GAUR8

1961eko itsas denboralearen testigantza bat gaurko Zebrabidean

Aste honetako GAUR8 astekariaren aurrerapen txiki bat egin dugu Zebrabidea irratsaioan. Anton Abaroa Lekeitioko itsasgizonari egindako elkarrizketa nabarmendu dugu, zehaztapen zorrotzez gogoratzen baitu 1961ean Bizkaiko golkoa astindu zuen enbata. 13 urte zituen orduan eta itsasoan zegoen lanean.

Anton Abaroa lekeitiarra umetan hasi zen herriko Aitta Guria arrantza-ontzian lanean. 1961eko uztailaren 12ko ekaitzak, Bizkaiko golkoan XX. mendean izan den hilgarrienetako batek, itsasoan harrapatu zuen eta mirariz salbatu zuen bizia, Getariako ontzi bateko tripulazioaren ahaleginari esker. Aitta Guria ontziko gizon guztiak bizirik itzuli ziren Lekeitiora, baina denboralean 83 lagun hil ziren, tartean Euskal Herriko hamalau, horietatik lau lekeitiarrak. Bizipen gogor hari buelta emanda, Abaroak erretiratu arte egin zuen lan itsasoan eta, gaur egun ere, arrantzan irteten da bere txalupa txikian. Hala ere, xehetasun handiz gogoratzen ditu 13 urterekin bizi izandakoak. 

Enbata haren erdian bizitu zuen pasartea oso garden dauka oraindik buruan: «‘Ballestrinke’ izeneko korapiloagaz lotu ninduten eta ez zen ideia ona izan, tiratu ahala estutu egiten delako. Kortxozko flotadore biribil bat jarri zidaten inguruan eta esan zidaten: ‘Egin dzanga Lekitton egiten duzun moduan’. Eta nik buruz behera salto, baina ez nuen hori egin behar, ze flotadoreagaz eta txikota zelan zegoen lotuta, burua ur azpian geratu zitzaidan, ezin aterata. Niretzat hor gaua egin zen. Beste ontzitik tiraka hasi ziren, baina nik ezin nuen arnasa hartu; bost bat minutu egin nituen buruz behera. Itsasoko ura tragatzen hasi nintzen, gatzak erre egiten zidan eztarria. Hil egin nintzen, badakit zer den hiltzea. Neure buruari esan nion trankildu egin behar nintzela eta, momentu batean, ‘bai ederto nagoena!’ pentsatu nuen: huraxe zen heriotza. Konortea galdu nuen».