Giza eskubideen hilkutxaren azken iltzea
Erredundantea suerta liteke esatea aste honetan Israelgo erregimenak beste marra gorri bat zeharkatu duela, baina halaxe da. Asteartean, armada sionistako gudaroste batek Nazio Batuen Erakundearen egoitza bat mendean hartu zuen. Erakundearen errefuxiatuentzako agentziak Jerusalem Ekialdean dituen bulegoetan sartu, materiala ostu, langileak jazarri eta Nazio Batuen bandera urdina lapurtu zuten soldaduek, haren ordez ikur sionista altxatzeko. Gertaera, gatazka administratibotik harago, nazioarteko zuzenbidearen aurkako eraso iraingarria da, eta konstatazio argia: Bigarren Mundu Gerraren ondotik herrialdeen arteko harremanak arbitratzeko sortu ziren erakundeenak egin du.
Francesca Albanesek deskribatu zuen nazioarteko erakundeen kolapsoa esanez Palestinako genozidioa azken iltzea dela Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren hilkutxan. Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen kontalaria nabarmendu da Israelgo erregimena Palestinan gauzatzen ari den genozidioa irmotasunez salatzeagatik, eta genozidio hori posible egiten duten eragile politiko eta ekonomikoak jomugan jartzeagatik. “Okupazioaren ekonomiatik, genozidioaren ekonomiara” izeneko txostenean, Albanesek genozidioari etekina ateratzen eta laguntzen dioten enpresen jarduera salatu zuen, besteak beste, CAF konpainiarena; izan ere, Beasaingo enpresa 2019tik ari da Jerusalem Ekialdeko kolonizazioari iraunkortasun-bermea ematen dioten azpiegiturak eraikitzen.
Eta gauzak zer diren, asteazkenean bertan Rene Cassin Sarien banaketan Eusko Jaurlaritzak Albaneseren jarduna saritu du, Giza Eskubideen defentsan erakutsi duen adoreagatik. Bitartean, CAF konpainia okupazioaren ekonomiari laguntzen dioten enpresen Nazio Batuen Erakundearen datu-basean sartzearen erantzule nagusia saritzearekin batera, trengintza konpainia diru-funts publikoz hornitzen jarraitzen du. Ezin da zinikoagoa izan. Litekeena da Palestinako genozidioa nazioarteko zuzenbide humanitarioaren amaiera izatea, baina Euskal Herrian seriotasun politikoaren hilkutxaren azken iltzea da. •

Euskal ahotsak behar dituzte, Adimen Artifizialak euskara ulertzeko trebezia hobetu dezan

Manuel de Ynchaustik 34 ume babesteko sortu zuen Lapurdiko koloniaren historia

Emakumeek Internet bidez jasaten duten indarkeria arazo larria da Mexikon

