
Edmondo de Amicis italiar idazlearen liburu bateko ipuin batean oinarritu zen ‘Marco’ edo ‘Apeninoetatik Andeetara’ anime telesaila. Nippon Animation-ek ekoitzitako World Masterpiece Theater edo ‘Meisaku’ telesailaren barnean estreinatu zen Japonian 1976. urtean, eta ordutik sekulako ospea lortu izan du mundu osoan.
Istorioa ez zen xamurra, makina bat negar eragin zituen: Marco izeneko 13 urteko mutiko baten bidaia luze eta korapilatsua kontatzen zaigu. Italiatik Argentinara doa amaren bila, bi urte aurretik ama Hego Amerikako herrialde hartara emigratu zitzaiolako, lan egin ahal izateko eta seme-alabei bizitza hobea emateko. XIX. mendeko eta XX. mende hasierako Italian izandako emigrazioaren ikuspegi gordina egiten du kontakizunak.
1977an iritsi zen ‘Marco’ Estatu espainiarrera, non ospe handia lortu zuen, ‘Heidi’-ren antzekoa, TVE, Antena 3 eta Telecinco kateen bidez emititu zen, eta Euskal Herrian ETB1ean geroago emango zituzten atalak. Telesaileko pertsonaia nagusia, Marco Rossi, 1977ko Espainiako Urrezko TP sarietan pertsonaia faboritoaren kategoriarako izendatua izan zen, hirugarren postua lortuz.
52 kapitulu zituen telesailak eta denboraldi bakarra. Zuzendaria Isao Takahata zen, anime japoniarra loratu zuen zuzendarietako bat, gidoia Kazuo Fukazawak idatzi zuen eta Hayao Miyazakik egin zituen marrazkiak.
Takahatak eta Fukazawak hainbat telesail eta film ekoitzi zituzten batera. Horietan ezagunenak dira ‘Heidi’ eta ‘Marco’ bera. 1985ean sortu zuten bi zuzendariek Studio Ghibli ekoiztetxea, eta zinemarako lanak ere egin zituzten. Besteak beste ‘Hotaru no Haka’ (‘Ipurtargien hilobia’) eta ‘Pom Poko’ (‘Iraganeko oroimenak’) pelikulengatik da ezaguna Takahata.
Miyazaki eta Takahata oso garrantzitsuak dira japoniar animean. Nippon Animation estudioetan famatuak egin ondoren, telesailak utzi zituzten eta film luzeak grabatu. Miyazakiren arrakastarik handiena 2001eko ‘Sen Chihiro no Kamikakushi’ (‘Chihiroren bidaia’) izan zen. Horrekin 2002ko Berlingo Zinemaldiko Urrezko Hartza eta 2003ko animaziozko film luze onenaren Oscar saria irabazi zituen. Takahatak, berriz, Japoniako zinemagintzako filmik ederrenetako bat zuzendu zuen: ‘Hotaru no haka’ (‘Ipurtargien hilobia’).

