
Maria Maeztu Whitney gasteiztarra Buenos Airesen hil zen 1948ko urtarrilaren 7an, gaur 78 urte. 1881ko uztailaren 18an Araban jaioa, Maeztu pedagogo eta hezitzaile aitzindaria izan zen, Institucion Libre de Enseñanza mugimenduaren ildotik emakumeen hezkuntzari buruzko ekimen berritzaileak egin zituena. Ezagunena, seguraski, Madrilen sortu zuen Residencia de Señoritas zentroa, emakumeen unibertsitate-ikasketak bultzatzeko helburuarekin.
Hezkuntzarekiko lotura amaren aldetik zetorkion. Juana Whitney diplomazialari ingeles baten alaba zen, Parisen hezia, eta senarra hil ostean, familia Bilbora joan zenean bizitzera, Academia Anglo-Francesa deiturikoa ireki zuen bertan, neskentzako egoitza moduko bat.
Mariak ere hartu zuen parte bertan, 1902an irakasle lanetan hasi aurretik, Santanderren. Bost hilabete beranduago Bilbora aldatu zuten eta 1909an Madrilen bukatu zuen azkenik. Bitarte honetan bere unibertsitate ikasketekin jarraitu zuen. Salamancako Unibertsitatean matrikulatu zen ikasle ez-ofizial bezala eta ikasketak Madrilen osatu zituen, Filosofia eta Letretan lizentziatuz.
Garaian ez-ohikoa zen hizkuntzen ezagutzak eta bere izaera aktiboak, hainbat proiektuetan parte hartzeko aukera eman zion, Ingalaterra, Belgika, Suitza eta Alemanian egonaldiak eginez. 1908an, adibidez, Londresko pedagogia lehiaketarako, Gobernuak izendatutako batzordean parte hartu zuen behatzaile gisa.
Hortik aurrera, hezkuntza arloko lan eta kargu desberdinak garatu zituen, nazioartean pil-pilean zeuden ikerketa pedagogikoak bere egunerokoan aplikatuz. Madrilen ireki zen Nazioarteko Andereñoen Egoitzako zuzendaria izan zen 1915 eta 1936 bitartean, Smith College emakumezkoen unibertsitateak Honoris Causa doktore izendatu zuen 1919an, 1926an garairako berdintasun ideia oso aurrerakoiak zituen Lyceum Club Femenino delakoa sortu eta zuzendu zuen...
Baina 1936ko gerra hastean bere anaia Ramiro (nazionalismo eskuindarreko intelektual ezaguna) errepublikaren aldekoek fusilatu zuten. Andereñoen Egoitzaren zuzendaritza utzi behar izan zuen eta Argentinara joan zen. Bertan jarri zen bizitzen eta hango Unibertsitatean Hezkuntzaren Historiako katedra eman zioten, hil zen arte bete zuena. Bere hilotza aberriratua izan zen Lizarrako familiaren mausoleora.
