GAUR8

‘Gabonak Zuretzat’ programak ehunka jarduera eskainiko ditu Donostiako 16 auzotan

Asialdiko elkarte eta taldeekin diseinatuta, ‘Gabonak Zuretzat’ programa jarriko du abian Donostiako Udalak haur, familia eta gazteentzat 16 auzotan. Askotariko tailer, ikuskizun eta antzezlan daude programazioian, larunbat honetan bertan hasiko dena.

Larunbatean jarriko dute martxan programazioa.
Larunbatean jarriko dute martxan programazioa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako Gazteria udal erakundeak ‘Gabonak Zuretzat’ programa diseinatu du aisialdiko eta denbora libreko elkarte eta taldeekin, Donostia Kulturarekin eta hiriko beste eragile batzuekin, eta ehunka jarduera eskainiko ditu haur, familia eta gazteentzat hiriko 16 auzotan.

Horrela, azaldu dutenez, herritarrek askotariko tailer, ikuskizun eta antzezlanez gozatu ahal izango dute abenduaren 13tik urtarrilaren 5era bitartean.

«Donostiako Gabonak topaketa, sormen eta dibertsio partekatuko garaia izatea nahi dugu. ‘Gabonak Zuretzat’ txikienek eta gazteek beraientzat, beren auzoan eta beren jendearekin pentsatutako jarduerez gozatzeko aukera paregabea da, elkartasuna, laguntasuna eta irudimena bezalako balioak sustatuz», adierazi du Iñigo Garcia Villanueva Donostiako Udaleko Gazteria zinegotziak.

Adingabeek aisialdia modu dibertigarrian hartzea eta ohitura onak hartzea lortu nahi da, «kontsumistak ez diren klabeetan gozatuz». Helburu horiek ikasteko eta sorkuntza eta bizikidetza bezalako balioak garatzeko aukerarekin osatuko dira.

Programak eskaintza ludiko eta kultural zabala eskainiko du, eta bi liburuxkatan bildu da, adin tarteen arabera banatuta: 'Haurrak', haurrentzako (0-11 urte) eta familientzako jarduerekin, eta 'Gazteak', gazteentzako proposamenekin (12-30 urte).

Bi liburuxkak sarean aurki daitezke: https://labur.eus/Gabonakzuretzathaurrak eta https://labur.eus/GabonakzuretzatGazteak. Gainera, ‘Haurrak’ liburuxka doan banatu da haur eta lehen hezkuntzako ikasleen artean eta hiriko gune estrategikoetan.

Programazioaren barruan, tailerrak, ikuskizunak, kirol eta kultur jarduerak, bisita gidatuak eta proposamen berritzaileak (robotika, errealitate birtuala edo familiako txangoak) daude.

Gainera, aurten bi kirol instalazio berri aurkezteko ekitaldi bereziak egingo dira, Auzoko Ahotsak haurren parte hartzerako elkarteak bultzatuta: Bidebietako kalistenia gunea eta Herrerako teqball mahaia.