Oparirik bereziena

Neguaren etorrerarekin eman diogu ongietorria urte berriari eta eskolako sarreran elkar besarkatu dugu berriro. Bi aste hauetan atseden hartu dugu, baina faltan sumatu ditugu gure ikasle eta lankideak ere. Magia dirudi, edo, agian, bada, baina haurrak hazi egin direla iruditzen zaigu. Altuago eta helduago ikusten ditugu eta benetan ederra da lagunekin berriro elkartzean begietan agertzen zaien distira. Oporretara joan aurretik, Mari Domingi eta Olentzero eskolan izan genituen bisitan, eta zenbat opari ekarri zizkiguten! Opari horiek partekatzeko dira, lasai-lasai irakurtzeko ipuinak, guztion artean egiteko puzzleak, elkarrekin margotzeko margoak, jolastuz ikasteko tresnak… Oparien artean, denok txundituta utzi gaituen gutuna ere aurkitu dugu.
«Heldu maiteak. Mari Domingi eta Olentzero gara, zer moduz zaudete? Aspaldi, zuek idazten zenizkiguten gutunak guri eta behinola, idazteari uztea erabaki zenuten. Eskatzea libre dela dio esaerak, eta, askatasun horri men eginez, zuek iraganean egin bezala, guk ere eskatu nahi dizuegu zerbait. Zintzoak eta bihurriak izan gara beti, galtzagorri izaera baino aberatsagorik ez dagoela pentsatzen baitugu. Eta horixe eskatu nahiko genizueke zuei, jarrai dezazuela orain arte bezala, bihurri eta bokazioz jo eta ke lanean, bihotzetik bihotzera hezten. Badakigu ez dela lan makala, gutxietsia bai, sarri, zoritxarrez. Baina hortzak erakutsiz argituko dugu iluna!».
Hortzak erakutsi! Irri zein orro egiten dugunean erakusten ditugu hortzak. Gure ikasleei, goizero, ongietorri goxoa emateko, asteburuan zer egin duten galdetu eta entzuteko, azalpenak eman edo laguntza eskaintzeko, behar bestetan. Beste era batera erakusten dizkiogu hortzak sistemari, gela bakoitzeko haur eta heldu kopuruari eta gehiegizko lan kargari. Irribarre egiten diogu aniztasunari, beso-zabalik besarkatu nahi ditugu Euskal Herrira iritsi berriak, baina denbora eta baliabideak behar ditugu euskara behar bezala ikas dezaten ikasturteari eutsi ahal izateko. Hortzak barrez erakusten dizkiegu laguntza eskatu eta behar dutenei, eskutik heldu eta bideak noraino eramango gaituen deskubritzeko. Orro, ordea, oztopoak identifikatzeko baliabide faltari, hezkuntza bereziko zerrendetan sartu ahal izateko epe laburrei, eta, beste behin ere, denbora urriari. Irri egiten diegu hezkuntza komunitateko langile guztiei egunerokoan, den-denok ezinbestekoak garelako. Bekozkoa eta letagin zorrotzak edozein segregaziori, haur zein heldu, eskubideak unibertsalak izan daitezen ikasteko, lanerako eta bizitzeko. Baita palestinar herriak bizi duen egoerari ere, gure haurrak eta berdinkideak ere badirelako.
Hortaz... «Eskerrik asko egiten duzuen lanagatik, bihotzez. Guk egun bakarrean egiten duguna zuek egunero egiten duzuelako. Horren truke, hementxe dituzue askotariko haurrak agertzen diren ipuinak, euskaraz eta bestelako hizkuntza txikietan idatziak. Adin-tarterik gabeko jolasak, 6 piezako puzzleak 15 urteko batek eta 30 piezakoak 4 urteko beste batek egin ditzan. Denontzat aproposa den heldulekua duten margoak, kolore guztietan eta norbere erritmora paperetik hasita mundua koloreztatzeko. Eta azkenik, batiskopioa eta teleskopioa. Begietatik begietara begiratzeko eta izarren distira nonahi aurkitzeko. Hori bai, segi hortzak erakusten! Muxu handi bana!
Miresmenez,
Mari Domingi eta Olentzero». •

