GAUR8

Gaur bete dira 20 urte Lurdes Iriondo pausatu zenetik

Gaur, abenduaren 27an, bete dira 20 urte Lurdes Iriondo euskal kantaria eta idazlea pausatu zenetik. Ez Dok Amairu (1965-1972) kultur mugimenduaren sortzailea izanik, bere figuraren aldarrikapena nahiko berria da. Berriki eman dioten sai bat eta, batez ere, dokumental bat, horren adierazle.

Lurdes Iriondo, Xabier Lete eta Antton Valderverekin, Donostiako trueba zineman 1976ko martxoaren 12an eman zuten kontzertuan.
Lurdes Iriondo, Xabier Lete eta Antton Valderverekin, Donostiako trueba zineman 1976ko martxoaren 12an eman zuten kontzertuan. (Arturo DELGADO | KUTXATEKA)

Gazte xamar zendu zen Lourdes Iriondo Mujika (Donostia, 1937ko martxoaren 27a - Urnieta, 2005eko abenduaren 27a) kantaria eta idazlea: 68 urte zituen; aurten 88 urte beteko zituen.

«Oso gaztetatik izan zuen eritasuna bidelagun Lurdes Iriondok. Bihotzeko gaixotasun larri bat diagnostikatu zioten 20 urte zituela, eta horrek bere pausajea baldintzatu zuen. Baina bizitza bete-betea izan zuen, bai barrura begira eta bai kanporantz», idatzi zuen Amagoia Mujikak joan den martxoan. 

Ez Dok Amairu (1965-1972) kultur mugimendu abangoardistaren sortzaileetako bat izan zen, bertako izar distiratsuena eta nabarmenena une askotan. Baina hil zenetik 20 urte bete diren honetan, bistakoa da bere ibilbidea pintura matez dagoela jasoa, izan zen sortzaile eta ekintzaile hartatik nahiko urrun.

Abendu honetan bertan, Gipuzkoako Diputazioak hilondoko Urrezko domina eman zion, bere ahizpek jaso zutena, eta zinema aretoetan ikusi ahal izan da Inge Mendioroz Ibañezen ‘Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako’ dokumentala.

Lan honen xede nagusia: Lurdes Iriondo ezagutarazi eta bere lana agerian jartzea. «Garai bateko zuri beltzezko argazkietan izoztuta gelditu den neska gaztea. Kapsulatua, enkoadraketa baten barruan atxikia eta harrapatua, haren ahotsa diskoetan bezala», entzun daiteke dokumentalean.