GAUR8

Amaitu dira itxurakeriak: Trumpek Venezuelako petrolioa nahi du kosta ahala kosta

Donald Trumpen gobernuak ez ditu jada bere helburuak ezkutatzen Venezuelarekiko, eta azken asteetako narkotrafikoaren aurkako gerraren erretorikaren ostean, Nicolas Maduro agintetik kanpo nahi duela onartu du Washingtonek, eta horrekin batera Venezuelak dituen petrolio erreserbak kontrolatu.

Irailaren 2tik ustezko narkotrafikatzaileak direlakoan AEBko armadak 95 lagun hil ditu Karibe Itsasoan, baina ez dago modurik frogatzeko ontzi horietan zeuden pertsonak zertan ari ziren eta AEBko agintariek ez dute froga bakar bat ere eskaini.

Bada, drogen aurkako gerra eredu berri bat baino, azken egunetan frogatzen ari da Washington betiko interes geopolitikoen atzetik dabilela. "Vanity Fair" aldizkariari emandako elkarrizketan argiki esan du Susi Wiles, Etxe Zuriko gabinete buruak, «itsasontziak bonbardatzen» jarraituko dutela «Madurok amore eman arte». Elkarrizketa berberean iradokitzen du «lurrezko erasoa egiteko aukera» aurreikusi dutela, baina ekintza horiek legezkoak izateko «kongresuaren babesa» beharko luketela, onartuz ondorioz, gerra-ekintza bat litzatekeela.

Testuinguru honetan beste urrats bat eman zuen AEBko Gobernuak pasa den astelehenean, iragarriz «Venezuelan sartu eta bertatik ateratzen diren petrolio-ontzi zigortu guztiak erabat blokeatu dituela». Izan ere, Trumpek ez du gehiago ezkutatzen munduko petrolio erreserbarik handiena kontrolatu nahi duela.

Venezuelako Gobernuak kendu zizkien «petrolio eskubideak» itzultzeko exijitu du Trumpek, nazioarteko legedian halako eskubideei aipamenik egiten ez zaien arren. Modu irekian esan du gainera Trumpek, petrolio asko zutela herrialdean, eta berriz ere honen kontrola nahi dutela, Venezuelako lurretan dagoen petrolioari erreferentzia eginez.

Nazioarteko zuzenbidearen urraketarik ez dutela onartuko esanez, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak agindu du herrialdeak egindako inportazio eta esportazio guztiak mantenduko dituztela eta mezu zuzena bota dio Trump administrazioari. Madurok argiki esan du ez dutela onartuko beren herrialdea AEBn kolonia batean bilakatzea.