«Ingeniaritza» hitzaren generoa

Marraztu ingeniari bat. Hori izango litzateke eskolako irakaslea izango banintz haurrekin egingo nukeen ariketa: ezer gehiago azaldu gabe, marraztea. Ziurrenik, gehienek gizonezko bat irudikatuko lukete, kasko horiarekin, planoak eskuan edo induskatzeko makina baten ondoan, edo fabrika batean. Lan fisikoa, industriala eta maskulinoa. Hamarkadetan zehar barneratua izan den irudi estereotipatua.
Jakina da ikasketen hautaketa ez dela prozesu guztiz arrazionala. Hautu hori gizarte- eta kultura-faktoreez baldintzatuta dago, eta faktore horiek, askotan konturatu gabe, lanbide desberdinak irudikatzeko dugun moduan eragiten dute. Belaunaldi berriak ildo horretan deseraikita daudela uste izan arren, errealitateak kontrakoa dio. Ideia jakin batzuk gure hezkuntzan, komunikabideetan eta eguneroko harremanetan txertatuta daude, eta, oharkabean, gure aukerak baldintzatzen dituzte.
Adibide esanguratsu bat nire klaseetan ikus daiteke: 2025/2026 ikasturtean, Adimen Artifizialeko Graduko lehenengo mailan ematen dudan irakasgaian, emakumeen tasa %24koa da. Informatika Ingeniaritzako Graduan, aldiz, %19koa. Urtero oso antzekoak dira datu horiek. Bi kasuetan emakumeen presentzia txikia da, baina diferentzia bereziki deigarria iruditzen zait Adimen Artifizialeko Gradua Ingeniaritza Informatikoaren espezializazio bat dela kontuan izanda. Alegia, lehenengoa bigarrengoaren irakasgai multzo bat egokituz diseinatutako gradua da. Baina, noski, ez du hitz madarikatua izenean eta tituluaren karga sinbolikoa murriztu egiten da.
Ez da, ordea, fenomeno berria. 1980ko hamarkadan, emakumeak gehiengoa ziren informatikarekin zerikusia zuten ikasketetan. Garai hartan “Informatikako lizentzia” zen tituluaren izena. 1990. urtean “Ingeniaritza Informatikoa” izena esleitu zitzaion, eta kasualitatea edo ez, emakumeen matrikularen beherakada azkar gertatu zen. Zerk azaldu dezake hori?
Hainbat ikerketa eta inkestek erakutsi dutenez, emakume asko ez dira “ingeniaritza” hitza duten ikasketekin identifikatuta sentitzen. Hitzak, tradizioz, irudi maskulinoa gogorarazten omen du, lan teknikoa, mekanikoa edo ustezko gogortasun intelektualarekin lotua. Aldiz, sormen edo diseinuarekin lotutako graduek emakume gehiago erakartzen dituzte, nahiz eta eduki aldetik ingeniaritza baten oso antzekoak izan.
Azken finean, titulu baten izenak ez du soilik bere eduki akademikoa deskribatzen: haren parte izatera deituak izango direnak ere definitzen ditu. Izenak sortzen duen irudia gure bizipenek eta gizarte ereduek eraikitako erradiografia da.
Gauzak horrela, tentagarria da pentsatzea irtenbidea titulazioen izena aldatzea dela. Baina hori baino sakonagoa da hausnarketa. Nire ustez, ahalegin handiagoa egin behar da ingeniaritzaren gizarte-pertzepzioa eraldatzeko: emakume erreferenteak ikusarazi, hezkuntza teknologikoa txikitatik sustatu eta gaitasun teknikoa maskulinitatearekin lotzen duten estereotipoak zalantzan jarri. Erronka latza dugu, baina ezinbestekoa gizarte anitz eta berdinzaleago baterantz jotzeko. •

«Ukrainan ahalik eta bizitza eta azpiegitura gehien salbatzea da garrantzitsuena»

«Etxebizitza iraunkorra eta merkea behar dugu, eta hori gaur egun alokairu soziala da»

Sistema publikoaren gabeziek zaintza akordio pribatuen bidez lotzeko joera indartu dute
