Saskibaloi jokalari atzerritarrak, Gabonak ere gure artean
Saskibaloiak ez du etenik egiten lehiaketa nagusietan Gabon garaian, eta talde indartsuenetan dabiltzan atzerritarrek ez dute etxera itzultzeko aukerarik izaten. Horietako hiru dira Sami Hill kanadarra (Araski), Helmi Tulonen finlandiarra (IDK) eta Tryggvi Hlinason islandiarra (Bilbao Basket).

Eliteko kirolari loturiko idatzi gabeko arauak ikuskizunak segi egin behar duela dio eta ondorioz, Gabonak iritsi arren, ia ez da lehiaketarik gelditzen. Saskibaloiaren kasuan, egia da abenduaren 24an eta 25ean ez dela partidarik Europan -NBAn oso estimatua izaten da Eguberri eguneko jardunaldia-, baina bezperako egunetan zein hurrengoetan ez da gupidarik izango: lehia lehia da eta, hala, euskal taldeetan jokatzen duten atzerritarrek ez dute beste erremediorik hemen geratzea baino, eliteko kirolak ezartzen dituen baldintza guztiak aintzat hartuta jai egunak igarotzeko. Nolanahi, Eguberriak Eguberri dira kirolarientzat ere, eta, modu batera ez bada bestera, ospatu, ospatuko dituzte.
«Interruption of the system deitzen diot honi. Hutsarte guztiak ez dira teknikoak edo jokalariak animatzeko edo espabilatu daitezen builaka hastekoak. Saskibaloiarekin zerikusirik ez duen galderaren bat egiten diet jokalariei. Adibidez, ‘zer egingo duzu oporretan?’, une batez jokoa albo batera utzi eta pentsamenduak garbitzeko». Hala zioen Andrea Trinchieri Euroligan eskarmentu latza duen entrenatzaile italiarrak, hutsarteak nola antolatu eta lantzen dituen azaltzeko.
Bada, Gabonak gainean ditugula, “sistema etetea” dagokigu guri ere, albo batera utzita hurrengo partidaren irabazi beharra, sailkapen nagusiak ezartzen duen presioa, Kopa lortzeko arerioek zer egiten duten jarraitu beharra… Horrenbestez, honakoa galdetu diegu IDK Euskotren taldeko Helmi Tulonen, Kutxabank Araskiko Sami Hill eta Surne Bilbao Basketeko Tryggvi Hlinason jokalariei: «Aurten Gabonak etxean pasako al dituzu?». Elkarrizketa hauek egiteko sasoian, oraindik Eguberri jaiek egutegiak ezarritako mugarri bat ziruditen, baina gutxi edo gehiago, jokalariek presente izan dituzte abenduaren 24ko eta 25eko ospakizunak, saskibaloi liga txapelketek beta larregirik ez dietela utziko jakinaren gainean egon arren. Gizakiak bere lanaz gain, zer ospatua ere behar duelako eguneroko bizitzari aurrera egiteko.
BIDAIA LUZEA DENBORA URRIRAKO
Aurreneko erantzuna, esperotakoa: irribarrea eta buruaz ezezko keinua. «Duela zortzi urte ez ditudala Gabonak etxean pasatzen!», dio Hlinason Bilbao Basketeko kapitainak. «Akureyrikoa naiz, Islandia iparraldekoa, eta, hemendik hegazkina hartuta, zortzi ordu inguruko hegaldia dago Reykjavik hiribururaino. Akureyrira iristeko onena, gaua Reykjaviken pasatzea eta biharamunean beste hegaldi bat hartzea da. Islandian Gabon jaiak esan liteke azaroaren erdialdean hasten direla, udazkenak eta neguak aurrera egin ahala hotz handiagoa eta eguzki argi ordu gutxiago ditugulako. Gustura joango nintzateke etxera, baina ez dauka zentzurik bi eguneko bidaia egiteak familiarekin jatordu bat partekatu eta berriro buelta egiteko. Askoz hobe da berton geratzea eta taldekideekin eta lagunekin hementxe bertan familia giroa sortzea, gehienak urrunetik baikatoz eta egoera berean baikaude», azaldu du Islandiako pibot erraldoiak.

«Alemanian edo Frantzian jokatzen nuenean asti gehiago izaten nuen eta orduan bai, orduan Toronton egun batzuek egin nitzakeen, etxekoak ikusi, lagunekin egon eta haiekin gozatzeko. Baina badakizu kirolariaren bizitza nolakoa den. Gasteizen oso gustura nago, baina ez dut Torontora joan-etorririk egiterik, kirol egutegiak ez digulako horrelako tarterik uzten», dio Sami Hill Kutxabank Araskiko kanadarrak, irribarrea ezkutatu gabe, nolanahi.
«Hemen igaro nituen aurreneko Gabonetan nire familiaren zati handi bat hona etorri zen eta joan zen urtean nire senarrak ere etorri ahal izan zuen. Egia da batzuetan zaila dela, Gabonak gogokoen ditudan sasoietako bat direlako, baina jokalariek ere geure artean elkarrekin ospatzen ditugu eta eramangarriago egiten du horrek».
Donostiara iritsi berria da Helmi Tulonen, nahiz eta duela pare bat urte Galdakaoko Ibaizabal taldean eman zuen denboraldia. Bere kasuan, baina, Finlandiara joateko aukera izan du orain artean. «Ameriketako Estatu Batuetan izan nintzenean kenduta -Pittsburgh hirian dagoen Duquesne Unibertsitatean-, gainerakoan etxean eman ahal izan ditut Gabonak. Beraz, kirolari profesionala izanagatik, Gabonen oroitzapen bikaina daukat (barreak), eta, gainera, etxetik kanpo pasa nituen Gabon jai horietan etxekoak etorri zitzaizkidan konpainia egitera», dio Donostiara azaroan heldu zen pibot finlandiarrak.
MOMENTUAZ GOZATU
Jakina da saskibaloi lehiaketetako egutegiak oso estuak direla, denbora epe laburrean partida asko jokatzen direlako eta neurketak ez ezik, bidaiak ere gehitu behar direlako. Horrek jokalariak taldekideekin denbora luzean egotera behartzen ditu eta, noski, horrek kideen artean harreman ona sorraraztera bultzatzen ditu jokalariak, ez kantxa barruan bakarrik, baita kantxatik kanpo ere, bai behintzat taldean giro onik izango bada.

«Jakizu, ni artzaina naiz bihotzez eta Gabonetan arkumea bezalakorik ez dago», dio Hlinasonek, harro. «Eguberriak bizitzeko orduan taldekideen artean familia bat sortzea niretzat ezinbestekoa da. 2017an, 20 urte nituela, nire lehenbiziko esperientzia bizi izan nuen etxetik urruti -Valentzian-, baina ez zitzaidan horren astuna iruditu, besteak beste egun nire emaztea dena alboan izan nuelako».

«Hurrengo urtea askoz zailagoa egin zitzaidan! Baina handik aurrera, batez ere Zaragozan eta Bilbon, denbora gehien eman dudan bi proiektuetan, taldekideekin elkartu eta egun hauek ahalik eta ondoen pasatzen ahalegintzen naiz, familia giroa sortzen. Batzuek nahiago dute ordenagailuaren bidez etxekoekin hitz egitea, eta tira, arazorik ez daukat horrekin. Niri ere duela pare bat urte, sei urtez etxekoekin Eguberriak pasa gabe eman eta gero, familia etorri zitzaidan eta benetan pozgarria izan zen. Baina, bestela, kideon arteko lotura oso baliotsua dela uste dut, bakoitzak atzetik esperientzia bat duelako, familiari eta bere lurrari atxikia», dio islandiarrak.
Beste hitz batzuekin, Sami Hill eta Helmi Tulonen ere antzera mintzo dira. «Izatez oso familia zalea naiz, baina, badakizu, bidaiatzeko prest egon behar du kirolariak, baita etxetik kanpo denbora luzez egoteko ere. Horregatik ere bada hain berezia Gabon jaietan etxekoekin egotea, eta, ezin bada, taldekideekin. Egia da Torontora joan ahal izan dudanetan, maleta opariz beteta eraman dudala eta horrek ere ilusio berezia piztu izan didala, baina ezinezkoa den kasuetan, gozatzea da kontua, egun hauek ahalik eta alaien pasatzea», nabarmendu du baikortasunez Sami Hillek.
«Agur sailkapenak, azken partidak edo janariarekin argi ibiltzeko gomendioak! Egun horiek ospatzeko dira. Izango da gero ere nahikoa denbora liga txapelketari, hurrengo arerioei eta sasoiari erreparatzeko! Bizitzeko modurik onena uneaz gozatzea da; are gehiago Eguberrietan, batez ere denbora askorik ez duzunean», gaineratu du Helmi Tulonen jokalari finlandiarrak.
Elkarrizketa egiteko garaian oraindik begiratu gabeak zituen arren, hegazkinen ordutegiak lotzeko orduan fin ibiltzen dela onartzen du IDK Euskotren taldearen azken fitxaketak. «Joan-etorria egiteko denborarekin mugitu behar da, bestela arazo handiagoak izaten dira joateko eta itzultzeko bidaiak hartzeko orduan», azaldu du.
«Momentua bizitzea», horra jokalari atzerritar guztiek azpimarratzen duten leloa. «Postreen oso zalea naiz eta ez diot nire buruari ezetzik esango Gabonetako postre gozo batik kosk egiteko orduan! Egun hauetan egin dezakezun onena beste guztiaz ahaztea da. Egia da liga txapelketan postu onean bazaude lasaiago zaudela azken postuetan zaudenean baino, guri iaz gertatu zitzaigun moduan. Baina sailkapenean ondo zein gaizki egon, taldearentzat eta zure buruarentzat ere, egin dezakezun gauzarik onena jai egun hauetan ondo pasatzea da», azpimarratu du Sami Hill Torontoko gasteiztarrak. «Lehiaketa berehala iritsiko da, baina pentsamenduak garbi izatea komeni da, opor egun labur hauek ahal bezain ondo baliatu eta berriro lehiaketara itzultzean topera egon ahal izateko, mentalitate egokienarekin», gaineratu du.
ESPERIENTZIA BEREZIAK
«Kultura eta mentalitate ezberdineko jendearekin pasa izan ditut Gabonak urte hauetan guztietan. Iaz Tomasz Gielo eta bere emaztea -poloniarrak biak- eta Ruben Dominguez eta bere neska-laguna -andaluziarrak- nirekin eta nire emaztearekin -islandiarrak- elkartu ziren. A zer nolako saltsa!», onartu digu Tryggvi Hlinasonek, irribarrez. «Esaterako, bakoitzak Gabonetan ohikoa duen jakiren bat prestatuta ekartzea adostu genuen eta, joño, ederra izan zen», azpimarratu du.

«Esan dezatela nahi dutena klubetik zaindu behar dugula eta abar! Aizue, egun horiek gozatzeko dira eta ospakizunak gogotik bizi behar dira. Gainera, esan dudan bezala, Islandian ia azaroaren erdialdetik aurrera ospakizuna prestatzen hasten gara argi orduak murrizten direlako, beraz, niri berez dagozkidanak baino egun gutxiago ospatzen ditut [barrezka], nahiz eta saskibaloiari lotuta daukadan ogibide honekin ez nagoen kexatzeko».
«Momentu hauek gogotsu bizi behar dira. Niri leku baten denbora tarte luzeak egitea gustatzen zait, proiektuak garatzen laguntzea hiri batetik bestera dantzan ibiltzea baino. Egia da, nolanahi, kirolariok maleta beti erdi eginda izan behar dugula, beste norabait joatea lehenago edo geroago gertatuko den zerbait delako. Baina Bilbon oso gustura eta pozik nago, jendeak bikain tratatu nau eta hori Eguberrietan taldekideekin edota gurasoekin egotean ere islatu behar dela uste dut, momentuaz gozatzeko unea delako», dio Hlinasonek, umoretsu baina ideiak garbi dituela.

Islandian, Finlandian eta Kanadan Euskal Herrian baino elur askoz gehiago izaten dute normalean, eta, elur faltarena ez ezik, aspaldian ikusi gabeko lagunena ere antzemango dute. «Egun gutxi ematen ditugu etxean, eta, joaten garenean ere, sarri agenda bete xamar izaten dugu, ikusi nahiko zenukeen jende dezente dagoelako», dio Helmi Tulonenek.
«Gazteago nintzenean agenda askoz estuagoa izaten nuen; egun libre gutxi eta ikusi beharreko lagun mordoa!», dio, bestalde, Sami Hillek. «Orain familiarekin egoteko hautua gailentzen da, aspaldion ezin izan bainaiz Torontotik azaldu. Urtean zehar egongo dira beste momentu batzuk lagunei bisita egiteko», gaineratu du eskolta kanadarrak.
Noski, beste esparruetan bezalaxe, izango dira Gabonak gustuko ez dituzten kirolariak ere, baina ez da gure protagonisten kasua. «Oso gustukoa dut Eguberriak ospatzea, nahiz eta gure amari lasai ibiltzeko eskatu behar zaion opariak ekartzeko orduan! Sukaldea berak atondu zigun ia, eta gero batetik bestera joatea tokatzen denean, gauza asko ezin dira aldean eraman! Berezia da beti sasoi hau, baina gauza bat dauka ona: kanpoan zaudenean hemengo jendeak berotasuna ematen dizu, eta, era berean, azken batean, etxekoen berotasuna are gehiago eskertzen duzu», amaitu du Tryggvi Hlinasonek.

Euskal ahotsak behar dituzte, Adimen Artifizialak euskara ulertzeko trebezia hobetu dezan

Manuel de Ynchaustik 34 ume babesteko sortu zuen Lapurdiko koloniaren historia

Emakumeek Internet bidez jasaten duten indarkeria arazo larria da Mexikon

