GAUR8

Duela 160 urte hil zen Henri Castro, Texasko kolonizazioan parte hartu zuen baionarra

Henri Castro Baionan sortu zen, 1786ko uztailaren 17an, eta gaurko egunez hil zen, Monterreyn, 1865ean. Lapurtar konde, diplomatiko eta enpresaria izan zen, eta Texasko kolonizazioan parte hartu zuen.

Henri Castro.
Henri Castro. (WIKIPEDIA)

Henri Castro familia judu sefardikoa zen, 1492tik espainiar Estatutik egotzi ostean Portugalen kokatua. XVIII. mende hasieran Inkisizioaren jazarpenarengatik Portugaldik ere alde egin behar izan zuten. Munduko hainbat lekutan ibili ziren: Britainia Handia, Herbehereak, India, Alemania, Danimarka, Suedia, Estatu frantsesa... Portugaldik herrialdeotara iritsitako familia sefardi gehienak aberatsak ziren (bidaia ordaindu ahal izan zutenak), eta horrelakoak ziren Castrotarrak ere.

1806ean, Frantziar Inperioaren armadan sartu zen, eta Bonapartista askok egin bezala, enperadorearen porrotaren ostean Ameriketako Estatu Batuetara jo zuen.

1838an, Frantziara itzuli, eta Jacques Laffitte herrikidearen banketxe ospetsuan lanean hasi zen. James Hamilton Texasko mandatariak haiengana jo zuen, Texasko Errepublika sortu berriarentzako mailegu bat eskuratu nahian; Castro bitartekari lanean aritu zen, eta maileguarenak aurrera egin ez bazuen ere, bere ahalegina eskertzeko Sam Houston lehendakariak Parisen Texasko kontsul orokor izendatu zuen.

Garai horretan Castro Frantziarentzako lurrak kolonizatzearen proiektuetan sartu zen; eta proiektu horien enbaxadore legez joan zen Texasera.

1842an, Houston lehendakariaren eskutik zenbait lur lortu zituen San Antonio hego-mendebaldean, kolonizazio prozesua gauzatzeko baldintzarekin. Horregatik, Castro armadore ere bihurtu zen, etorkinez betetako itsasontziak fletatuz. Gutxienez 2.134 kolono europar eraman zituen zituen Texas aldera –485 familia eta 457 gizon ezkongabe – eta haiekin Castroville (1844), Quihi (1845), Vandenburg (1846) eta D'Hanis (1847) herriak sortu zituen.