
«Abeltzaintzaren digitalizazioa bultzatu, abere taldeetan kudeaketa hobetu eta produktuen trazabilitatea indartzea» helburu dituen Larresne proiektuaren barruan garatutako RUMI tresna nabarmendu du, ganadutegien kudeaketan suposatzen duen aurrerapausoa nabarmenduz.
Larresneren helburuekin lotuta, EAEko zentro teknologikoak gogoratu du nekazaritzako elikagaien sektoreak kontsumo eskari berriei aurre egin behar diela. «Kontsumitzaileek kalitatea, trazabilitatea eta ingurunearekiko errespetua bermatzen duten elikagaiak bilatzen dituzte, baina egungo ziurtapenek ez dute beti aukera ematen modu objektiboan egiaztatzeko ea animaliak benetan larratzen diren», azaldu du.
Errealitate horri erantzuteko sortu zen Larresne nekazaritzako elikagaien sektoreko proiektuak, digitalizazioan aurrera egiteko, azienden kudeaketa hobetzeko eta larreetatik datozen produktuen trazabilitatea indartzeko.
Lepoko adimenduna
Neiker zentroak RUMI izeneko soluzioa nabarmendu du. Lepoko adimenduna da, larratzen ari diren animalien kokapena eta jarduera etengabe erregistratzen dituena. Eguzki plaken energiarekin elikatzen da eta ˜animalien monitorizazio jarraitua eta fidagarria» eskaintzen du.
Nerea Mandaluniz Neikerreko ikertzaileak azpimarratu du gailuak animalia bakoitzaren inguruko informazio zehatza ematen duela, eta denbora errealean transmititzen zaiola abeltzainari, aplikazio baten bidez
Behi-aziendentzat optimizatuta, ardi latxekin ere probatuko da sektorearen berezitasunetara egokituta. Ikertzaileen esanetan, sistemak araldian, erditzeari dagokionean eta animaliaren osasunean eta ongizatean egon daitezkeen aldaketei buruzko berehalako informazioa ematen du, eta abantaila handia da hori, abeltzainak zereginak antola baititzake eta animalien ongizatea hobetzen laguntzen du.
Kontsumitzaileen eskarien ikuspuntutik, gainera, «larre-esnea ziurtatzeko aukera ematen du, eta horrek trazabilitatea, desberdintzea eta gardentasuna adierazten dio».
Behialde enpresako behien ustiategian ari da lanean Neiker sistema optimizatzeko eta datuen azterketa jarraitua egiteko. Latxa ardien kasuan, Arkautiko artaldean biltzen ari da informazioa, «teknologia ardi-aziendaren beharretara egokitzeko eta etorkizunean Idiazabal BJDari (jatorri deitura babestua) lotutako animalien elikaduraren ziurtapen-prozesuetan txertatzea errazteko.


