
1895eko martxoan ‘Sortie d’Usine’ grabatu zuten Lumière anaiek Lyoneko Saint-Victor de Lyon kalean, gaur egun ‘rue du Premier-Film’ bezala izendatua dagoena, beraien lehen filma. Lagun eta kide batzuei erakutsi zieten hilabete batzuen buruan, baina abenduaren 28ra arte ez zuten egin lehen proiekzio publikoa.
Parisko Gran Cafe-n egin zen lehen emanaldi hura. Eta garaian harridura handia sortu zuen ‘magia’ hura iraultza kultural baten lehen urratsa bihurtu zen. Zeren zinema ez zen soilik berrikuntza teknologiko bat izan, sortzaileekin eta publikoarekin hazi zen arte mota bat baizik.
Lumièretarrak ohartu ziren zinemak ez zuela behar izan soilik mugimenduan zeuden irudi batzuk filmatzea eta islatzea; filme bat ikustea, areto ilun batean, komunitatearekin bat egitea da, balio berezia du.
Parisko Grand Cafe-ko Salon Indien-en 1895eko abenduaren 28an egin zen lehen proiekzio hark hasiera eman zion hurrengo hamarkadetan lengoaia, estilo eta teknologia berriekin aberastu zen arte eta industria bati.
Bitxikeria bat: Léon Gaumont argazki-enpresako langile gazte bat izan zen lehen proiekzio hartan. Alice Guy deitzen zen eta hainbesterainoko zirrara eragin zion han ikusitakoak, non, ia errebelazio gisa, tresna berri hura bere irudimenean ernetzen hasiak ziren ideia batzuei forma emateko bide egokia bihur zitekeela ulertu baitzuen. ‘La Fée aux Choux’ (1896) filmatu zuen, historiako fikziozko lehenengo filma.

«Ez dugu zuriekiko aldea txikituko eskolak gure hizkuntzan izan arte»

Kantina eraberritua, elikaduratik komunitatea egin eta goxatzeko

Dena gaixotasuna denean: medikalizazioaren arrisku isila

«Bizitzen ari garen garai hauek kristoren ‘mala ostia’ sortzen didate»
