GAUR8

Emakume italiarrek mendeetan zehar landutako sukaldaritza aitortu du UNESCOk

UNESCOk italiar sukaldaritza aitortzea erabaki du. Sukaldaritza mota hori, mundu osoan zehar ezaguna eta maitatua, ahoz aho emakume italiarren artean zabaldutako tradizio batean oinarritzen da.

UNESCOk Kultura Ondare Immaterial izendatu du sukaldaritza italiarra, erakundeak aitortzen duen lehen estilo gastronomiko osoa bilakatuz. Izendapen honek herrialdean elikagaiak landu, uzta bildu, prestatu eta zerbitzatzea modu tradizionalean egitea sustatzen du. 

Erroman dagoen Da Gildo jatetxean sukaldaritza mota horren gutiziak zerbitzatzen dira egunero, puntarelle alla romana, rigatoni alla carbonara, trippa alla fiorentina... denek sukaldean aritu diren emakumeen tradizioan dute oinarria, eta horiek dira ondarea osatu dutenak, Leonora Saltalippi Da Gildoko jabearen arabera. 

«Mundu osoari innobazioa ekartzen duten txefak trebeak dira italiar sukaldaritzan, baita mendeetan zehar sukaldean aritu diren emakumeak ere, lurrak emandako gauza txikiak bilatuz, mendez mende. Oliba olioarekin hasten den zapore bat da, hura ukitzen duen guztira zabaltzen dena», dio Saltalippik. 

Honen iritziz, «sukaldaritza italiarraren magia, gauza txikietatik, elementu txikietatik, lurraren zapore txikietatik» sortzen da. «Honek egiten du italiar sukaldaritza berezia eta, batez ere, anitza. Palermon emakume guztiek dute euren familiako errezetaren bat, ahoz eta ekinez ikasia, inon idatzi gabe. Sukaldeko emakumeen ikuspegitik sortutako ondarea da», adierazi du.

Italiar sukaldaritza mundu mailan ezagunetarikoa da, hala da, baina zer bilatzen dute turistek Italiara joaten direnean? Naomi King Floridako turista eta Da Gildoko bezeroak argi du: «Osagai xinpleak, ondo eginak eta fresko mantentzen direnak. Bertako barazki eta fruituekin egindako guztia maite dut. Badakite nola erabili osagaiak zerbait berezia prestatzeko. Idi-buztan gisatu bat jan berri dut, eta ehun aldiz gomendatuko nuke. Beraz, nire ustez, italiar janaria munduko janaririk onenetakoa da zaporeari dagokionez».