GAUR8

Gaur 20 urte hasi zen 18/98 makrosumarioaren epaiketa

Hotz egiten zuen Madrilen 2005eko azaroaren 21eko lehen orduetan, zenbait autobus Casa de Campora iritsi zirenean. 18/98 makrosumarioaren lehenengo epaiketa eguna zen eta autobusetatik akusatuak jaisten hasi ziren. Irudia esanguratsua zen, euskal independentismoaren jazarpenean puntu gorena zelako.

Epaiketaren lehen eguna.
Epaiketaren lehen eguna. (Andoni Canellada | FOKU)

«Kronologikoki, ez zen [18/98 epaiketa] lehen makro-epaiketa izan –Jarrai/Haika/Segirena 2005eko udaberrian izan zen– baina 18/98 sumarioa ezker abertzale osoaren aurkako ofentsiba judizialaren hasieratzat jo ohi da, Espainiako Estatuko legedi antiterrorista gero eta gogorragoaren babesean egin zen ofentsiba. 1998an Auzitegi Nazionalak eta zehazki Baltasar Garzon epaitegiak abiarazia, 2023ko termino batek definitzen du zehazki ofentsiba hori: lawfare zentzu hutsean», idatzi zuen Teresa Toda kazetariak NAIZen iaz. 

Baltasar Garzon epaileak 1989an zabaldutako diligentzia batzuetatik abiaturik, prozesu hura saski-naski bat bihurtu zen, non denetarik sartzen zen. Berrogeita hamar pertsona baino gehiago eraman zituen auzitara, horien artean Teresa Toda ere, Ekin edo Joxemi Zumalabe Fundazioa bezalako erakundeekin izandako loturagatik, enpresa batzuetan lan egiteagatik edo ‘Egin’ekin izandako harremanagatik. Erakunde terrorista bateko kide izatea edo harekin kolaboratzea eta horrekin lotutako beste delitu batzuk egotzi zizkieten.  

16 hilabete luzatu zen epaiketa: Iker Bizkarguenak aipatu zuen legez, eskubideen zapaltzailea eta pertsonen birrintzailea izan zen. Kaleetan protestak, Amnesty International bezalako erakundeen kritikak... azkenik, 2009ko maiatzean, Auzitegi Gorenak eman zuen argitara 1.098 orri zituen sententzia bat: Auzitegi Nazionalak 18/98 prozesuari ezarritako helegiteari buruzko epaia zen, non erabat onartu baitzituen defentsak enpresa horiei guztiei dagokienez ezarritako kasazio errekurtsoak.

Gorenak bertan behera utzi zuen, beraz, Orain SA eta ‘Egin’ eta ‘Egin Irratia’-ren jarduerak legez kontrakotzat jotzea eta haiei lotutako enpresa guztien desegitea. Gainera, inputatu guztiei zigorrak murriztu zizkien, eta horietako bederatzi absolbitu egin zituen. Baina mina egina zegoen.