
Neiker zentro teknologikoak 3. mailako bioeuspen-laborategiko (NCB3) instalazio berriak inauguratu ditu gaur Derion duen egoitzan. Guztira, bost milioiko inbertsioa egin du, 200 metro koadroko azalera handitzea, segurtasun neurriak indartzea eta energia eraginkortasuna hobetzea ahalbidetu duen erreforma integral baten ondoren.
Aziendentzat eta, orokorrean, osasun publikoarentzat arriskutsuak diren animalia jatorriko patologien ikerketa indartu nahi dute, hegazti gripea, Q sukarra edo tuberkulosia bezalako gaitzen ezagutza areagotuz.
«Bereziki diseinatutako instalazioak behar dira gaixotasunak aztertzeko, ahalik eta segurtasun handiena bermatzeko, eta pertsonentzat nahiz ingurunearentzat izan litekeen ondorio oro eragozteko», azaldu du zentroak ohar batean.
Inaugurazio ekitaldian Imanol Pradales lehendakaria eta Lakuako Gobernuko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredo izan dira, Neikerreko zuzendari nagusi Olatz Unamunzagaren ondoan. Gainera, EAEko erakunde zientifikoetako eta abeltzaintza sektoreko eragile nagusietako ordezkariak izan dira.
«Segurtasun biologiko handikoak»
«Segurtasun biologiko handiko instalazio hau berritzeak Europako abangoardian jartzen gaitu gizakien, animalien eta ingurumenaren osasunean eragina duten gaixotasunak ikertzen, zaintzen eta kontrolatzen. Europan bioeuspena eta ‘One Health’ ikuspegi integrala uztartzen dituzten oso zentro gutxi daudelako», nabarmendu du Pradalesek. Horregatik, ongietorria eman dio zentro berrituari, «zalantzarik gabe, nazioarteko erreferentzia izango baita».
Gogoratu du NCB3 instalazioen garrantzia agerian geratu zela Covid-aren pandemian. «Horregatik, arrisku biologikoak eta mehatxu sanitarioak gero eta konplexuagoak eta globalagoak diren mundu honetan, ezinbestekoa da segurtasun eta erabakitasunez erantzuteko prest egongo diren azpiegitura propioak izatea», azpimarratu du.
Barredok, bestalde, «lehen mailako tresna zientifikoak» izateak duen garrantzia nabarmendu du, «gaixotasunak prebenitzeko eta kontrolatzeko».
Neiker zentroaren NCB3 eraikin berri hau instalazio bakarra da EAEn, eta erreferente Estatu espainolean eta Europan. Esan dutenez, kontinente osoan oso zentro gutxik konbinatzen dute animalien eta gizakien patogenoen bioeuspen-ahalmena «punta-puntako teknologiarekin eta»Osasun bakar baten (One Health) ikuspegi integralarekin».
Birmoldaketak bost milioi euro inguruko kostua izan du, eta 200 metro koadroan handitu du zentroa. Lan ildo bakoitzerako laborategi espezifikoak sortu dira, laborategiko animaliekin eta animalia handiekin batera, animalien ongizatearen azken estandarren arabera diseinatuta.
Konfigurazio berri horrek beste ikerketa-talde eta enpresa batzuekin lankidetzan aritzeko aukerak ere zabaltzen ditu.

Itsasoa maitatu eta babestuz
Gaitzari aurre hartu

Eskola Kirolaren inguruko epaiak berriz azaleratu du lehia goiztiarraren eztabaida

Baterajotzea: Gazte komunitate feminista batu eta indartzeko elkargunea Zaldibarren
