Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Aitor Etxebarriazarraga Gabiola
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalista

«Ez dut sabairik jarri nahi, ez zerurik seinalatu; noraino hel naitekeen ikusi nahi dut»

1993an Gernika-Lumon jaioa, fisikaria, irakaslea eta futbolaria da. Gorputzaldi onarekin kantatu du eta horri eutsi nahi lioke hirugarren finalean.

(Oskar MATXIN EDESA | FOKU)
Lehenbiziko aldiz kantatuko duzue Casillan. Nola sentitu zara bertan aurkezpena egitean?

Gustatu zait, apur bat vintage-a da. Miribilla gertu eta goraka hazten da; hau laukizuzenagoa da, publikoa urrutirago egongo da, baina klasiko ukitu bat dauka eta sentsazio polita eman dit.

Urte gorabeheratsuagoa pasa duzu, baina bi finalaurrekoetan gorputzaldi oso onarekin kantatu duzu.

Oposizioak eduki nituen irailean, gero ebakuntza bat urrian, eta ia ohartzerako txapelketa iritsi zen. Txapelketetan gorputzaldia kontrolatzen saiatzen denetakoa naiz, bertso eskolak kontzienteki egiten dituenetakoa, eta aurten erdi ezustean hasi da txapelketa. Haste horretan, buelta gehiegi ez emateak batzuetan lagundu ere egiten du eta bai kantuan eta bai jarrerarekin eta egoteko moduarekin pozik sentitu naiz bi saioetan.

Abadiñon irabazle izan zinen; alde handiz, gainera. Zein ariketa nabarmenduko zenuke? Ganbaran, adibidez, bederatziko moldean aritu zinen eta errimekin lan handia egin zenuen.

Segur aski, kanpotik begira nabarmentzekoena ganbarako ariketa hori izango da. Txapelketa aurretik ez nuen topatzen motibaziorik doinu edo metrika konkretu batean aritzeko. Eta erdi errebotez hasi nintzen bederatzikoan, oraindik txapelketarako asko falta zela. Gero, arrisku handiegia zelakoan, albo batera laga nuen, eta bi asteren faltan berriz hartu nuen, halako konexioren bat sentituta. Bereziki gustura gelditu nintzen bakarkako lanarekin Abadiñon. Puntu erantzunetan ere gustura gelditu nintzen, baina orokorrean ariketa horretan nahiko eroso sentitzen naiz. Zortziko txikiko lana azpimarratuko nuke, eduki dudalako bai plazan eta bai bertso eskolan asmatzen ibiltzeko sentsazio hori, baina txapelketan ezin borobildu; eta nire kantaera, nahiko zorrotza baina umoretsua, ironia puntu batekin, uste dut behingoz lortu nuela zortziko txikian azaleratzea. Horrekin ase sentitu nintzen.

Bermeon bigarren egin zenuen. Nola bizi izan zenuen?

Zortziko handiko ariketan, lehen ofizioa zelako, gaian ez nintzelako ondo kokatu, soka gainean sentitu nintzen. Baina gero zortziko txikia Ibairekin [Amillategi] egitea mugarri bat izan zen. Bi urtetatik klase berean hainbeste ordu pasa ditugu batera... Kuadrillakoak gara, eta ondo aterako zen bermea nuen. Txukun atera zen barraketan zintzilik gelditu gineneko ofizio hori, eta hor ere lortu nuen berriz zortziko txikian bilatzen nenbilen kantaera mota hori. Hortik aurrerakoarekin, nahiz eta beti konponduko nukeen zerbait, orokorrean gustura sentitu nintzen.

Finalerako helbururik jarri diozu zure buruari?

Argi daukat ez daukadala momentuz ase sentsaziorik, helbururik bete dudan lasaitasunik. Hau da, pozik nago finalean egotearekin, baina uste dut, bai bertso eskolan eta bai finalerdietan hala sentitu dudalako, nire momenturik onenean aurkitzen naizela bertsotan, nire onena ematetik gertu. Ez dut sabairik jarri nahi, ez dut zerurik seinalatu nahi, baina gorputzaldi honi eutsi eta bertsoz bertso noraino heltzeko gai naizen ikusi nahi dut.

Nola zabiltza plaza aldetik?

Ez nabil gehiegi plazan, baina ez naiz kexatzen ere, gustura nabil. Egia da nire dei asko nahiko leku antzekoetatik etortzen direla, gertuko tokietatik, baina hori normaltasun baten barruan ulertzen dut. Gose puntu bat ematen dit konfort zonatik kanpoko saioren batean egoteak ere, baina datozenei heldu eta eustea ere bada nahiko erronka.

Galdera hori egin dizut duela bi urte aipatu zenidalako zure ilusioa finalean paper ona egitea zela, gero plazetan jarraitu ahal izateko.

Nik uste bigarren finalera oraindik “banaiz, ez naiz” duda-muda horretan iritsi nintzela. Orain jarraitzen dut pentsatzen finalean paper ona egiteak zureak ez diren beste ate batzuk zabaltzeko aukera ematen duela, baina nire ikuspuntua aldatu egin da: nire auto-onarpena ez dago jada horren barruan.

Txapelduna, Nerea Ibarzabal, ez aurkezteak aukerak zabaldu ditu.

Txapelduna ez aurkeztea pena da, baina aldi berean kinielak zabalik ikusten dira eta horrek aukera ematen digu bertsolarioi anbizio batekin joateko finalera, eta publikoari ere apustu egiteko aukera ematen dio.