
Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) 2025eko Zientzia Astea egingo da Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Barakaldon gaur hasita eta 9ra arte. 200 jarduera inguru antolatu dira doan adin guztietako publikoarentzat. Unibertsitatean ikerketan dihardutenekin «zientzia ikusteko, entzuteko, sentitzeko eta zientziaz hitz egiteko aukera» izango da.
EHUk jakinarazi duenez, 40 txoko baino gehiago, 75 tailer, hamar ibilbide didaktiko, Zientzia Club ekimeneko 20 bakarrizketa zientifiko baino gehiago, zortzi erakusketa, 11 hitzaldi, sei ikuskizun, eta berrikuntza asko izango dira ‘Zientzia plastikorik gabeko planeta baten alde’ leloaren inguruan.
Parte hartzaileak «modu atsegin eta dibertigarrian» hurbildu ahal izango dira hainbat gairi buruzko azken ikerketa zientifikoetara, besteak beste, itsas jasangarritasun, adimen artifizial, robotika, auto elektriko, kimika, osasun eta astronomiaren inguruko alderdietara.
Plastikoei eta ozeanoen kontserbazioari buruz hausnartzeko proposamenen artean, ‘Oceanus Plasticus’ proiektuaren inguruko jarduerak nabarmentzen dira. Erdi Aroko kartografian inspiratutako erakusketa, gaueko ikuskizun bisuala eta imajinatutako itsas hondo batean murgiltzeko esperientzia izango dira Bizkaia Aretoan, Bilbon.
Horrez gain, Junk Kouture moda jasangarriaren nazioarteko lehiaketan finalista izan zen Lucia Revuelta gaztearen «esperientzia inspiratzailea» ezagutzeko aukera izango da. Hitzaldi desfilean, diseinuari buruz hausnartuko du, jasangarritasuna sustatzeko tresna den aldetik. Bere ‘Miss Mares’ lana Bizkaia Aretoan egongo da ikusgai larunbatera arte.
Era berean, Zientzia Club ekimeneko bakarrizketa ezagunei hainbat ikuskizun zientifiko gehituko zaizkie: umeek abentura kuantiko batez gozatu ahal izango dute Bilbon eta Gasteizen, eta Aytami Soto dibulgatzaile ezagunak magia eta kimika nahastuko ditu Donostian ‘Historiako aurkikuntzarik handiena’ saioan, 12 urtetik gorakoentzat.
Orobat, Global Innovation Day egunaren esparruan, berrikuntzari buruzko unibertsitate arteko eztabaida entzun eta ikusi ahal izango da. Eztabaida hori Innobasque berrikuntza agentziarekin batera antolatu da, eta EHUko ikasleek hartuko dute parte.
Publiko orokorrarentzako programazioaz gain, derrigorrezko bigarren hezkuntzako (DBH) eta batxilergoko ikasleek txokoak eta tailerrak bisitatuko dituzte goizez aurten ere, eta 5.000 ikasle inguruk EHUko ikerketa lana ezagutzeko aukera izango dute, protagonistek kontatuta.

«Bost bat minutu egin nituen buruz behera, itsasoko ura tragatzen, badakit zer den hiltzea»

«Beste modu batera sartu naiz finalera, txapelaren ametsak ez du ezinezkoa ematen»

«Finalean kantatzeko ilusioa ez zait joan eta final on bat egiteko gogoa handitu egin zait»

«Nire erabakia ez da gai pisutsuei ez kantatzea, baizik eta drama handiak saihestea»
