GAUR8

Itsasoan zaborra jasotzeko bederatzi bilketa antolatu dituzte 29rako Gipuzkoako sei herritan

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan, itsas zaborra biltzeko bederatzi deialdi egin dituzte Gipuzkoako sei udalerritan. Helburuak dira «ingurune naturala garbi mantentzea eta hondakinek ingurumenean duten eraginari buruzko kontzientzia sortzea».

Pasaian, Donostian, Hondarribian, Zarautzen, Deban eta Zumaian egingo dituzte bilketak.
Pasaian, Donostian, Hondarribian, Zarautzen, Deban eta Zumaian egingo dituzte bilketak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Itsas Zaintza Sarea itsasoaren kontserbazioan inplikatutako Gipuzkoako itsas agente ezberdinek osatzen dute. Ekimen horrek itsas zaborrak biltzeko bederatzi talde antolatu ditu azaroaren 29rako Gipuzkoako sei herritan, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen esparruan.

Ohar baten bidez, Mater Museo Ekoaktiboak sortutako sareak jakinarazi du itsas zaborren bilketa horiek 11.00etan hasiko direla, eta Pasaian, Donostian, Hondarribian, Zarautzen, Deban eta Zumaian egingo direla jakinaarzi du.

Helburua da «ingurune naturala garbi mantentzea eta hondakinek ingurumenean duten eraginari buruzko kontzientzia sortzea» azaldu dute aipatutako saretik. 

Sareak dei egin dio Gipuzkoako komunitate osoari «bilketa handian parte hartzeko aukera pasatzen ez uztera, itsasoaren kontserbazioaren aldeko elkarlanerako ahalegina».

Jardueran parte hartzeko zein sarera batzeko interesa duten pertsonek itsaszaintzasarea@mater.eus helbide elektronikora idatzi dezakete edota edo 619 814 225 telefono zenbakira deitu.

Herrialdeko ibai arroka antolatuta, besteak beste, arraunlariak, igerilariak, arrantzaleak eta urpekariak bezalako eragileek osatzen dute sarea. Ingurumenaren zaintzaz gain, erantzukizun kolektiboa lantzen du taldeak, eta erreferenteak sortzea ere bere helburuetako bat da.