GAUR8

Landa eremuko emakumeen memoria eta ahotsak biltzen dituen erakusketa ireki dute Gasteizen

Amarika aretoan, otsailera arte ‘Lur gainean, itzal azpian’ erakusketa dago ikusgai, herri txikietako emakumeen memoria eta ahotsak aldarrikatu eta estereotipoekin apurtzen dituena. Ahotsen eta ikuspegien aniztasuna ikustarazten duten mikro-kontakizunak eta irudiak dira protagonistak.

Irudian, erakusketaren aurkezpena Gasteizen.
Irudian, erakusketaren aurkezpena Gasteizen. (ARABAKO FORU ALDUNDIA)

Gasteizko Amarika aretoak ‘Lur gainean, itzal azpian’ erakusketa izango du ikusgai 2026ko otsailaren 1era arte. Landa eremuko emakumeen memoria eta ahotsak aldarrikatzen dituen eta haien inguruan historikoki izan diren estereotipoei, ikusezin bihurtzeari eta iruditeriari buruzko gogoeta eta eztabaida egitera gonbidatzen du  erakusketa.

Leire Milikuaren saiakeran oinarrituta, erakusketak literatura eta argazkia lotzen ditu, emakumezko artistek egindako mikro-kontakizunen eta irudien bitartez, zehaztu dute Arabako Foru Aldunditik.

Hain zuzen, Yohana Baena Hernandez, Sara Berasaluce Duque, Ana Blanco Jimenez, Ani Chkhartishvili, Yone Estivariz Urraca, Ana Garcia Hermoso, Eneritz Uriarte Maeso eta Mary Zurbano Gauna argazkilarien irudiak «solasean ari dira» Arantza Cordero, Angela Mallen, Carmen San Esteban eta Susana Teruelo Perezek eta proiektuko beste partaide batzuek sortutako literatura-testuekin.

Oro har, landa ingurunean bizi diren eta ingurune hori eraikitzen duten emakumeen ahotsen eta ikuspegien aniztasuna ikusarazteko, entzuteko eta aldarrikatzeko espazioa eskaintzen du erakusketak, «haren presentziaren, narratiben eta paisaien balioa nabarmenduz».

Arabako Argazkilarien Elkarteak antolatu du erakusketa, Ana Garcia Hermoso lehendakariaren koordinazioarekin, eta hainbat lagunen eta Arabako Foru Aldundiaren lankidetzari eta konpromisoari esker.

«Azken finean, ‘Lur gainean, itzal azpian’ landa eremuko emakumei eta haien ondareari egin nahi zaien omenaldia da. Iraganari begiratzeko espazio bat, oraina eta etorkizuna bistatik galdu gabe: memoria, aitorpen eta sorkuntza partekatuko ariketa bat», adierazi dute erakusketaren sustatzaileek.