidrato kopuru handiak onartzera ohitzeko. Prestakuntza horri esker, gorputzak glukogenoa gordetzeko gaitasuna hobetzen du, eta hori da nekearen agerpena atzeratu eta erritmo altuagoak jasateko gakoetako bat. Zientzialariek azaldu zutenez, energia xurgatzea zuzenean hesteetan egitea lortu zuten, eta ez urdailean. Gainera, entrenamendu kargak handitzeko ere balio izan zien lanketa horrek. Ondorioz, astean 240 kilometro ere egin zituen.
Behin maratoiaren eguna iritsita, Sawek eta bere prestatzaile taldeak zehatz azaldu zuten Londresen jarraitutako pauta nutrizionala. Gosaltzeko bi ogi xerra jan omen zituen eztiarekin, baina batez ere garrantzia Drink Mix 320 edariari eman zioten, hidrogel bilakatzean karbohidratoak kapsulatu egiten dituelako eta sabeleko arazoak izateko arriskua murriztu. Litro erdi edan omen zuen beroketan. Hala, 80 gramo karbohidrato pilatu zituen. Eta sodio bikarbonatoa ere hartu zuen, proba hasi baino bi ordu lehenago, giharretan sortzen den azido laktikoari aurre egiteko.
Lasterketa hasi baino bost minutu lehenago, 25 karbohidratoko gel bat hartu zuen, eta behin korrika hasitakoan bere edari berezia bost kilometrotik behin: 160 mililitro 5., 10. eta 15. kilometroetan; 130 ml 25., 30., 35. eta 40.enetan. Eta ibilbidearen erdia bete baino zertxobait lehenago beste gel kafeinadun bat eta Drink Mix 160 edaritik 130 ml. Guztira, orduko 120 gramo karbohidrato sartu zituen gorputzean probak irauten zuen denboran. Beraz, orain arte pentsaezinak ziren kopuruetara heldu zen -80 edo 90 jada kopuru ikaragarritzat jotzen ziren duela gutxira arte-.
Zaila da egun jakin batetik ondorio unibertsalak ateratzea, baina energia xurgatzeko modu horrek azaldu ditzake Saweren erritmoak. 59:01ean egin zuen maratoiaren bigarren erdia, aurrenekoa baino askoz azkarrago (1:00:29). Azken zazpi kilometroetako partzialak izugarriak izan ziren, eta azken bi kilometroetan abiadura 22,5 km/h izan zen.
Noski, nutrizioaren gaia, zentzurik zabalenean ulertuta, pil-pilean dago goi-mailako beste kiroletan ere. Berriki NAIZen eta GARAn Xabier Rodriguezek Aitor Viribay fisiologoari egindako elkarrizketa bat argitaratu zen, eta bertan “From Lab to Field” proiektuan egiten duten lana azaltzen zuen, batez ere laktato exogenoarekin egiten ari diren probak. Hor bide berriak irekitzen ari dira eta aurrerapauso galantak etor litezke epe ez oso luzean.
OINETAKOEN GUDA
Azken urteotan iraupen lasterketetan izan den hobekuntzaren beste arrazoietako bat atletek erabilitako oinetakoetan dago. Londreseko kasuan, jada famatu egin diren Adidas markako Adizero Adios Pro Evo 3 zapatilak izan dira historiara pasatu direnak. Ezaugarri nagusien artean arintasuna -97 gramo bakarrik pisatzen dute- eta zolan erabilitako apar eta karbono nahasketa aipatzen dira. Continental goma ere badute aurrealdean, trakzioa hobetzeko.
Apar eta karbono nahasketa horrek hainbat abantaila dakartza: oinkada bakoitzean ematen den bultzada areagotuz abiadura handitzen da, eta era berean, amortiguazioak giharretako sufrimendua nabarmen murrizten du, zeinak distantzia luzeko probetan berebiziko garrantzia duen azken zatira osoago iristeko.

Nutrizioarekin alderatuz, ordea, zaila dirudi oinetakoen arloan etorkizunera begira aurrerapen handirik egitea. Kontuan izan behar da oinetako marken arteko guda aspalditik datorrela atletismo munduan, negozio ereduaren eta marketin kanpainen oinarrietako bat baita. Lehia horretan, Eliud Kipchoge handiaren errekorrek hamarkadaren hasieran Nike etxea aurretik ipini bazuten ere, Alphafly modelo famatuekin, orain Adidas izan da mahai gainean kolpea jo duena.
Arlo honetan aurrerapen handi-handirik ez dela etorriko diogu, World Athletics erakundea zenbait muga jartzen joan delako azken urteotan. 2010eko hamarkadaren amaieran errekor pertsonal asko hobetzen ari zirela ikusita, nazioarteko federazioak araudia eguneratzea erabaki zuen, urte batzuk lehenago igeriketan poliuretanoz egindako bainujantziekin gertatu zena ekiditeko -munduko errekorrak etengabe apurtzen zirela ikusita, 2010ean debekatu zituzten-. Atletismoaren kasuan, barne-zola gehienez 40 milimetrokoa izateko baldintza ezarri zuten, eta karbono edo plastikozko xafla bat baino gehiago erabiltzea debekatu.
Hala ere, bistan da federazioek oso tentuz hartzen dituztela materialarekiko neurriak, atzean dagoen negozioa erraldoia delako. Aipatutako Adizero Adios Pro Evo 3 zapatilak, esaterako, 500 euroko prezioan daude salgai, eta auskalo zenbat saldu diren Sawek bere marka ezarri zuenetik. Garai batean pentsaezina izango zen, baina gaur egun korrikalari ez profesional asko daude prest horrelako kopuruak ordaintzeko, norbere denborak hobetzeko balioko duelakoan.
ASPALDITIK DATORREN LASTERKETA
Maratoian bi ordutik jaisteko erronka aspalditik zetorren ‘lasterketa’ zen. Londreseko lorpenaren ingurumarian, batek baino gehiagok gogora ekarri du Michael Joyner fisiologo estatubatuarrak 1991n egin zuen aurreikuspena: gizakiaren muga maratoian 1:57:58an ezarri zuen. Hainbat modalitatetan parametro fisiologiko onenak zituzten kirolarien baloreak elkarrekin gurutzatu eta modelo matematiko bat erabiliz proposatu zuen denbora hori. Urte askoan oso urrun ikusten zen marka nahiko eskura ikusten da une honetan, Joyner motz geratu zela pentsatzeraino.
Munduko errekorra sarri samar hobetu izan da maratoian, baina bi ordutik jaisteko helburua argi eta garbi jarri zuen atleta Eliud Kipchoge izan zen, 2017an, bere babesle dirudunen eskutik. Zehazki, Nike izan zen ‘Breaking2’ erronka proposatu zuena 2017ko maiatzaren 6an Monzako zirkuitu famatuan. Eliud Kipchoge kenyarrak, Zersenay Tadese eritrearrak eta Lelisa Desisa etiopiarrak, garaiko hiru atleta onentsuenek, egin zituzten 42,195 kilometro goi-mailako hainbat ‘erbiren’ laguntzarekin. Denborak ez zuen balio ofizialik izango, ez zelako lasterketa homologatua, baina kasu honetan asmoa gizakiaren mugak bilatzea zen. Kipchogek 2:00:25ean amaitu zuen lana. Garaiko munduko errekorra nabarmen hobetu zuen, helburutik oso gertu, baina lortu gabe.

Orduan lortu ez zuena, bi urte geroago lortuko zuen Kipchogek, 2019ko urriaren 12an Vienan. Erronkak ‘Ineos 1:59 Challenge’ izena hartu zuen, energia konpainia britainiarrak babestuta, eta formatua antzekoa izan zen. Hori bai, laguntza moduan errepidean laser argi bat erabili zuten erritmoa markatzeko, eta Italian ez bezala, Vienan milaka pertsona bildu ziren korrikalariak animatzeko. Emaitza: 1:59:40. Gizakia, lehen aldiz, gai zen maratoi bat bi ordutik beherako denboran korritzeko.
Baina balentria hori maratoi ofizial batean lortzea askoz zailagoa zen. Aipatutako bi proba horietan lekua eta data propio aukeratuta zeuden, baldintzak ahalik eta onenak izateko. Maratoi ofizial batean, ordea, eguna aspalditik zehaztuta dago eta ezin da aukeratu zer eguraldi egingo duen. Kipchogeren saiakera horietan 10 gradu inguruko tenperatura bilatu zen, ahalik eta haize leunenarekin, eta berriki argitaratu den ikerketa batek erakutsi du horrelako distantzia baterako tenperatura egokiena hotzagoa dela, 4 gradu ingurukoa.
Sebastian Sawek aurreratu du bere hurrengo agerpena Berlineko maratoian egingo duela, irailaren 27an, eta mundua zain-zain dago kenyarrak bertan zer lan egingo duen ikusteko, baina gogoratu behar da iaz 25 gradurekin korritu zela proba hori, eta horrek ia ezinezko bihurtuko lukeela Londreseko marketara inguratzea. Edonola ere, oraindik amaiera non duen ez dakigun lasterketa zoragarri baten beste urrats bat izango da.
Gainditu diren eta ez diren langak, dopinaren itzaletik belaunaldi berrien ohituretara
Gizonezkoen maratoian bi orduko markatik jaistea sinbolismoz betetako ortzi-muga bat izan da hamarkada luzez, eta zaila da horrenbesteko esanahia duen beste langa bat topatzea, baina badira antzeko mugarriak beste atletismo modalitate batzuetan eta beste kiroletan ere. Maratoian bertan, emakumezkoen proban, duela urte batzuk pentsaezina zirudien bi ordu eta hamar minutuko markatik jaistea. Gizonezkoen laguntzarik eta sonarik gabe, Ruth Chepngetich kenyarra izan zen lasterketa ofizial batean denbora hori hobetzea lortu zuen lehen atleta. Chicagon izan zen, 2024ko urriaren 13an, eta egun hartan egindako marka da oraindik ere munduko errekorra: 2:09:56. Kenyarrak ia bi minutuan hobetu zuen ordura arteko markarik onena, Tigst Assefa etiopiarrak eskuratua (2:11:53).
Maratoian munduko errekorren hobekuntza nahiko graduala izan dela esan daiteke, historiara begiratuz gero, baina atletismoan badira oso aspaldiko errekorrak, urteak joan eta urteak etorri inork hobetu ezin dituenak. Zaharrena emakumezkoen 800 metrokoa da: Jarmila Kratotxvilova txekiarrak 1983ko uztailaren 26an egin zuen 1:53.28ko marka (irudian). Eta 400 metrokoak ere jada 40 urte baino gehiago ditu, Marita Koch ekialdeko alemaniarrak 1985eko urriaren 6an egin zuen 47.60ko hura. Gizonezkoetan ere, zaharrena, garai horretakoxea da: Juri Sedikh errusiarrak mailu-jaurtiketan lortutako 86,74 metroko marka. 1986ko abuztuaren 30ean izan zen -40 urte betetzear dago-.

Errekor horietan ezinezkoa da garai hartan Sobietar Batasunean martxan jarritako dopatze sistema planifikatuen itzala ez ikustea. Adibide gehiago ere badaude: Natalia Lisovskaia errusiarra pisu jaurtiketan (22,63 1987tik), Stefka Kostadinova bulgariarra altuera jauzian (2,09 1987tik), Galina Txistiakova ukrainarra luzera jauzian (7,52 1988tik), Gabriele Reinsch ekialdeko alemaniarra disko jaurtiketan (76,80 1988tik) edota Sobietar Batasuneko laukotea 4x400 proban (3:15.17 1988tik). Amerikako Estatu Batuetan formula bera erabili izanaren zantzuak ere nabarmenak dira. Hortxe daude oraindik gainditzeke Florence Griffithek 1988an lortutako bi errekorrak: 10.49 100 metrotan eta 21.34 200 metrotan. Jackie Joyner-Kerseek urte berean heptatloian lortutako 7.291 puntuak. Edota Mike Powellek luzera jauzian 1991n egindako 8,95 famatua.
Euskal Herrira etorrita beste lorpen batzuk ere aipatu daitezke. Arraunean, eta historia gehien duen Kontxako Banderari begiratuz, 2006an lortu zuen lehen aldiz traineru batek, Castrok, 19 minutuko markatik jaistea. Geroztik lau izan dira hori errepikatu dutenak, eta gaur egun Urdaibaik du errekorra, 18:53.52, 2017an lortua. Bi jardunalditako errekorra ere bermeotarrena da, 38:04.76, 2014koa. Emakumezkoen estropadan, Arraun Lagunakek 2023an lortu zituen bi markak: 10:23.32 eta 21:01.14. Erronkak nahi dituenak baditu hor mugarriak, bi jardunalditara 21 eta 38 minututik jaistea, baina badakigu horretarako itsasoaren egoerak asko lagundu behar duela.
Herri kirolei dagokienez, eta zehazki harri-jasotzaileei, markarik sinbolikoenak pisu handietan lortutakoak izan daitezke, eta segur aski hobetzen zailenak ere bai. Mieltxo Saralegik 2001ean jaso zuen 329 kiloko harri laukizuzena. Iñaki Perurenak abiatutako eboluzio baten puntu gorena izan zen, baina gaur-gaurkoz ezinezkoa dirudi marka hori inork hobetzea. Esku bakarrarekin Perurenak berak du errekorra 1993tik: 267 kilo.
Aizkoran ere izan dira erronka esanguratsuak. Iker Vicentek, adibidez, 2020an hobetu zuen 25 urte zituen Donato Larretxearen marka bat, 14 kana erdiko 26 minutu eta 46 segundoan ebakiz eta aurreko marka 31 segundoan hobetuz. Bada, ordea, hobetzea zaila izango den beste marka ezagun bat: Euskal Herriko Aizkora Txapelketan egin ohi den lana -lau kana erdiko, lau 60 ontzako eta lau 72 ontzako- 29 minutu eta 57 segundoan moztu zituen Anjel Arrospidek 1993an. Ordu erditik jaitsi den aldi bakarra izan da ia 40 urteko historian.
Lerro hauetan ez dira denak sartzen, baina erronkak ez dira falta kirol munduan, eta ziur datozen urteetan lorpen berrien albisteak irakurriko ditugula.


