BABESLEDUN EDUKIA

Gaurko egunez sortu zen Emile Larre «Sokorri», eskualdun apez idazle eta bertsularia

Duela 100 urte sortu zen Emile Larre Otxobi «Sokorri» idazle, bertso jarrien egile, euskaltzain oso eta apaiz baxenabartarra. «Herria» astekariko zuzendari izan zen 33urtez, eta Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren sustatzaile nagusietakoa.

Emile Larre.
Emile Larre. (Euskaltzaindia)

Emile Larre Otxobi “Sokorri” Baigorrin sortu zen 1926ko urtarrilaren 3an eta lan eskerga egin zuen bere bizialdian, apaizgoari eta euskarari erabat loturiko bizialdi luzean. Izan ere, Larre zendu zenean, 2015ean, Xarles Videgainek NAIZen idatzi zuen Larre «euskaldun apeza» izan nahi zuela, «bi hitz horiekin nahi zuen adierazi batasun tinko batean atxikitzen zuela bere nortasuna, hots fedearekilako engaiamendua nola engaiamendu zintzoa bere mintzairarekin eta bere mintzairakideekin».

Larre 1951an apaiztu zen Baionan eta ondoren irakasle aritu zen Mauleko ikastetxean eta Donibane Garaziko laborantza eskolan. Gazterik hasi zen euskaraz idazten hainbat aldizkaritan, maiz “Sokorri” ezizenarekin. “Herria” kazetaren zuzendaritzan izan zen 33 urteetan lan eskerga egin zuen milaka irakurle dituen kazeta haren artikuluak moldatuz, nafar-lapurtera ezari-ezarian euskara batura hurbilduz. 

Bertso jarrien egile, Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren sustatzaile nagusietakoa izan zen, Teodoro Hernandorenarekin batean. Harekin antolatu zuen, 1958an, lehen bertso saioa Urruñan. Epaimahaikidea ere izan zen zenbait urtetan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian eta Nafarroako Bertsolari Txapelketan, besteak beste. 

Orobat, Euskal liturgian eta eliz testuen itzulpenean lan handia egin zuen. Vatikanoko II. Kontzilioaren garaian hasi (1964) eta hainbat urtez Belokeko monasterioan bildu zen taldeko kide izan zen, liturgia latinetik euskarara itzultzeko. 

Antzerkigintzan ere aritu zen, Piarres Larzabalen eta Telesforo Monzonen eskutik, baina luma ez ezik, beste zaletasunik ere bazuen, hala nola pilota, baina ez pilotazale gisa soilik, pilotari ere izan baitzen. 

1980an, “Aiherra Naparroan leihoa” liburua argitaratu zuen. Era berean, Jean Hiriart-Urrutik Herrian idatzitako artikuluak bildu eta argitaratu zituen bost liburutan, baita Jean Baptiste Etxeberriren hamairu liburu argitaratzen lagundu ere (1959-1991), eta hainbat bertsolariren lanak bildu zituen, hala nola Ernest Alkat, Jean Pierre Mendiburu, Joanes Arrosagarai eta Xanpunenak.

2015eko maiatzaren 30ean zendu zen, lan handi egin baina baita omenaldi eta sari ugari jaso ere ondoren.