Asier Aiestaran
Kazetaria

«Errio», herri baten historiari balioa emanez

Azken urteotan gure itsas ondarea berreskuratu eta ezagutarazteko egiten ari den lana osatzen duen harribitxia da «Errio» dokumentala. Ibon Gaztañazpik zuzendutako filmak Orioko herriaren eta Oria ibai-arroaren historia laburbiltzen du. Xabier Agote eta Xabier Alberdirekin hausnartu du gaiaz.

Xabier Agote, Ibon Gaztañazpi eta Xabier Alberdi, Zarautzen egindako ekitaldian.
Xabier Agote, Ibon Gaztañazpi eta Xabier Alberdi, Zarautzen egindako ekitaldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Duela urte eta erdi pasatxo estreinatu zen “Errio. Barratik Mapilera” dokumentala. Ibon Gaztañazpi kazetari eta arraunlari ohiak zuzendua, ikus-entzunezkoak Oria ibai-arroaren historia eta garapena laburbiltzen ditu, bidaia horretan Nagore Urdapilleta, arraunlaria hau ere, gidari eta esploratzaile lanean jarrita. Izan ere, Orio eta inguruetako herrien historia ezin da ulertu lurra eta itsasoa lotzen dituen “ubide” hori gabe.

Dokumentalak argi erakusten du lur horietan finkatu ziren lehen gizakiak jada itsasora begira bizi zirela, arrantzak berebiziko garrantzia izan duela betidanik, eta inguruan ugaritzen joan ziren burdin meategiek eta burdinolek eragin zuzena izan zutela bertako ontzigintza industria potenteari bide emateko.

Filma abiapuntutzat hartuta, ZarautzOn elkarteak Xabier Alberdi, Euskal Itsas Museoko zuzendaria, eta Xabier Agote, Albaolako sortzaile eta presidentea, bildu zituen Gaztañazpirekin dokumentalean aipatzen diren zenbait gai jorratzeko. “Nola izan zuen Oria ibaiak, XVI. mendeaz geroztik, Sena edo Rin bezalako Europako ibai handiekin lehiatzeko gaitasuna bai berrikuntzan, eraikuntzan edo merkataritzan?” galderari ertz desberdinetatik erantzun zioten dokumentalean ere parte hartze garrantzitsua duten Agotek eta Alberdik, Gaztañazpirekin batera.

«IRAGANARI BIZKAR EMANDA»

«Nik atera dudan ondorio nagusia da gure ezjakintasuna zer tamainakoa den», aipatu zuen zuzendariak bere hitzartzean. «Nik errio honetan pasa ditut 22 urte atzera eta aurrera arraunean, Nagorek ere asko, eta ez genekien ezer. Horregatik izan da hori nire hautua: arraunlari bat protagonista, baina ez konpetizioko traineru batean. Inork ez duelako arraunlari batek baino hobeto erakusten nola bizi garen gure iraganari bizkar emanda. Ez da transmititu. Ez dakigu non bizi garen. Niretzako inpaktantea izan zen entzun nionean arkeologoari esaten duela 38.000 urte hemen gizakiak bizi zirela, bisonteak zeudela, hartzak... eta segur aski Europan animaliak irudikatzen dituzten pinturarik zaharrenak bertan daudela. Hementxe, Altxerrin, etxe ondoan ‘literal’. Hori gertatu zaigu azpigai denekin», nabarmendu zuen.

«Errio» dokumentalaren afixa.

Dokumentala egiteko izan zituen zailtasunez galdetuta, Gaztañazpik lehenik Orioko Udalak egindako proposamena onartzea aipatu zuen, «ardura» handia zela jakitun. «Nik bi aldiz esan nien ezetz, nire burua ez nuela gai ikusten hau dena ongi egiteko. Zeren hemen lantzen den gai bakoitzak ematen du beste dokumental baterako: historiaurrea eta Altxerri, arrantza, burdinolak... Hemen bost minutuan aipatu dugun gai bakoitzarekin dozenaka tesi egin litezke. Horregatik, nire burua ez nuen ikusten zezen honi heltzeko gai. Zaila izan zen baiezkoa esatea, sumatzen zelako hemen zer zegoen», onartu zuen oriotarrak.

Alde horretatik, Xabier Agoteren bultzada eskertu zuen: «Arratsalde batean Pasaiara joan nintzen ezetz esatera, eta baiezkoarekin itzuli nintzen. Beraz, itsasoaren inguruko gaietan gertatzen ari den iraultza honen atzean, eta hala da nire ustez, iraultza bat, Xabi Agote eta Albaolako kideak daude».

Bestetik, milaka urteko historia minutu gutxi batzuetan kontatzeak eragiten dituen buruhausteak daude, eta aukeraketa lan horretan Xabier Alberdiren laguntza izan zuen Gaztañazpik. «Guztia nola ekarri ordu batera, diskriminazio lan hori. Zeren hau bi urteko lanketa bat izan da, baina grabatzen hasi ginenerako urte eta erdi generaman lanean. Nik ez nekien nondik hasi. Xabier Alberdirengana joan nintzen eta galdetu nion zein ziren horrelako aukeraketa batean bai ala bai egon behar zuten bi edo hiru gaiak. Eta berak argi esan zidan: bale-arrantza eta, batez ere, ontzigintza. Horrek egiten du errio hau berezi. Abiapuntu horrekin joan gara bide bat egiten: burdinolak, arrantza...».

JAKITURIA IZUGARRIA

Argi geratu den bezala, ontzigintzaren garapen ikusgarria izan zen Oria ibai-arroko ezaugarri nagusia, eta industria horrek barnebiltzen zuen jakituria guztia. Baleontziekin hasi eta mota desberdinetako ontzi transozeanikoetara zabaldu zen ontzigintzak ezagutza eta trebetasun handia eskatzen zituen, bai lehengaien erabileran nahiz ondoren egin beharreko lan guztietan.

Bi ontzi oso desberdin Orioko moilan lotuta. (Gorka RUBIO / FOKU)

Xabier Agotek basogintza aipatu zuen, esaterako. «Zuhaitz batetik bestera desberdintasun handiak daude, baina kalkulatzen da horrelako ontzi handi bat egiteko batez beste 4.000 bat haritz beharko zirela. Kontuan izan behar da haritz bakoitzetik zati jakin batzuk hartzen zituztela, eta beste zatiak erabiltzen zirela su-egurretarako edo beste hainbat erabilerarako. Garai hartan ez geneukan petroliorik eta energia basotik ateratzen zen. Modu jasangarrian, gainera. Euskaldunak nabarmendu ziren basogintza teknika berezi bat zeukatelako -enbor eta adarrei ontziko pieza jakinen forma emanez-, basoak belaunaldiz belaunaldi zaintzen zirelako. Orokorrean galdu egin da, baina oraindik geratzen dira teknika horren zantzu batzuk. Badakigu bereziki ongi zaintzen zirela basoak. Ez geneukan besterik. Hemen, mendi hauetan, haritzak eta meategiak geneuzkan, burdina, hori ere oso ona. Eta biak uztarturik itsasontziak egiten hasi ziren, ez zeukatelako besterik, nolabait esateko. Ez zegoen nekazaritzarik, eta itsasoa hementxe, parez pare».

Mapilen egina da, adibidez, Kolonbiako kostaldean urperatuta dagoen San Jose galeoi famatua, mundu osoko albistegietan horrenbeste zeresan eman duena. Agoteren iritziz zer pentsatua eman beharko luke horrek.

«San Jose oso famatua da mundu mailan, eta munduan garrantzia ematen zaio bere barruan duen zilar horregatik guztiagatik. Baina hor beste altxor bat dago: euskaldunek horrenbeste mendetan garatutako injenio hori, ezagutza hori, Ozeanoetako puntakoena izan zelako. Nik badakit askorentzat hori horrela esatea gehiegikeria bat izan daitekeela, hain zuzen ere beste muturrera joaten ikasi dugulako. Ni gogoratzen naiz nola haurra nintzenean kontatzen ziguten euskaldunok herri pobre bat ginela, Ameriketara joan behar izan zuena ardiak zaintzera. Hori horrela izan zen XIX. mendean, baina gero interesatzen bagara gure herriaren historiarekin eta atzera egiten baldin badugu konturatuko gara oso bestelako kontakizunak ditugula. Eta ni oso kontakizun-zalea naiz. Itsas-zalea ere bai, jakina. Eta biak uztartuta, ez dut inoiz ulertu nolatan ez diogun gure kontakizunari eutsi. Ibonek egin duen lanak horretarako balio du eta zoriondu egin nahi nuke, bihotzez eginda dagoela nabaritzen delako, maitasunez. Seigarren aldia izango da ikusten dudala eta ez naiz aspertzen. Horrelako gehiago behar ditugu».

Langile bat, Albaola itsas faktorian arotz lanetan. (Guillaume FAUVEAU)

Baina Albaolako arduraduna urrunago joan zen. «Batzuetan pentsatzen dut euskaldunok garunaren zati bat atrofiatuta daukagula, sentitzen dut horrela esatea, baina sinistuta nago, ez diogulako eusten gure iraganeko handitasun horri. Sekulako handitasuna izan duen herria gara, ikaragarria benetan, baina kosta egiten zaigu hori jendeari sinetsaraztea. Eta pena bat da. Zeren pentsa gure herri txiki honek, 100 kilometroko kostalde honek, zenbat eman duen. Ni ziur nago mundu honek eman duen itsas historiarik ederrena daukagula. Nik horrela pentsatzen dut. Baina ez diogu eusten horri, ez zaigu bururatzen aukera bat izan daitekeela herrigintzari begira. Hor atzean dagoena da ekintzailetasuna, mundua jateko sekulako gosea, beldurrik ez itsasoko edozein erronkari eusteko... Eta hain zuzen ere, balio horiek dira gero eta urriagoak direnak. Horrela da, zoritxarrez. Gure itsas historia sekulako inspirazio iturria da eta horri eutsi beharko genioke».

HERRI ONDAREA, ZENTZURIK ZABALENEAN

Badaki zertaz ari den. Mendez mende pilatutako jakintza hori gal ez dadin sekulako lana egiten ari baita azken urteotan Albaola, eta itsas faktoriaren ikur nagusi bilakatu den San Juan baleontziaren uretaratzeak argi erakutsi zuen duela hilabete batzuk zer balio sinboliko duen horrelako proiektu batek herri bezala munduaren aurrean agertzeko. Aurreratu zuenez, maiatzaren 5ean mastak ipiniko dizkiote ontziari, eta gero eta gutxiago falta da Ternuara egingo duen itsas bidaiarako. «Kanadan gogotsu daude guri harrera egiteko eta gu ere bai harantz joateko. Abentura handi bat izango da, motorrik gabeko itsasontzi horretan, eta garai hartako bizimodua berregitea izango da helburua eta ikasketa».

Izan ere, “Errio” dokumentala Orian zentratzen den arren, itsas kultura eta jakintza Euskal Herri osoaren ondarea dira. Xabier Alberdik, adibidez, Antonio Gaztañeta mutrikuarraren lana aipatu zuen. «1656an, XVII. mende erdialdean jaioa. Mende eta erdian ontzi ozeanikoak eraikitzen aritu den tradizio baten oinordekoa da. XVII. mendea jada arrazionalismoaren garaia da, Descartesen garaia, eta berak egingo duena da jakintza enpiriko hori guztia teorizatu. Metodo teoriko bat sortuko du ontziak eraikitzeko. Horrek espainiar monarkiako ontzigintza punta-puntan jarri zuen mundu mailan, eta Ingalaterrako edo Holandako itsas armadek kopiatu egin zituzten bere diseinuak XVIII. mendeko guda ontzi handienak egiteko. Portsmouthera joaten bazarete bertan ikusiko duzue Victory ontzi famatua, Nelsonek erabili zuena Trafalgarreko gudu famatuan, britainiar inperioa munduan jaun eta jabe bilakatu zuena. Ba itsasontzi hori Gaztañeta bat da, Gaztañetaren diseinuak kopiatuz eraikitako ontzi bat».

Horregatik, Gaztañazpik ikerketa lana hedatzera dei egin zuen. «Guk urte eta erdian hau guztia aurkitu baldin badugu, zalantzarik ez daukat beste herri eta ibarretan ere sekulako aberastasuna egongo dela. Kontua da norbait gure ondare horri begira jartzea. Baina ez naiz artxiboetara joateaz bakarrik ari. Gure aita zenak, adibidez, ez zidan inoiz esan ezer bale-hezurrei buruz lan honekin hasi arte. Gaia atera zenean aitari galdetu eta hark: ‘Horixe baietz’. Jakin bai, baina kontatu ez. Eta horretatik asko dago. Herri bezala interruptoreari ‘klik’ egin behar zaio».