Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Txaber Altube Sarrionandia
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalista

«Finala poz handi batekin baina arduraz bizi dut, badakit eta zer den atean geratzea»

Abadiño, 1996. Laugarren aldiz kantatuko du Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, eta estreinakoz zapalduko du finaleko oholtza.

Txaber Altube Sarrionandia.
Txaber Altube Sarrionandia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)
Estreinakoz izango zara finalean. Zer moduz zaude?

Poz handia dut, urteetan bilatu izan dudan zerbait izan delako, eta lortu dudalako azkenean. Aspaldiko partez lehenengoz txapelketari horrelako kariño bat hartu diot, orain arte asko sufritu dudalako bide honetan, eta ikusten dudalako aurten ez bakarrik finalean sartzea, txapelketari ere tamaina hartu diodala; gustura aritu naiz.

Lehenengo finala izatea poz handiz bizi dut, baina beste alde batetik arduraz ere bizi dut final hau, badakidalako zer den finaleko ateetan geratzea. Ez bakarrik nire buruarekiko eta publikoarekiko, hor geratu direnentzat ere final on bat egin nahi dut; hemen ez da biderik bukatu. Askotan esaten da jada finalean ez duzula ezer galtzeko, ba nire ustez final txar bat bada galtzea, eta ez nuke hori nahi.

Goiko postuetan ikusi zaitugu, nolakoa izan da bidea?

Lekeitioko final laurdenetan ez zen nire eguna izan, baina uste dut lortu behar dela -batez ere txapelketa moduko testuinguruetan- zure eguna ez duzuenean ere defendatzeko moduko saioa egitea, eta horretan asmatu nuen.

Finalerdiak gaur egun arte nire kriptonita izan dira, banekien aurrera pasa nahi banuen oso saio ona egin behar nuela. Abadiñoko finalerdia niretzat magikoa izan zen, herrian bertan horrelako betekada probalekuan eta horrelako giroa zegoen... Egia da ez nintzela puntaren puntan ibili, kontzentrazio faltak eraginda, baina bertso aldetik oso gustura ibili nintzen, ikusi nuen banengoela nire momentuan eta ideiak erraz etortzen zitzaizkidala. Gogo-egoera horrekin joan nintzen Markinako finalaurrekora, pilotaleku horretan bertan jokatu nuen nire bizitzako lehen finalaurrekoa duela bederatzi urte. Uste dut saioan bertan asmatu nuela eta espero baino emaitza hobearekin itzuli nintzen etxera.

Nolakoa izan da prestakuntza? Aurkezpenean babesa ere aipatu zenuen, zuretzat garrantzitsua izan da?

Aurten berandu hasi gara txapelketa prestatzen eta horrek eragin duen gauzetako bat izan da bigarren finalaurrekora nekatuta iristea. Ni gogoz iritsi nintzen, baina nekatuta; bolumen handia sartu behar izan dugu, eta, astean entrenamendu bat egitera ohituta gaudenok, bi edo hiru egin behar izan ditugu. Bestalde, beharrezkoa zen, eta nahiz eta nekosoa izan den, uste dut asmatu dugula. Pluralean ari naiz Aitor Bizkarrak, Gorka Pagonabarragak eta hirurok batera entrenatzen dugulako. Eta hain zuzen ere, babesaz ari nintzenean horretaz ari nintzen, bertso eskolako kide bi alboan izan ditut, bi finalaurrekoak Gorkarekin tokatu zaizkit, eta, gainera, bere aldamenean; horrek oholtzan babesa ematen du.

Abadiñon babes itzela sentitu nuen publikoaren partetik, eta ikusten nuen jendea gogoz zegoela txalotzeko, nire bertsorik onena ez nuenean ere eusten zidala; pentsatzen nuen zerikusia zuela herrian izatearekin, baina Markinan ere sentitu nuen hori, eta are gogorrago. Ez dakit zen finalerako aukera nuela ikusten zuelako publikoak, gure zaleak hooliganagoak direlako edo zer, baina olatu gainean sentitu nintzen. Publikoari izugarri eskertzen diot, ez dakite zenbat, eta horretxen bila noa finalera ere, babes eta bero hori bueltan ematera.

Bertso eskolako aipatu bi kideekin partekatuko duzu finala.

Ilusioa itzela da. Argi utzi behar da hori ez dela gu hiruron lana bakarrik, baizik eta bertso eskolan ibili direnena, astero-astero bertso eskolako gai ordena prestatzen dutenena; guk bertsotara bakarrik joan behar dugu, eta hori pila bat eskertzen da. Ilusio handia egiten du, ez bakarrik bertso eskolako kideak direlako, oso gertuko pertsona bi direlako.

Bertsoa sorgina da eta ezin da beti aurreikusitakoa egin, baina zer egin nahi zenuke?

Gogo-egoerak asko eragiten du, zortziko handitik zatoz, gai serioetatik, eta bat-batean tupust egiten duzu umorezko testuinguru batekin eta hor asmatzea ez da erraza izaten, eta aldi berean pasabide bat da saio borobil bat egiteko. Izan ere, zortziko handi txukun bat egiten baduzu eta zortziko txikian asmatuz gero, beste aldarte batekin hartzen duzu datorrena, eta hori bilatu nahiko nuke. Aurkitu nahi dut nire burua zortziko txikian gustura, gustura nagoenean badakidalako egiten eta eroso sentitzen naizelako. Aurten nire burua bakarkakoan ongi sumatu dut, kostatu zitzaidan baina aurkitu nuen niri ondo egiten zitzaidan doinua, eta uste dut horrek eman didala aukera beste gauza batzuk egiten saiatzeko edo arriskatzeko.

Maratoi bat da, luzea, ez nuke nahi baina ez daukat erortzeko beldurrik; lan egin nahi dut, nire burua zentratuta ikusi eta ematen jakin jaso dudan hori guztia.