
‘Itxi Pa(r)kean’ egitasmoaren hirugarren edizioa jarriko du abian Galdakaoko Udalak, nerabeei zuzendutako aisialdirako programa berri bat eskainiz. Udal iturriek azaldu dute aurreko bi edizioetan izandako harrera onak bultzatu duela hirugarren hau prestatzera.
«Aurreko esperientziek ekimen honek gazteei denbora librean modu seguru eta dibertigarrian gozatzeko aukera ematen diela erakutsi dute». Eskaintza bariku eta zapatu arratsaldeetan zentratuko da, 18.30ean hasi eta 20.30era luzatzen diren jarduera ezberdinak proposatuz.
«Gandasegiko arkupeak eta Plazakoetxe tailer, jolas eta bestelako doako proposamenez beteko dira; tailer sortzaileak, kirolak, talde jolasak, dinamika parte hartzailea dutenak, eta abar izango dira», aurreratu dutenez.
Gakoa da aukera eskaintzea, «lagunekin gozatzeko, beren adineko jendea ezagutzeko eta aisialdi mota osasuntsu eta dibertigarri berriak ezagutzeko».
Udalka zehaztu du, bestalde, aurrekontu parte hartzaileetan egindako proposamenari erantzuten diola programak.
Barikuan (hilak 14) abiatuko da egitaraua Plazakoetxen, grafitti, parkour eta zientzia bisuala proposatzen dituen tailerrarekin.
Azaroaren 22an, larunbatez, izango da bigarren hitzordua, hiru osagairekin: gamer gela, ‘light painting’ eta patinajea. Berdintasunaren argia ‘scape room’-a txapa tailerra eta gore makillaje tailerra prestatu dituzte hirugarren proposamenerako, eta ‘Monster Txef’ edota eskalada daude abenduko egitarauak eskaintzen dituen jardueren artean.


