
Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren omenezko 2026ko Arabako Jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketaren deialdia egin du. Ekimenaren helburua da parte hartze artistikoa sustatzea, diseinatzaile gazteen sormena babestea eta lurralde historikoko jai hain esanguratsu horien irudia zabaltzen laguntzea.
Foru erakundeak jakinarazi duenez, lehiaketaren deialdiak bi kategoria ezartzen ditu: Orokorra, edozein pertsona fisikori irekia, eta Gazte, arteekin edo diseinuarekin lotutako ikasketa ofizialak egiten ari diren edo egin dituzten 25 urtetik beherakoei zuzendua. Berritasun gisa, Gazte kategorian parte hartzen dutenek kartel bat baino gehiago aurkez dezakete aurten.
Sariei dagokienez, 3.500 euro banatuko dira. Kategoria orokorreko bost hautagai finalistetako bakoitzak 350 euro eskuratuko ditu, eta Gazte kategoriako proposamen irabazleak ere 350 euro jasoko ditu. Lehiaketa irabazten duen kartelaren egileak 1.400 euroko saria jasoko du, eta zenbateko hori, hala badagokio, finalista gisa edo Gazte kategorian lortutakoari gehitu, eta guztira 1.750 eurokoa izango da. Sari guztiek dagokien atxikipena izango dute.
Kartelek honako testu hauek izan beharko dituzte, euskarazkoari lehentasunezko tokia emanez: ‘ARABAKO JAIAK San Prudentzio eta Estibalizko Andre Maria Apirilak 28 - maiatzak 1 / 2026’ eta ‘FIESTAS DE ÁLAVA San Prudencio y Nuestra Señora de Estíbaliz 28 de abril - 1 de mayo / 2026’.
Kartelak 2026ko urtarrilaren 26ko 23.59ak arte aurkez daitezke Arabako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre Erregistro Orokorrean.


