
Natxo Etxebarrieta Jimenez (Gasteiz, 1964 - 1996ko urtarrilaren 5a) Cicatriz punk taldeko gitarra-jotzaile eta abeslaria izan zen. Duela 30 urte zendu zen, gazte.
‘Inadaptados’-en egileak, euskal rockaren disko enblematikoetako bat, Cicatriz taldea hamarkada baten kronikari legez kontsidera daiteke. 80. hamarkada hartan, zikloi baten antzera, heroinak, ke-potoak, punk-rockak... arrasatu egin zuen belaunaldi batekin. Pletina bikoitzeko lehen kaseteetan entzun eta hormetan itsatsitako karteletan edo ‘Egin’-eko ‘Bat, bi, hiru!’-n iragartzen ziren kontzertuetan ezagutu genituen euskal rocka sortu zuten lehen talde haiek. Eta Cicatriz berezia zen oso.
Hil baino urte bete lehenago elkarrizketa eskaini zion ‘Egin’-i Natxok; zehazki, ‘Gaztegin’ gehigarriari. Elkarrizketa hartan bere ibilbideari eta biziari begiratzeaz gain, oraindik oholtza gainean aritzeko gogoa erakutsi zuen. Heroina aipagai berezia izan zuen: «Euskadi izan zen heroina sartu zen lehen tokia, argi dago. Badakigu zertarako sartu zuten. Guri tokatu zitzaigun. Besterik gabe», aipatu zuen.
Haren heriotzak izan zuen ‘Egin’-en azken anekdota bat. Adierazgarria oso, dibertigarria eta, era berean, tristea. Iñaki Altunak jaso zuen NAIZen. Juan Carlos Azkoitiak, bestalde, ‘Eternas cicatrices’ liburuan jaso izan du taldearen historia.
