GAUR8

EHUk bere hezkuntza eskaintza aurkeztuko du ostegunean Donostian, aurrez aurre eta sarean

Unibertsitate ikasketak egin nahi dituzten batxilergoko eta goi mailako zikloetako ikasleek EHUren Gipuzkoako Campuseko hezkuntza eskaintza ezagutzeko parada izango dute ostegun honetan. Aurrez aurreko saioa izango da Donostiako Carlos Santamaria zentroan, eta online jarraitu ahalko da.

EHUko Gipuzkoako Campusaren eskaintza aletuko dute ekitaldian.
EHUko Gipuzkoako Campusaren eskaintza aletuko dute ekitaldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzako ordezkariak Donostiako Carlos Santamaria zentroaren areto nagusian izango dira ostegunean, abenduaren 18an, unibertsitateari buruzko informazio orokorra emateko. Ekitaldia elebiduna izango da eta online ere jarraitu ahal izango da.

EHUk jakinarazi duenez, jarduera 12.30ean hasiko da eta batxilergoko eta goi mailako heziketa zikloetan matrikulatutako ikasleentzat eta beren gurasoentzat nahiz orientazioan edo irakaskuntzan diharduten eta EHUri buruzko informazio orokorra jaso nahi duten guztientzat da.

Mota honetako saioen helburua EHUren eta etorkizuneko unibertsitate ikasleen arteko lehen harremana bideratzea da. Era berean, unibertsitateari buruzko informazio orokorra eman eta ikasleen intereseko unibertsitate-ikasketei buruzko erabakiarekin zerikusia izan dezaketen zalantzak eta galderak argitu nahi dira.

Sarrera irekia izango da aretoko eserleku guztiak bete arte, eta sarean jarraitu ahal izango da https://ehutb.ehu.eus/canal1 estekaren bidez; web bidez jarraitzeko ez da izenik eman behar, eta nahikoa da esteka klikatzearekin. Aurrez aurreko saioan ere ez da izenik eman behar.