Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Hamaika hamaikaren aurka, jende zuzena irabazle

Gabongo futbol selekzioa Marokon jokatzen ari den Afrikako Kopatik kanporatu zuten aurreko astean, eta Gobernuak taldea eperik gabe etetea, talde teknikoa desegitea eta bere izar nagusia, Pierre-Emerick Aubameyang, baztertzea erabaki zuen. Harrigarria da gobernu batek halako neurriak hartzea, baina nik Aubameyang izan nuen gogoan.

Ez dut futbola jarraitzen, are gutxiago atzerrikoa. Gustatzen zait, baina beste gauza batzuen mesedetan baztertu dut. Hala ere, badut guilty pleasure bat: baja hartuz gero, nire sendatzea ia beti amaitzen da futbol taldeei buruzko dokumentalak ikusten. Dena dute: antropologia, merkatu-ekonomia, psikologia… baita kirol pixka bat ere, disimulatzeko bada ere.

Euskal herritarrak agertzea maite dut. Igual dio kirolari gisa gustatzen zaidan edo pertsona gisa mesfidantza eragiten didan, normalean ordezkatzen naute. Taldean duten jarrera ikusten da, beste nazionalitate batzuetako jendearekin duten kontrastea, beren balioak, obsesioak eta maniak antzematen dira. Onerako, eta txarrerako. Hori kirola politizatzea edo «obsesio nazionalista» dela uste dutenei Michael Billigen “Banal Nationalism” liburu bikaina gomendatzen diet.

Horregatik guztiagatik, asko gustatu zitzaidan “All or Nothing: Arsenal” dokumentala, Mikel Artetak jokalari gisa arrakasta izan zuen taldera entrenatzaile gisa itzultzen denekoa. Une batean, Artetak Aubameyangi, gunner-en idoloari eta orain Gabonekin kale egin duenari, kapitainaren besokoa kentzen dio. Baztertzen du eta klubari jakinarazten dio ez duela berarekin kontatzen. Arrazoia: amari bisita egitera joateko baimena eman zion, eta jokalaria entrenamenduetara berandu itzuli zen azalpen sinesgarririk eman gabe. Pultsua egin eta taldea baldintzatzen ari zen.

Hasiera batean, orduko kirol zuzendariak, Edu Gaspar brasildarrak, krisia laster pasako zela uste zuen. Ego-liskar bat gehiago, maila horretako aldageletan ohiko zerbait. Ofizialki entrenatzaileari babesa eman zion, baina ezer ulertu gabe. Besteak beste, merkatuan horrelako jokalari bat kolokatzeak dituen zailtasunez eta kalte ekonomikoaz jabetzen zelako.

Atal horietan argi ikusten da Artetak ez zuela amore emango. Kontuan izan dokumental hauek taldeen marketin produktuak direla. Krisia larria zen, eta ez zen erraza hori tentuz islatzea. Gustatzen zait Artetaren jarrera nola azaltzen den. Hitza betetzen du, malgua da, traizionatuta sentitzen da, ez du beste jokalariekin bidegabea izan nahi, erantzukizuna bere gain hartzen du… Futbolaren munduan, Jorge Valdanotik Johan Cruyffera, vasco gisa definitu duten horri erantzuten dio. Adi, ez dakit Artetak bizitzaz zer pentsatzen duen. Aurreiritziak ditut berari buruz, ziur asko berak niri buruz izango lituzkeen bezala, euskal kazetaritzan edo politikan interesik izango balu (esan dut aurreiritziak ditudala).

Naziotasunak izaera eta ideologia baldintzatzen dituela uste dut, ez beti guk nahiko genukeen zentzuan, ordea. Eta, gero, jendeak asmatu edo kale egiten du. Bestela, pentsa zenbat gabondarrek uste zuten Arteta putakumea zela eta Aubameyang zuzen zebilela. Beti baztertzen dutena bazara, ordea, agian arazoa ez da besteena, ezta zure naziotasunarena ere. •