GAUR8

Gasteizko Gorbea eremuko saltokiek 2026ko egutegia aurkeztu dute tokiko dendak bultzatzeko

Gasteizko Gorbea eremuko establezimenduen aniztasuna eta bizitasuna erakusten duten hamabi irudik osatzen dute merkatariek aurkeztu berri duten 2026ko egutegia. Merkatariei, ostalariei, zerbitzu enpresei eta bezeroei egindako omenaldia dela azpimarratu du elkarteak, eta galdera bat bota du azalean.

Gorbea inguruko merkatariak, egutegi berriarekin.
Gorbea inguruko merkatariak, egutegi berriarekin. (GASTEIZKO UDALA)

Gasteizko Gorbea eremuko Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen Elkarteak 2026rako egutegia aurkeztu du ostegun honetan. Ekimen horren helburua «hurbileko merkataritzari balioa ematea» da, eta «51 establezimendu kideen aniztasuna eta bizitasuna» islatzen duten hamabi irudik osatzen dute.

Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, egutegiak merkatari bat jasotzen du hilabete bakoitzeko, «auzoan erostearen garrantzia» gogorarazten duen «esaldi motibatzaile» baten ondoan.

Egutegiak dakarren azala nabarmendu dute Udaletik, bertan galdera «probokatzaile, zuzen eta boteretsu» bat botatzen baitzaie herritarrei: «Nolakoak izatea gustatuko litzaizuke zure auzoko kaleak?».

«Egutegi hau gure komunitatea osatzen duten pertsona guztiei egindako omenaldia da: merkatariei, ostalariei, zerbitzu enpresei eta, jakina, bezeroei, euren erosketekin Gorbeia aldeko bihotz ekonomiko eta soziala mantentzen baitute», adierazi du Belen Rivera elkarteko presidenteak.

Egutegia abenduan establezimendu elkartuetan erosketak egiten dituzten bezeroen artean banatuko dute, tokiko merkataritza «aukeratzeagatik» eta «leialtasunagatik» eskerrak emateko.