GAUR8

Gaur 185 urte jaio zen Berthe Morisot, Inpresionismoaren hasierako emakume bakarra

1874an Parisko Boulevard des Capucines-en egin zen erakusketa ospetsuan, Monet, Degas, Renoir edo Cézannekin batera, emakume bakarrak erakutsi zituen bere margoak. Berthe Morisot zen, eta egun horretan sortu zen Inpresionismo mugimendua. Morisot gaur bezalako egun batean jaio zen, orain 185 urte.

Berthe Morisot, Monetek margotuta. ‘Berthe Morisot au bouquet de violettes’ (1872).
Berthe Morisot, Monetek margotuta. ‘Berthe Morisot au bouquet de violettes’ (1872). (musee d'orsay)

Berthe Morisot (Bourges, 1841eko urtarrilaren 14 – Paris, 1895eko martxoaren 2) frantziar Inpresionismoaren margolari ezaguna izan zen... ezaguna batzuentzat, noski, artearen historialari gehienek ezikusiarena egiten jarraitzen dutelako.

Burges familia batean jaio zen. Familiak animatuta, bere ahizpa Edmarekin batera artea ikasten hasi zen, lehenbizi Chocarnerekin, gero Guichardekin. 20 urterekin, Camille Corot ezagutu zuen, Barbizongo eskolako paisajista garrantzitsua. Honek ikasle moduan hartu zuen.

Emakume burgesa izan arren, artista izatea erabaki zuen. Laster, teknika inpresionista menderatu zuen eta, kuadro txikietan, paisaiak margotzen hasi zen. 25 eta 23 urterekin, Edmak eta Berthek beraien lanak erakutsi zituzten Parisko Saloian, gero Edma ezkondu egin zen eta margotzen jarraitzeari utzi zion, Berthe abangoardiaren olatura batu zen bitartean.

Louvren kopista gisa lanean ari zela, gizon bizardun bat hurbildu zitzaion, ea berarentzat posatu nahi izango zuen galdezka: Édouard Manet zen. Morisot izan zen bere modeloa dozenaka aldiz, eta urte luzeetan adiskide izan ziren. Ez hori bakarrik, margolaria bere lagunaren anaiarekin maiteminduko zen, Eugènet, eta harekin ezkondu eta alaba bat izan zuen, Julie.

1874. urteko apirilean Nadar argazkilariaren estudioan, Pariseko Bulevard des Capucines 35 zenbakian, Inpresionismo mugimenduaren hastapena bihurtuko zen erakusketan, parte hartu zuen Berthe Morisotek. Bertan bildu ziren 30 artisten artean bera izan zen emakume bakarra. Aurkeztu zituen lanen artean bere koadrorik ezagunena zegoen, ‘Le berceau’ (‘Sehaska’), gaur egun Parisko Musée d'Orsay-en dagoena. Edmaren erretratua da, Blanche alaba jaio berriari begiratzen.

Inpresionismoaren ‘dama handia’ 1895ean hil zen. 54 urte baino ez zituen eta pneumonia batek jota zendu zen. Ahaztuta egon da urte luzeetan, baina azken hamarkadetan berriz ere garrantzia hartu du. Musée d'Orsay-en Inpresionismoaren maisulan guztien artean kokatu dute, baina zaletu ertainari galdetuz gero, oso zaila da norbaitek Berthe Morisot izendatzea, Maneten erretratuetan bere aurpegia behin baino berriz ikusi dugun arren.