GAUR8

Laudioko Abastos Plazako bi postu berriak lehen sektorearentzat izango dira

Laudioko Abastos Plazak izango dituen saltoki berri biak lehen sektorearentzat izango direla iragarri du Udalak, hurbileko produktuak saltzea helburu duten proposamenei lehentasuna emateko. 2026ko hasierarako aurreikusten da lokalak zabalik izatea.

Basaerriko ogi saltoki bat Laudion, artxibokom irudian.
Basaerriko ogi saltoki bat Laudion, artxibokom irudian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Laudioko Udalak martxan jarri ditu Abasatos Plazan bi saltoki berri jartzeko lizitazioak, eta lehen sektorerako gordeko direla jakinarazi dute Udal Gobernuko iturriek. Helburua da «oinarrizko produktuak saltzea helburu duten proposamenei lehentasuna ematea» eta «hurbileko produktuak eta zero kilometrokoak sustatzea».

Era berean, Udalak jakinarazi du plazan dauden hiru lokalak (Mari Paz urdaitegia, Ana Mari urdaitegia eta Toña arrandegia) 2026. urteko hasieran itzuliko direla jatorriko kokapenera.

Bestalde, jasotako auzokideen proposamenei esker, Udala ideia berriak lantzen ari da goiko aldeko terrazan gune atsegin eta berezi bat egokitzeko.

«Merkatuak herrian duen garrantzia eta presentzia kontuan hartuta, espazioek elkarren arteko harmoniari eutsi behar diotela uste dugu. Gainera, aldaketa hauekin, baserritarren merkatuari bultzada bat eman ahal izatea espero dugu, beraientzako espazio atsegin bat eskainiz», adierazi du Ludi Temiño zinegotziak.

Azokak taberna berria izango du

Abastos Plaza eraberritzeko proiektuaren barruan, taberna berria egiteko proiektua dago, berriro lizitatuko dena, aurreko prozesuan esleipena hutsik geratu baitzen. Arrazoia ekipamenduaren kostua izan zitekeenez, Udal Gobernuak bere gain hartuko du ekipamenduaren egokitzapena.

«Lizitazioaren arabera, ostalariak bertan jarri beharreko materialaren inbertsioa egin behar zuen. Kapital hori amortizatu ahal izateko, kontratuaren luzapena zabaldu zen. Hala ere, lizitaziora ez da inor aurkeztu, inbertsioa handiegia delako. Horregatik, espazioaren hornidura gure gain hartuko dugu, udaleko gainerako ostalaritza-espazioen antzeko formula izango baitu», azaldu du zinegotziak.

Nolanahi ere, tabernaren kudeaketaren arduradunak tokiko produktuak lehenetsi beharko ditu, espazioaren izaera errespetatuz. Hornidura-azoka eraberritzeko proiektua ‘NEXTgeneration’ Europako funtsen dirulaguntzari esker egin da.