«Beste modu batera sartu naiz finalera, txapelaren ametsak ez du ezinezkoa ematen»
Abadiño, 1996. 2014tik Bizkaiko Txapelketa guztietan parte hartu du, eta 2018an eta 2021ean finalista izan zen. Hirugarren finala du. Oso goitik aritu da txapelketa osoan, anbizioz igoko da Casillako oholtzara.

Finalean zaude.
Poz handia ematen dit, eta baita lasaitasuna ere.
Finalaren zain normalean baino aste gehiago eman dituzue. Pentsatzekoa da ez dela itxaronaldi samurra.
Egia esan, ez. Normalean bi aste inguruko itxaronaldia izaten da eta aurten, nire kasuan, bost astekoa. Bost astez burua tentsioan mantentzea ez da posible, eta, posible bada, ez da osasungarria. Lehen bizpahiru asteetan apur bat trankilago egon naiz, bertsotan asko egin gabe. Eta azken bi asteetan berriro pixka bat estutuz.
Hirugarren finala izango duzu. 2018an eta 2021ean finalista izan zinen. 2023an, finalaren atean geratu zinen. Pentsatzekoa da aurten gose berezia zenuela finalerako.
Bai. 2023ko txapelketara aurreko bi finaletan kantatuta nindoan eta, nahiz eta sekula ez den jakiten, espero nuen saio txukun bat eginda aurrera egitea. Ez nuen lortu nirerik ematerik eta ez nintzen pasa finalera. Arantza hori baneukan, baina kendu dut.
Ondo kendu gainera. Puntuazio onena finalaurrekoetan.
Egia esan, bai. Arantza ondo kenduta dago, dagoeneko ez dago orbanik ere.
Hartara, txapelari begira?
Aurreko bi finaletan ez naiz horrela joan, anbizio handiz. Gehiago izan da finalerdietan egin behar zena egin, finalera sailkatu eta apur bat tentsioak ahaztu eta gozatzen saiatzera joan. Egia da aurten beste modu batera sartu naizela finalera, eta amets horrek ez du ezinezkoa ematen. Saiatzera behintzat joango naiz.
Zure izena dabil faboritoen zerrendan. Horrek zama ekartzen dizu edo aupatu egiten zaitu?
Bertso munduan ez ditugu komunikabideak egun osoan gainean, debate publikoan ez da oso presente egoten; beraz, ez naiz kontziente zenbateraino egon daitekeen nire izena kinieletan. Zama handirik ere ez dut sentitzen. Baina egia da beste txapelketa batzuetan baino presio gehiagorekin joango naizela finalera.
2018ko eta 2021eko finaletako Aitor Bizkarra eta aurtengoa desberdinak dira. Zein marka egin nahi diozu finalari?
Bertsotan ez da erraza norberak kantatu gura lukeena kantatzea. Aurretik ez dakizu zein gai etorriko zaizun, eta, behin gai hori etorrita, neurrietan eta errimetan sartzea ez da erraza izaten. Askotan buruak lehen ideiara eramaten zaitu eta normalean lehen ideia hori ez da izaten zure ideiarik kritikoena. Gai bakoitzari ertza atera nahi nioke nire ikuspegi ideologikotik edo ahalik gertuenetik behintzat. Ikusiko dugu zertarako gauza garen.
Casillan, toki berria. Horrek motibazioa pizten al du?
Bai. Miribilla ere leku elegantea da, baina aurkezpenean Casillan egon ginen eta badauka bere xarma. Aurretik sekula egon gabea nintzen eta segur aski ez naiz berriro egongo finala eta gero ere, pentsatzen dut eraitsi egingo dutela.
Nolakoak izaten dira azken asteko bertso eskolak?
Egunaren arabera. Ondo irteten zaizuenean, etxera pozik eta trankil joaten zara. Eta, batzuetan, horrelako saio handi baten aurretik, bertso eskola negargarri bat egitea ere tokatzen da, eta horrelakoetan zalantzan jartzen hasten zara zertarako gauza zaren eta zertarako ez. Egun delikatuak izaten dira.
Txapelketa prestatzeko bakarkako lana ere garrantzitsua izaten da, norbere buruarekin egotea.
Bakarkako lana gauza asko izan daitezke. Nik aurten bereziki ez dut egin koaderno lanari dagokion bakarkako lanik. Baina egia da beharrezkoa izaten dela kontzentrazioa mantentzea eta, ahal den neurrian, buruan sartzen duzun informazio guztiari bertsolariaren ikuspegitik begiratzea. Eta, gero, haizea hartzeko paseo batzuk. Hori da nire aurtengo bakarkako lana.
Casillako oholtzara igotzean, zer esango diozu zure buruari?
Ba ariketaz ariketa ahalik eta kontzentratuen egon dadila esango diot. Ez dut beti lortu izan oholtzan ariketaz ariketa kontzentratuta egotea. Aurten, lortzen ari naiz eta horixe eskatuko diot nire buruari finalean.
Begira gaudenontzat txapelketa gozamena da. Bertsolariarentzat, ez beti.
Bai, tentsioa eta sufrimendua ere ekartzen ditu. Klixe moduko bat da “gozatzera joango naiz” hori. Parte inportanteena gozaraztea da. Norberak gozatzeko momentua saioa amaitutakoan etorriko da.

Emakumeek Internet bidez jasaten duten indarkeria arazo larria da Mexikon

«Arlo ekologikoan gauza batzuk oso azkar, anbizioz eta eskala handian egin behar dira»

Gatza duen mendia

