Erreparazio kolektiboa, Orioko kasutik ikasten
Sortzen aholkularitza zerbitzuko Sheila Melcon psikologoak «Indarkeria matxista eta erreparazio prozesuak» hitzaldia eskaini zuen duela aste batzuk Orion. Esperientzia zabala du horrelako egoerak kudeatzen, eta kostaldeko herrian egin den lanketa ere oso gertutik ezagutzen du.

Azkenaldian pil-pilean dagoen kontzeptua da erreparazio kolektibo edo erreparazio komunitarioarena. Historikoki ohikoa izan den ikuspegi indibidualaren ordez, erreparazio mota honek min kolektiboa hartzen du kontuan, eta indarkeria ahalbidetzen duten sistema eta estrukturak eraldatzea bilatzen du. Indarkeria matxistaren kasuan, mugimendu feministak urteak daramatza erreparazioaren gaiaz sakon hausnartzen eta ekinbideak birpentsatzen.
Erreparazio prozesu kolektiboez badakite zerbait Orion. Lourdes del Hoyoren hilketak kolpe handia eragin zuen herrian duela hiru urte, erasoa egun argiz gertatu zelako, haurrez betetako parke baten inguruan, eta bai biktima bai erasotzailea herrikoak zirelako. Udalak, mugimendu feministarekin elkarlanean, martxan ipini zuen erreparazio prozesuak bere gorabeherak izan ditu gerora, baina eredu bilakatu da beste herri eta auzo askorentzat.
Erreparazioa lortzeko bide horretan, konturatu dira hiru urte pasa arren lanketa bat egiten jarraitzea garrantzitsua dela, oraindik badaudelako beldurrak, kezkak eta zalantzak herritarren artean. Eta lanketa horren barruan, duela hilabete pare bat “Indarkeria matxista eta erreparazio prozesuak” hitzaldia eskaini zuen Sortzen aholkularitza zerbitzuko Sheila Melcon psikologoak, adibide praktikoz betetako solasaldi argigarria.
PROZESU BIZIAK
«Gaur ez dugu bakarrik minaz hitz egingo, baizik eta behin mina egonda, nola joan haratago eta nola sortu espazio erreparatzaileak, bai biktimentzat eta bai komunitatearentzat. Hiru urteren ostean oraindik pentsatzen gaude honi nola buelta eman, pentsatzen gaude min hori nola atera gure barrutik, nola kolektibizatu min hori, nola egin elkarrekin bide bat», izan zen Sheilaren abiapuntua Salatxo aretoan bildutako entzuleen aurrean.
Erreparazio prozesu horretan, gertatutakoari hitzak jartzearen garrantzia nabarmendu zuen. «Hasiera horretan erreparatzailea izan zen hitzak jartzea bera. Lan oso mingarria izan zen batzuentzat. Guk hasieratik oso argi geneukan indarkeria matxista izan zela, eraso matxista bat egon zela, eta horren aurrean sendatzeko bidea hasteko lehen lana izan zen hitzak jartzea: hau gertatu da testuinguru jakin batean, indarkeria ez da Orion gertatu den gauza bat bakarrik, indarkeria estruktural bat dago, eta orduan goazen pentsatzera ez bakarrik gertatzen denean zer egin, baizik gertatu aurretik zer egin ere».
Ildo horretan, erreparazio prozesu batean aurrez egindako lana ere garrantzitsua da. «Aurrekoan galdetzen zidaten: ‘erreparazioa noiz hasten da?’. Ba jada hasita egon beharko luke. Sentsibilizazioa bera jada badelako erreparatzailea biktimentzako. Eta gero galdetu zidaten: ‘noiz bukatzen da?’. Eta hori bai ez nuela jakin erantzuten. Oso prozesu konplexuak dira eta biktima bakarra ez dago. Biktima bakoitzak bere bidea, bere denborak, bere erritmoak ditu. Bakoitzak bere motxilak ditu», azaldu zuen Sheilak.
Alegia, erreparazioa prozesu bizi eta aldakorra dela. «Ibilbide bat da, prozesu bat, eta horregatik bizirik dagoen zerbait da. Agian hemendik hamar urtera berriz hemen biltzen gara eta hitz egingo dugu nola gauden, eta hori ere izango da erreparazioa. Hemendik hamar urtera ere aukera izatea hitzak jartzeko gertatutakoari, bakoitzak bizitakoari».
Denboraren faktorea hobeto ulertzeko, Nevenka Fernandez leondarraren kasua aipatu zuen Sheilak. «Zenbat urte behar izan ditu herri batek bere erreparazio prozesua egiteko? Ba hogei bat. Hau 2000ko hamarkadan gertatu zen. Lehen emakumea izan zen ausartu zena hitzak jartzen lantokian jasotako eraso sexualei, jazarpen sexualari. Bere herritik kanporatua izan zen, herriak bota zuen. Herria orduan ez zegoen prest hau guztia ulertzeko».
«Orain sinisten dugu gertatu zena, orain badakigu ez zuela berak alde egin behar, berak herrian geratu behar zuela. Baina memoria apur bat dugunok badakigu 2000ko hamarkadan nola zegoen arlo horretan Estatua, zer egiten zen indarkeria kasuetan. Nevenkaren kasuan orain bada dokumental bat, liburu bat, mural bat bere herrian... Eta bere kaleak bereak dira. Orain, azkenean, kaletik doanean ikusten du errekonozimendu bat badagoela. Eta nolabait dio: ‘orduan ezin izan zenuten, baina orain posible da erreparazioa’. Alegia, hogei urte beranduago ere egin daitezke horrelako zaintza prozesuak».
INDIBIDUALIZAZIOA EKIDIN
Erreparazio komunitarioaren beste ardatz bat biktima erdigunean jartzea da, eta bere beharrak kontuan hartzea. «Erreparazio feministak beti erdigunean jartzen duena biktima da, dauden botere harremanak azalarazten ditu, eta komunitatea hasten da inplikatzen. Feminismotik erreparazioaz hitz egiten hasten garenean, pentsatu behar duguna da: ‘zer paper du komunitateak honetan guztian? Zer egingo dugu guk komunitate bezala? Zer egingo dugu instituzio bezala?’».
Alde horretatik, zenbait prozedura birpentsatu beharraz hausnartu zuen. «Herrian indarkeria kasu bat izandakoan protokolo bat jarri izan da martxan, halako A-B-C moduko bat. Guztiontzako berdinak diren jarraibide batzuk erreparazio publiko horretarako. Eta ez luke hala izan behar. Kasu bakoitzean biktima bakoitzari entzun beharko litzaioke zer nahi duen. Bera erdigunean jarri eta esan: ‘zuk nahi duzu herriak jakitea biktima zarela?’. Ba agian ez. ‘Zuk nahi duzu kontzentrazio bat egitea?’. Ba agian ez. Baina presio itzelak daude biktimari esanez ‘salatu egin behar duzu’, ‘hau salatu beharra dago indarkeria delako’. Bai, baina batzuetan salaketa bera izan daiteke biktimarentzako birbiktimizatzailea, eta ez erreparatzailea», ohartarazi zuen.

Oriori dagokionez, Lourdes del Hoyoren hilketak panorama konplexua utzi zuen, kalean eta egun argiz gertatu izanak zeharkako biktima asko egotea ekarri duelako, eta horrek are beharrezkoago egiten baitu erreparazio kolektibo bat. «Erailketa matxista publiko bat izan zen, kalean gertatu zena, beraz, zuek zarete inpaktu hori jaso zenutenak. Eta inpaktu hori sendatzeko behar dugu eseri, hitz egin eta bide komun bat egin: zer egin nahi dugun, nola, noiz... Normalean, bakoitzak bere minak berekin eramaten ditu etxera. Edo indibidualizatu egiten da eta terapia indibidualetara eramaten da. Baina kolektiboki erreparatu nahi badugu, hasi behar dugu elkarrekin eseri eta hitz egiten: nola gauden, zer egin desberdin... Izan ere, terapia indibidualizatzen badugu, dena atomizatzen da eta bakoitza geratzen da bere min indibidualean, baina hau kolektiboa da».
Hitz egin eta kolektiboki hausnartu beharraren adibide da Lourdes hil zuten bankuaren inguruko eztabaida. «Bankua sinbolo erreparatzaile bat da. Guk Udalarekin lanketa honi ekin genionean argi genuen egon behar zuela leku erreparatzaile bat, non jendeak berarekin konektatu, non agur esan, non lasaitu, non arnastu. Jende askok banku hori ez du leku seguru moduan sentitzen, arrotza egiten zaie, ez dute bertan egon nahi. Baina horrek ez du esan nahi kendu egin behar dugunik, batzuek oraindik behar dutelako hor egotea», defendatu zuen Melconek.
EPAITEGIETATIK ZER ESPERO?
Erreparazio bide berriak pentsatzeak berekin dakar betikoak zalantzan jartzea, epaitegietatik etor daitezkeenak, esaterako. Eta lehen hausnarketa da gaur egungo epaitegiak nekez izan daitezkeela erreparatzaile indarkeria matxista kasuetan: «Askotan esaten dizute: ‘salatu’. Badakizue zer gertatzen den salaketa baten ostean? Bi-hiru urteko prozesu oso gogorrak, eta agian pertsona horrek behar duena da bide horretan babes psikologiko bat, lagunak inguruan, agian tuperrak bazkaltzeko... Agian erreparazioa eguneroko horretan dago, baina prozesu judizialak bere horretan ez dio erreparaziorik eskainiko. Are gehiago, agian amaieran ez diote ezta arrazoia ematen ere, ez daudelako froga nahiko edo dena delakoa».
Eta arrazoia emanda ere, hor beste debate sakon bat irekitzen da, punitibismoarena, Sheilak adibide argigarri batekin mahaigaineratu zuena. «Nik hona ‘La Manada’ auziko kasua ekarriko banu, non zigor gogorrena 13 urtekoa izan den, eta galdetuko banu zuek zer nahi duzuen, 13 edo 40, zer esango zenukete?» Entzule batek ‘bizitza osoa’ erantzun zuen. «Biziarteko zigorra, beraz?» Pertsona horrek ‘bai’ erantzuten zuen. «Eta heriotza zigorra?» Isiltasun deseroso bat nagusitu zen aretoan.
«Hori begirada oso punitiboa da, tripetatik egiten dena. Normala da. Tripak esaten du ‘zigorra’. Baina gero hasten bagara tripatik burura igo eta pentsatzen, ‘gure jendarteak zer behar du? Zigorra behar du? Edo behar du hitzak jartzea gertatzen ari denari?’. Erreparatzeko, agian, zigorra ez da nahikoa. Bai, agian heriotza zigorra jartzen baduzu tipo bat gutxiago. Baina zer jendarte daukagu? Horrek ez du sendatuko, horrek ez du erreparatuko gure estruktura. Horregatik joan behar da estrukturara», aldarrikatu zuen.
Erasotzailearekin eta bere inguruarekin lanketa bat egitea proposatu zuen, adibide desberdinak jarriz, betiere biktimaren beharrak kontuan izanda. «Batzuek agian ez dugulako kartzela sisteman sinisten, beste sistema batzuk sortu nahi ditugulako. Edo ez dakit sortu, baina behintzat bai pentsatu. Nola izango litzateke posible zigorrik gabeko erreparazio bat egitea? Ez du esan nahi mugarik ez denik egongo. Guztiz kontrakoa, erreparazioan mugek oso argiak izan behar dute, baina inoiz ez da posible izango denak pozik uztea, hori ere horrela da».
Horregatik, gizonekin egin behar den lana ere benetan garrantzitsua dela esan zuen. «Gizon askok ez dakite egin dutena eraso bat denik ere. Gutxitan izaten da, baina gizon taldeekin lan egiten dudanean eta aipatzen diedanean ‘hau eraso bat da’, askotan sumatzen ditut elkarri begira, esanez ‘hori eraso bat baldin bada, zenbat eraso egin ditugu guk?’».
Eta adibide moduan Luis Rubialesek Jenni Hermosori egindako erasoa jarri zuen: «Jennik desio ez duen gerturatze hori egiten duenean, musu hori ematen dionean, zuek uste duzue gaur egun ere Rubialesek pentsatzen duela bera erasotzaile bat dela? Ez dauka ideiarik ere. Epaiketak argi esan du: ‘erasotzaile sexuala zara. Ez dago intimidazioa frogatuta, baina erasotzailea zara’. Ba berak argi dio, egin zuen bakarra ospatzea izan zela. Baina ospakizun hori indarkeriaz beteta dago, botere harreman bat dago, eta hori dena argitu beharra dago, hitz egin beharra dago».

Epaitegietako beste erreparazio bide bat ekonomikoa izaten da, ohikoena beste edozein indarkeria kasutan, baina indarkeria matxistaren kasuan beti ezbaian egoten dena. «Zergatik ez erreparatu diruarekin? Beste hainbat gertaera erreparatzen dira diruarekin. Oraintxe nire ahizpa kamioilari batek hiltzen badu nik kalte-ordain bat izango dut senide bezala. Eta diru horrekin nik terapia edo beste edozer egingo dut. Baina indarkeria matxista edo indarkeria sexualaz ari bagara eta biktimak dirua onartzen baldin badu, inork ez dio sinistuko», arbuiatu zuen Sheilak.
Psikologoak argi du: «Kalte-ordaina ez da erreparatzailea, baina bada sinbolo bat. Errekonozitzen dugu nolabait ezin izan duzula zure bizitza normala egin. Eta hor beste lan bat dago: konturatu behar dugu diru hori erreparazioaren parte dela, lagungarria izan daitekeela, baina ez duela inolaz ere zure isiltasuna erosten».
IKUSPEGI FEMINISTAREN GARRANTZIA
Oztopoz beteta egon ohi den bide horretan, sarritan akonpainamendua eta biktimaren alboan egotea bera izaten da erreparaziorik handiena. Eta hor mugimendu feministaren garrantzia erabatekoa da. «Gipuzkoan sei hilabetetik gora behar ditu Diputazioak psikologo bat bidaltzeko. Sekulako garrantzia du Emakumeen Etxeek egiten duten lanak, non beti dago psikologo edo abokaturen bat, eta aste pare batean erantzun bat bideratu daiteke. Askotan erakunde batzuetatik baztertu egiten gaituzte, ‘zuek ez zarete teknikariak, feministak zarete’ esanez, baina ez dira konturatzen guk biktima horri astebeteko epean akonpainamendu bat eskaintzen diogula, ezin duelako haien zain egon hilabeteetan zehar».
«Feminismoa instituzioetan sartzen joan denean joan gara ikusten egiturak ezin duela izan horren zurruna, aldaketak txertatzen joan behar dugula biktimen beharren arabera. Psikologoarekin zortzi saio eta dena sendatuta? Ba ez da horrela. Edo haur bati egindako erasoen kasuan, zortzi sesio? Zortzigarrenean, agian, zerbait kontatzen hasiko da, ordura arte konfiantzarik ez duelako. Pixkanaka egitura aldatzen joan behar dugu, birpentsatuz politika publikoetan nola landu zaintza prozesu hauek», gehitu zuen.
Azken batean, aldaketa handiak lortzeko aldaketa txiki askoren batura behar delako. «Erreparazioaren inguruan badago nolabaiteko idealizazioa, pentsatuz erreparazioak dena konponduko duela», onartu zuen Sheilak. Baina horren aurrean keinu txikien garrantzia nabarmendu zuen: «Askotan horrelako aldaketa txikiekin, eguneroko keinuekin, asko egin daiteke».



