Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

2025eko telesailik onenak

Adimen artifiziala, Netflixen eta Paramounten arteko lehia Warner Bros erosteko... 2025ak lerroburu ugari utzi dizkigu telesailen munduan. Hala ere, edukian jarriko dut nik arreta: tradizioari jarraiki, pantaila txikiak utzi digun eskaintzaren artetik iazko telesail nabarmenenak aletuko ditut.

«Pluribus» telesailaren fotograma bat.
«Pluribus» telesailaren fotograma bat. (APPLE TV+)
10) ADOLESCENCE

(Netflix)

Armaz lepo dagoen polizia talde bat, modu nahiko basatian, familia baten etxean sartuko da bat-batean. Atea bota ostean, etxea hankaz gora jarri, eskaileratan gora abiatu eta ustekabeko atxiloketa bat egingo dute: 13 urteko nerabe bat atxilotuko dute, ikaskide bat hiltzea leporatuta. Hortik abiatuz, etengabeko tentsio eta emozio zurrunbilo batean murgilduko da ikuslea telesailean zehar.

Tentsio horren eragile nagusietako bat alor teknikoa da: atal bakoitza plano sekuentzia bakar batean filmatuta dago, inolako etenik eta mozketarik gabe. Koordinazio zorrotza eta entsegu etengabeak eskatzen dituen ikuspegi horrek, gertatu ahalako esperientzia emozional oso sakonen murgiltzen du ezinbestean ikuslea. Plano sekuentziak, narratibaren errealismo gordina nabarmentzeaz gain, jorratzen dituen gaien pisua ere indartzen du, hala nola maskulinitate toxikoa, incel komunitatea, misoginia, osasun mentala eta nerabeen gaineko presio soziala.

9) COMMON SIDE EFFECTS

(HBOMax)

Adult Swim-en zigilupean eta Joe Bennett sortzailearen eskutik -“Scavengers Reign”-en sortzaileetako bat-, “Common Side Effects” lan ausart eta ezohikoa da. Farmazialariek, gobernuak, enpresari handiek... guztiek kezka eta izu bera dute: munduko gaixotasun guztiak sendatzeko gai den onddo baten aurkikuntza. Deskubrimendu horren atzean Marshall ageri da -“The Big Lebowski”-ko The Dude gogorarazten duena-, baina aurrerago Frances ere gehituko zaio; laborategi bateko bi lankide ohi dira. Biek konspirazio ilun bati egin beharko diote aurre. Telesaila ez da ikusle guztientzat. Sermoiak botatzen dituzten marrazki bizidun arinak nahi dituztenek ez dute halakorik topatuko; satiraz mozorrotutako egia gordinak jaurtitzen dituen proposamena da. Ez du leziorik ematen; pentsarazteko gaitasuna du.

Proposamenaren tonua bitxia da: “umorezko konspirazio thrillerra” etiketa izan liteke, akaso, egokiena. Helduentzako proposamena izanik, animaziozko ohiko lanetan baino handiagoa da indarkeria; hori bai, ez da doakoa, ezta gehiegizkoa ere, kontakizunaren parte da, eta, narrazioa aberasteaz gain, gaiaren berezko gordintasuna indartzeko balio du. Umore beltzak ere leku nabarmena betetzen du kontakizunean, arindu egiten du. Barrearen eremuan, “BoJack Horseman” telesailaren zinismoaren printzak topatuko ditu ikusleak, eta, thrillerraren arloan, Coen anaien oihartzunak.

8) THE STUDIO

(Apple tv+)

Matt Remick (Seth Rogen) zinemazale amorratua da protagonista nagusia. Patty (Catherine O’Hara), Continental Studios estudioen zuzendaria, berriki kaleratu dute, eta Remick proposatuko dute kargua hartzeko; handik aurrera zinema industriaren desafio eta zentzugabekeriei aurre egin beharko die. Konpainia suspertzen saiatzen den bitartean, “Barbie” filmaren tankerako izenburu arrakastatsu bat egitea eskatuko diote; AEBn ezaguna den Kool-Aid edariari buruzko film zentzugabea sortzeko ardura izango du. Kapitulu bakoitza film baten ekoizpen prozesuaren fase bati buruzkoa izango da, eta sor daitezkeen ehunka arazoak erakutsiko ditu.

Industriari egindako kritika umoretsua izateaz gain, zinemarekiko maitasuna islatzen duen proposamena da “The Studio”, eta osagai teknikoetan antzematen da hori, telesailaren itxura estetiko berezian, adibidez: zeluloidean filmatuta dago. Sitcom tankera ere badu telesailak, eta eszenaratzea eta erabiltzen duen hizkuntza zinematografikoa oso aberatsak dira. Pertsonaiei etengabe segika doan kamera urduri bat erabiltzen da, mundu guztiak ziztu bizian eta oso ozen hitz egiten duen bitartean -hasieran gehiegi, akaso-, eta nagusiki plano sekuentzia luzeetan filmatuta dago. Soinu bandak, berriz, Antonio Sanchez bateria jotzaile eta konpositore mexikarraren perkusioak helduleku gisa erabiliz, abiadura eta presa sentsazioa areagotuko du.

7) AFTER THE PARTY

(Filmin)

Zeelanda Berriko “After the Party” sei atalez osatutako telesail laburra da, eta Pennyren istorioa azaltzen du: adin ertaineko institutu irakasle batena. Familia eta lagunekin antolatutako festa batean, senarrari (Peter Mullan), Grace alabaren lagun bati abusuak egin izana leporatzen dio; inork ez dio sinesten, eta bere mundua amiltzen hasten da.

Telesaila salaketatik bost urtera kokatzen da, gizona Zeelanda Berrira itzultzen den unean. Grace eta bilobarekin bizitzera joango da, eta jada itxitzat jotzen ziren zauriak berriro irekiko dira. Narrazioak denboran jauziak egiten ditu (flashback bidez), gertatutakoaren eta horren ondorioen hariak pixkanaka aletuz. Misterioa argitzearen alde baino gehiago, suspense moral eta psikologikoaren alde egiten du telesailak. Dramaren sustraiak baditu ere, zenbait unetan thriller psikologikoaren bideari jarraitzen dio.

Kontakizunaren arreta osoa Robyn Malcolmen pertsonaian eta interpretazioan jarri dute sortzaileek. Interpretazio bizia, konplexua eta erraietakoa eskaintzen du; egiten duen lana aparta da, eta bere pertsonaiak dituen geruza guztiak zoragarriak dira.

 

6) IT: WELCOME TO DERRY

(HBOMax)

“It: Welcome to Derry” 1960ko hamarkadan girotuta dago, 2017ko “It” filmeko gertakarien aurreko garaian, eta Pennywise pailazoaren jatorria azaltzen du. Haur batzuen desagerpenak hankaz gora jarriko du Derry herri txikia, eta, pixkanaka, herriaren bihotzean ezkutatutako beldur eta misterio ilunen itzalean, gero eta kezkagarriagoak diren jazoerak gertatzen hasiko dira.

Beldurrezko istorio nagusi horretatik harago, telesailaren mamia da benetan liluragarria: arrazakeriari, indarkeria instituzionalari eta Amerikaren bihotzean eguneroko bizitzaren itzalean ezkutatzen den izuari eskainitako begirada. Naturaz gaindiko presentzia beldurgarriez gain, telesailak erakusten du mehatxurik handiena gizatiarra dela. Perfektua dirudien baina zerbait ezkutatzen duen herriaren konposizioak bikain funtzionatzen du, eta gidoiak estropezu egiten duenean ere, estilo bisualak tentsioari eusten dio; ikuslearen arretari etengabe eusten dio telesailak.

5) TASK

(Netflix)

Mark Ruffalo FBIko agente baten azalean sartzen da telesailean. Indarkeriazko lapurreta bolada arriskutsu bat geldiarazteaz arduratzen den unitate berezi baten burua da. Baina susmagarri nagusia, itxuraz eredugarria den familia bateko aita (Tom Pelphrey), ikerketaren erdigunean jartzean, kasua anbiguotasun moralen, familiako sekretuen eta muturreko erabakien sare bilakatuko da. Legearen alde banatan egon arren, bi pertsonaiek erredentzioaren eta familia loturen arteko barne borrokari egin beharko diote aurre.

Generoan sarri ikusten diren ohiko kontakizunen antza izan dezakeen arren, pertsonaietan daude ñabardurarik garrantzitsuenak: kontua ez da soilik kriminalak atxilotzea, baizik eta muturreko egoeretan harrapatuta dauden gizabanakoak ulertzea. Ingelsbyk enpatiaren eta xehetasunaren alde egin eta polizia generoko arketipo klasikoak saihesten ditu. Hala, dramaren alorra da telesailaren alderdirik indartsuena. Bikaina!

4) THE REHEARSAL - 2. DENBORALDIA

(HBOMax)

Nathan Fielder komediante, gidoilari, ekoizle eta zuzendari kanadarra ezaguna da bere umore berezi eta deserosoagatik; “The Rehearsal” ekoizpenarekin beste maila batera eraman du bere obra. Fielderrek elkarrizketak edo bizitza errealeko egoera zailak entseatzen laguntzen dio jende arruntari. Horretarako, agertokiak xehetasunez birsortu eta elkarrizketa horietan sor daitezkeen egoera posible guztiak entseatzen ditu. Aurretik idatzitako gidoi baten bidez, egoera bakoitzerako askotariko irtenbideak planteatzen dizkie gonbidatuei, eguneroko bizitzan zama handikoak bihur daitezkeen egoerei aurre egiteko. Docureality kontzeptua beste maila batera eramaten du telesail bitxi honek.

Telebistako produktu arrunt baten itxura du, baina dirudien baino askoz sakonagoa da obra berdingabe hau, deseroso sentiarazteko beldurrik ez duen esperimentu bat; reality-aren, dramaren eta komediaren egiturekin jolastu, eta zerbait guztiz berritzailea eraiki du Fielderrek.

Aurten estreinatu den bigarren denboraldiak Fielderrek lehen zatian ezarritako kontzeptuari jarraitzen dio: errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak arakatzea. Baina, oraingoan, ez du bakarrik partaideen psikologian sakontzen; Fielderrek berak narrazioan duen eraginari ere arreta jartzen zaio, eta, batzuetan, bere eremu pertsonalera jauzi egiten du.

3) THE PITT

(HBOMax)

“The Pitt” ez da “ER: Urgencias” telesail mitikoaren sekuela edo jarraipena, izaeragatik hala dirudien arren. Tira, izaeragatik eta batez ere dituen osagaiengatik: protagonistetako bat berbera da (Noah Wyle), baita sortzaileak ere (R. Scott Gemmill eta John Wells), eta ospitale bateko larrialdi zerbitzuetan girotuta dago.

Pittsburgh Trauma Medical Center ospitaleko larrialdietako hegalean girotutako telesaila da. Kolapsatzeko zorian dagoen sistema baten jarduera frenetikoa erakusten du, larrialdietako buruak (Noah Wyle) ahal duena egiten duen bitartean. Artatuak izateko zain dauden pazientez betetako ospitalea da ikusiko duguna; behar baino langile eta ohe gutxiago daude, eta profesionalak alde batetik bestera korrika ikusiko ditugu.

Telesail baten eta bestearen arteko desberdintasunik handiena istorio nagusia aurkezteko erabiltzen den malabarismo narratiboa da: irauten duen hamabost ataletan, lanegun bakar batean gertatzen dena soilik ikusiko dugu. Ez hori bakarrik, larrialdietako taldearen eguneroko txanda osatzen duten hamabost ordu trinkoak denbora errealean (gutxi gorabehera) azaltzen dira. Hamabost atal, hamabost orduko jarduna. Eskema horrek tentsioa, urduritasuna eta larritasuna areagotzen ditu, pertsonaiengan zein ikuslearengan. Telesailak ez du etenik, erritmoa etengabea eta oso bizia da, frenetikoa.

Nahiko gordina ere bada (zentzu guztietan); hildakoak azaltzen dira, odola, zaurien lehen plano esplizituak, paziente histerikoak, langileen eta nagusien arteko istiluak eta beste. Dramatismoa badago, baina baita gizatasuna ere. Ez du generoa berrasmatzen, baina atal bakoitza esperientzia xurgatzailea eta guztiz liluragarria da.

2) SEVERANCE - 2. DENBORALDIA

(Apple tv+)

“Severance” telesailaren bigarren denboraldia aurten egon den proposamenik berritzaile, ausart eta liluragarriena da. Intrigazko premisaren eta exekuzio bikainaren bidez, ezbaian jartzen du lanarekin, oroimenarekin eta nortasunarekin dugun harremana.

Mark Scoutek (Adam Scott) lantalde bat zuzentzen du Lumon Industries deituriko enpresan. Bertako langileak prozedura kirurgiko baten eraginpean daude. Prozedura horrek langileen oroitzapen pertsonalak eta lanekoak bereizten ditu, eta bakoitzaren bi nortasun desberdin sortu: bulegoko bertsioa (Innie) eta bertsio pertsonala (Outie).

Premisa erakargarriaz harago, elementu guztiak ezin hobeto zainduta eta orekatuta daude: ekoizpenaren diseinua eta alderdi bisuala oro har txundigarriak dira. Bigarren denboraldiak narrazio unibertsoa modu eraginkorrean hedatzea lortzen du; intriga areagotu egiten da, eta pertsonaien dimentsio berriak esploratzen ditu ikusleak. Publikoaren artean denetariko iritziak sortu baditu ere, ukaezina da azken urteotako telesailik berritzaile eta probokatzaileena izaten jarraitzen duela.

Entretenitzeaz gain, galdera sakonak egiten ditu telesailak bizitza pertsonalaren eta profesionalaren arteko orekari buruz, bai eta teknologiak gure bizitzan duen eraginari buruz ere. Lagunartean eta familian eztabaidak piztuko dituen harribitxia.

1) PLURIBUS

(Apple tv+)

Vince Gilligan, Rhea Seehorn eta Albuquerque. Hiru izen horiek entzutea nahikoa da “Breaking Bad” edo “Better Call Saul” maisulanen zaleen arreta berehala pizteko. “Pluribus” da Gilliganen telesail berria; protagonistaren rola Rhea Seehornek jokatuko du, “Better Call Saul”-eko Kim Wexler ahaztezina gorpuztu zuen aktore bikainak. Istorioaren zati garrantzitsu bat, gainera, Gilliganen fikzioen ikur bihurtu den kokaleku berean girotuta dago: Albuquerquen, Mexiko Berrian.

Laborategi batean birus ezezagun baten inguruko esperimentuak egiten ari dira, baina zerbait gaizki aterako da: birusak ihes egingo du, eta, apurka-apurka, munduan barna hedatzen hasiko da. Premisa hori zineman maiz agertu bada ere, “Pluribus”-ek birus horrek eragiten duen ondorio berezi eta bitxiarekin harrituko du ikuslea: kutsatutako guztiak pertsona alai, adeitsu, lagunkoi eta atsegin bihurtzen dira, adimen artifizial bidez sortutako roboten antzera, emoziorik eta konplexutasunik gabe.

Munduan bakea da nagusi; ez dago krimenik, ezta gaiztakeriaren arrastorik ere. Gainera, pertsona horietako bakoitzak denetik egiten daki, eta edozein informazio edo datu segundo gutxitan eskuratzeko gai da. Baina birusak ez du eragin bera gizaki guztiengan. Batzuk ez dira bizirik ateratzen, eta beste batzuek -munduan 11 pertsona inguru- ez dute inolako aldaketarik jasaten; berdin jarraituko dute horiek, kutsaduraren aurrean immunizaturik. Horien artean dago telesaileko protagonista: Carol (Rhea Seehorn).

“Breaking Bad” telesailaren sortzailea eremu guztiz berri batean murgilduko bada ere, “Pluribus”-ek sortzailearen ukitu berezia gordetzen du: erritmo narratiboaren dohain paregabea, atal borobil eta koherenteak ehuntzeko abilezia, eszenaratze zaindua eta kolore-paleta adierazkorra, sinbolismoz beteriko planoekin uztartuta. Umore beltza eta ironia fina berriro ere agertuko dira, baita Gilliganen unibertsoan ohikoak diren pertsonaia berezi, kontraesankor eta hunkigarriak ere.