GAUR8

Bizitzako lehen urteetan animaliak izateak ongizate psikologikoan eragina duela dio lan batek

EHUk parte hartzen duen INMA (Haurtzaroa eta Ingurumena) Proiektuaren azterlan batek iradoki du bizitzako lehen urteetan maskoten presentzia haurren emozio eta jokabide garapenarekin lotu daitekeela. Emaitzek karraskariak, arrainak eta narrastiak bezalako animalien zaintzan jarri dute fokua.

Animalia mota ezberdinen zaintzak duen eragina aztertu dute ikerlanean.
Animalia mota ezberdinen zaintzak duen eragina aztertu dute ikerlanean. (Jon URBE | FOKU)

Bizitzako lehen urteetan maskoten presentziak haurren garapen emozionalean duen eragina aztertu du ikerlan batek. Emaitzek iradokitzen dute eragina ezberdina dela animalia mota eta elkarbizitza uneen arabera eta kasu batzuetan maskoten presentzia lagungarria izan daitekeela erantzukizunak hartzen hasteko.

INMA Proiektuan aztertu dute gaia. CIBERESPek (Epidemiologia eta Osasun Publikoko Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa) haurren garapenean inguruak dituen eraginak ikertu ditu, aire, ura, dieta edo bizi baldintzak bezalako faktoreak ikertuz. Ikerlanean EHUk hartu du parte, Estatuko beste unibertsitate batzuekin batera, eta FISABIO Fundazioaren eta IIS Biogipuzkoaren parte hartzea izana du lanak

Estatuko 1.893 familiak emandako informazioan oinarritu da, eta ‘World Journal of Pediatrics’ aldizkarian publikatu berri da. 

Lanaren inguruan, EHUko iturriek azaldu dute «ikertzaileek animalia ugariren (txakurrak, katuak, txoriak eta ‘beste animalia batzuk’ -karraskariak, arrainak edo narrastiak, adibidez-) etxeetako presentzia aztertu» zutela, haurrek urtebete eta 4-5 urte zituztenean. «Horrekin lotuta, 7-8 urterekin zituzten arazo emozionalekiko (‘barnerako’ arazoa, antsietatea edo depresioa, adibidez) eta jokabide arazoekiko (‘kanporako’ arazoak, hiperaktibitatea edo arauen haustura, adibidez) erlazioa ebaluatu zuten», zehaztu dute.

Ikerketa animalia ezberdinen presentzia eta eragina aztertu ditu: txakurrak, katuak, txoriak eta ‘beste animalia batzuk’, karraskariak, arrainak edo narrastiak, kasu.

«Emaitzek erakutsi zuten ‘beste animalia batzuk’ modu jarraituan edukitzeak babes eragina izan zezakeela arazo emozionalen aurrean. Katuen kasuan, 4-5 urtekoan katu bat edukitzearen kategoriak bakarrik erakutsi zuen sintoma emozional edo portaerazkoen presentzia apur bat handiagoa; gainerako kategoriek (katurik ez edukitzea, beti edukitzea, edo 1 urtean bakarrik edukitzea) ez zuten loturarik erakutsi. Ez zen desberdintasun esanguratsurik ikusi ez txakurrentzat, ez txorientzat, ezta maskota mota oro barne hartzen duen aldagai bateratuarentzat ere», argitu dute EHUtik.

Ainara Andiarena EHUko ikerlariak parte hartu du proiektuan. BEHRG Taldeko ikertzaileak azpimarratu du «hainbesteko eskaerarik ez duten animaliek, hala nola arrainek edo karraskariek, haurrekin harreman egonkorra izateko eta erantzukizunak, afektua eta enpatia garatzen laguntzeko balio dezaketela». 

«Haurren eguneroko errutinetan horrelako animaliak gehitzea lagungarria izan daiteke erantzukizunak beren gain hartzen hasteko, afektua eta enpatia martxan jartzen baitira ingurune horretan», adierazi duenez. 

Parte hartu duen beste ikertzaile batek, Blanca Sarzok (CIBERESP), gaineratu du interesgarria litzatekeela ikerketa parte hartzaile gehiagorekin eta adin tarte zabalagoarekin erreplikatzea, epe luzera begira horrek izan ditzakeen ondorioak aztertzeko.