
Azkue Fundazioak eta Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babespean lan egiten duen Game Erauntsia elkarteak Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zortzigarren edizioa antolatu dute azaroaren 15erako Euskararen Etxean, Bilbon.
Ekimenaren arduradunek azaldu dutenez, bideojokoei lotutako denetariko gaiak aurkeztea eta horien inguruan hausnatzea da ekimenaren helburua. Horrela, «Euskal Herritik ezagutzeko daukaguna» agerian jartzen saiatuko da, beste behin, bideojokoak eta euskara uztartuz.
Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zortzigarren edizioaren egitaraua 9.45etik 13.00etara izango da, eta lau hitzaldi eta mahai inguru bat izango ditu euskal bideojokogintzaren esparru anitzak aztertzeko asmoz.
Hasteko, Asier Garatxena bideojoko garatzaileak Gaua Games estudio bilbotarraren sorkuntza eta emandako lehen pausoak azalduko ditu. Bigarrenik, Naiara Ordorika proiektu kudeatzaileak Nintendo of Europe enpresan bizitakoak kontatuko ditu, hainbat urtez QA Tester zein Software Localisation Producer lanpostuetan aritu ondoren.
Rol jokoaren garapena
Hirugarrenik, Eneko Azedo sortzaileak ‘Adur. Azken Erronka’ rol jokoaren garapenari buruz hitz egingo du, mota horretako jokoek bideojokoekin daukaten harremanean sakonduz. Hitzaldiekin bukatzeko, Jon Juarez diseinatzaileak marrazkilaritza eta animazioa izango ditu ardatz bere saioan, bideojokoen munduan arte kontzeptuala sortzen ibili baita.
Jardunaldia amaitzeko, mahai ingurua izango da Digipen Europe-Bilbao Institute of Technology ikastegiko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuko ikasleen parte hartzearekin.
Gainera, jardunaldiak iraun bitartean, euskarazko bideojokoez gozatzeko aukera egongo da etxeko txikienentzat, eta, ‘Gamer Gela’ ekimenaren bidez, gaur egun Game Erauntsia elkartearen euskarazko bideojokoen zerrendan aurkitzen diren tituluetako batzuk ezagutuko dituzte haur eta gaztetxoek, «bideojokoak gure hizkuntzan ere aurkitzen direla aldarrikatuz».
Bukatzeko, 2021, 2022 nahiz 2023ko edizioetako hitzaldiak biltzen dituen Jokotekniaren bigarren liburua aurkeztuko da topaketan.
Azaroaren 15ean Euskararen Etxera hurbildu ezin direnek aukera izango dute jardunaldia zuzeneko ‘streaming’ bidez jarraitzeko EITBren webgunetik zein YouTube plataformatik.
Gaitzari aurre hartu

Eskola Kirolaren inguruko epaiak berriz azaleratu du lehia goiztiarraren eztabaida

Baterajotzea: Gazte komunitate feminista batu eta indartzeko elkargunea Zaldibarren

«Errekonozimendu barik pasatu den emakume belaunaldi bateko kide da Feli»
