Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Eskubide urraketak AEBko «Alligator Alcatraz» eta Krome atxilotze zentroetan

Floridan, milaka migratzaile deportazioaren zain daude. Amnesty International erakundearen arabera, migratzaileok hartuko dituzten zentroak giza eskubideen oinarrizko estandarrak alde batera utzita funtzionatzen dute.

Donald Trump, AEBko Segurtasun Nazionaleko idazkari Kristi Noemekin batera, «Alligator Alcatraz» bezala ezagutzen den  immigranteen atxilotze zentroa bisitatzen.
Donald Trump, AEBko Segurtasun Nazionaleko idazkari Kristi Noemekin batera, «Alligator Alcatraz» bezala ezagutzen den immigranteen atxilotze zentroa bisitatzen. (EUROPA PRESS)

Mila oin koadroko ziegetan sartu gintuzten. 32 pertsona geunden kaiola bakoitzean, eta zortzi kaiola zeuden karparen barruan. Argiak estadioetako argiak bezalakoak ziren; piztuta egoten ziren beti. Ez zituzten inoiz itzaltzen. Hotz handia egiten zuen, aire girotua inoiz itzaltzen ez zutelako. Eltxo asko zeuden». Horrela deskribatu zuen bere atxiloaldia Florida hegoaldeko “Alligator Alcatraz” atxilotze zentrotik igaro zen migratzaile batek. Bere testigantzak irekitzen du Amnesty Internationalen azken txostena, Florida Ameriketako Estatu Batuetako estatuari bertako bi atxilotze zentro nagusietan tortura sistematikoa eta desagertze behartuak bezalako praktikak erabiltzea leporatzen dion ikerketa: Everglades konplexuan, sustatzaileek “Alligator Alcatraz” izendatu zutena, eta Krome zentroan, Miamiko kanpoaldean kokatua.

Txostena 2025eko irailean Floridan egindako ikerketa baten emaitza da, eta iazko urtarrilean Donald Trump AEBko presidentearen agintaldia hasi zenetik, bai estatu mailan bai maila federalean ezarritako atxilotze eta deportazio politikek giza eskubideetan duten eragina aztertzen du. Amnesty Internationalen arabera, migratzaileen eta asilo-eskatzaileen atxiloketa arbitrarioak praktika orokor bihurtu dira.

“Alligator Alcatraz” 2025eko uztailean inauguratu zuten Everglades hezegunearen bihotzean, eta estatu baten jabetza eta kudeaketako etorkinen lehen atxilotze zentroa da. Amnesty Internationalek dokumentatu duenez, bertan dauden migranteak baldintza oso ankerretan bizi dira. Gainezka egindako komunontziak ohikoak dira, bai eta ur fekalak migranteek lo egiten duten lekuetaraino iragaztea ere. Gainera, dutxetarako sarbidea mugatua da, eta etorkinek intsektuekiko etengabeko esposizioa salatu dute. Eguneko 24 orduetan izaten dituzte argiak piztuta, eta kalitate txarreko ura eta elikagaiak jasotzen dituztela eta pribatutasunik ez dutela ere salatu dute migratzaileek. Txostenak, gainera, arreta medikoa erregulartasunez jasotzeko aukerarik eza salatu du, eta hori, Amnesty Internationalen arabera, «arrisku larria» da atxilotuen osasun fisiko eta mentalerako.

Dokumentatutako elementu larrienetako bat zigor diziplinatzaileen erabilera da. Adibidez, migratzaileak “kutxa” deitutako egitura txiki batean sartzen dituzte, aire zabalean, eta, bertan, ordu luzez konfinatuta izaten dituzte, eguzkitan, eltxoen eraginpean, eta, kasu batzuetan, oinak lurrari lotuta eta ur sarbide mugatuarekin. Amnesty Internationalek jasotako testigantzek adierazten dutenez, zigor hori erabiltzen dute migratzaileak euren eskubideak errespetatzea eskatzean edo atxilotze baldintzengatik protesta egitean. Giza eskubideen aldeko erakundearen ustez, praktika hori tortura gisa definitu daiteke nazioarteko zuzenbidearen arabera.

Amnesty Internationalek azpimarratu du “Alligator Alcatraz” ez dagoela integratuta ICE Immigrazio eta Aduanen Kontrolerako Zerbitzuak kontrolatutako sistema publikoan, eta horrek esan nahi duela atxilotuen kokapena ez dagoela datu-base irisgarrietan erregistratuta. Erregistrorik ez egoteak eta inkomunikatutako konfinamenduak zaildu egiten dute senideek eta abokatuek atxilotutako migratzaileak aurkitzea, eta hori bortxazko desagerpena da, txostenaren arabera.

KROME ATXILOTZE ZENTROA

Miami hegoaldean kokatutako Krome atxilotze zentroa ere aztertzen du ikerketak. Bertan, erakundeak dokumentatzen ditu muturreko pilaketak, arreta mediko eskasa, isolamendualdi luzeak eta abokatuen laguntza eta interpretazio zerbitzuak jasotzeko oztopoak. Azken hilabeteetan, erakunde humanitarioek Kromen zaintzapean zeuden hainbat migratzaileren heriotzak ere salatu dituzte.

Ekainean, Kromen atxilotutako migratzaileek “SOS” hitza sortu zuten beren gorputzekin zentroko patioan, laguntza eskatzeko. Instalazioak bere ahalmenaren gainetik funtzionatzen zuela eta pilatuta giltzapetuta zeudela salatu zuten migratzaileek.

Bestalde, bi zentroetako migranteek eskuak eta oinak girgiluz lotuta izaten dituzte denbora luzez, bai instalazioen barruan, bai zentroen arteko lekualdatzeetan. Amnesty Internationalen arabera, praktika hori tratu krudela, ankerra eta iraingarria da, eta, kasu jakin batzuetan, torturaren parekoa izan daiteke, bereziki delitu penalik egin ez duten eta migrazio arrazoiengatik administrazioaren zaintzapean daudenen kasuan.

Halaber, atxilotze baldintzen ondorio psikologikoei atal espezifiko bat eskaintzen die txostenak. Elkarrizketatutako migranteek antsietate, insomnio, desorientazio eta larritasun sintomak pairatu dituzte; are, etengabeko argiztapenak, inkomunikazioak eta euren egoera legalari buruzko ziurgabetasunak egoera larriagotu besterik ez du egin. Ildo horretan, Amnesty Internationalen ohartarazi du migranteek pairatzen dituzten baldintzek kalte mental iraunkorrak eragin ditzaketela, bereziki indarkeria edo jazarpen egoeretatik ihes egiten duten pertsonen kasuan.

Uztailean sortutako «Alligator Alcatraz» atxilotze zentrora joateko bidea adierazten duen kartela. (EUROPA PRESS)

Ron DeSantis Floridako gobernadore errepublikanoak Larrialdiak Kudeatzeko Dibisioaren funts diskrezionalen bidez finantzatu ditu bi zentroak, hau da, hondamendi naturalei erantzuteko aurreikusitako mekanismotik hartutako diruarekin! Aldi berean, txostenak salatu du Floridak oinarrizko gizarte-programetara bideratutako baliabideak murriztu dituela. Urrian, Floridak 608 milioi dolar jaso zituen Trumpen administraziotik atxiloketa zentroetan erabiltzeko.

Egia esan, “Alligator Alcatraz” zentroa ireki zen unetik bertatik izan da polemikaren erdian. Ingurumen taldeek eta komunitate tribalek salaketak aurkeztu dituzte zentroa Everglades eremu babestuan kokatzeagatik. Epaile batek hasiera batean proiektua geldiaraztea agindu bazuen ere, apelazio-gorteak bertan behera utzi zuen erabaki hori, eta instalazioak lanean jarraitzea baimendu zuen.

Amnesty International erakundeak, dokumentatutako urraketak 2025eko urtarriletik maila federalean bultzatutako migrazio-politiken testuinguruan kokatzen ditu. Politika horiek estatuko agintarien eta agintari federalen arteko lankidetza indartu dute eta atxiloketa masiboak migrazioa kontrolatzeko tresna gisa erabiltzea zabaldu dute.

Giza eskubideen aldeko erakundeak ohartarazi du migrazioa geldiarazteko politikak ezartzeko larrialdiko botereak erabiltzea aurrekari kezkagarria dela eta kontrol mekanismoak higatzen dituela. Horrela, gogoratu du eskumen horiek, hondamendi naturalei erantzuteko sortuak, ez direla erabili behar oinarrizko eskubideak murrizteko, ezta atxiloketa masiboak egiteko.

Bere gomendioen artean, Amnesty Internationalek “Alligator Alcatraz” berehala ixtea, atxilotutako migrante guztien erregistro publikoa egitea, “kutxa” eta isolamendua bezalako praktikak debekatzea eta justiziara, arreta medikora eta interpretazio zerbitzuetara iristeko bermeak ezartzea eskatzen du. Era berean, AEBko Gobernuari eskatu dio migrazioaren kriminalizazioa amaitu eta giza eskubideen arloan dituen nazioarteko betebeharrak betetzeko.

Ondorioetan, giza eskubideen aldeko erakundeak dio dokumentatutako baldintzek ez dituztela betetzen atxilotze zibilari aplika dakizkiokeen estandarrak; are, zigor-erregimenen parekoak dira.