
Azken Durangoko Azokan interes berezia sortu du Fernando Alonso kazetari eta idazlearen ‘Josu Urrutikoetxea. Belaunaldien arteko katebegia’ (Gara, 2025) liburuak. Egileak Josu Urrutikoetxearen (Ugao, 1950) memoria pertsonal eta politikoak bildu ditu bere liburu berrian: ETAren hasieratik amaierara arteko lehen eskuko testigantza arras interesgarria, herri honen memoria biziaren isla.
Eta gaur bost urte bete dira NAIZek eta Mediabaskek Urrutikoetxea elkarrizketatu zutenetik. Parisen 2020ko abenduaren erdialdean egin zioten eta bertan ETAren desegitea abiapuntu hartu zuten Mediabask-eko Goizeder Tabernak eta Naizetik Iñaki Altuna kazetariek Urrutikoetxearekin izandako solasaldi luzean. Andoni Canelladak egin zuen bideoa eta Jagoba Manterolak, argazkiak.
Egun batzuk lehenago, ETAren deklarazioaren bideoa ikusi ahal izan genuen NAIZen bertan. Hemen, berriz ikusi dezakezue.
1968an sartu zen ETAn eta, 50 urte geroago, ETAren amaieraren adierazpena irakurri zuen Josu Urrutikoetxeak. «Belaontziaren figura erabiltzen du Josu Urrutikoetxeak bere ideiak azaltzeko. Belaontzia prozesu politikoan eta Euskal Errepublika erdiesteko bidean, herriaren haizearen bultzada jasotzeko bela guztiak zabalik izango dituena, oraindik luzea izango den bidean», idatzi zuen Iñaki Altunak.

