Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Saria, doktrina eta kezka

Urte amaieran, Ameriketako Estatu Batuetako Armadak Venezuelan esku hartzeko aukeraz hitz egiten zuten hainbat hedabidek han-hemen. Erasoa legezkoa izateko, AEBko Kongresuak babestu behar zuela zioten. Urte berriarekin bateratsu, soldadu yankiak Venezuelara sartu ziren. Eta Kongresuaren babesa, baimena, iritzia bederen?

Donald Trumpek onartu omen zuen Kongresuaren onespenik gabe egin ziola eraso Venezuelari, kongresukideek informazioa filtratu ez zezaten. Demokratek eta zenbait errepublikanok, haserre, erasoaldia legez kanpokoa izan zela esan zuten, AEBko Konstituzioaren arabera Kongresuak baitu gerran sartu edo ez erabakitzeko eskumena, eta ez presidenteak. «Konstituzio xelebrea», pentsatuko zuen Trumpek. Marco Rubiok, Estatu idazkariak, berehala argitu zuen gaizki-ulertua: ez zen inbasioa izan, «Nicolas Maduro narkotrafikatzailea harrapatzeko polizia funtzio» bat baizik. «Hara, hori ez nekien nik», esango zuen presidenteak.

Venezuelaren aurkako erasoak Kongresuaren onespena izan balu, legezkoa izango zen. AEBn. Eta nazioartean? Trumpen Administrazioak, nolanahi ere, bazuen nazioarteko legitimazio ez hutsal bat.

Maria Corina Machado Bakearen Nobel saridunak lehengoan esan zuen saria Trumpi emateko asmoa zuela (herenegun biltzekoak ziren). Nobel Institutuak esan zion ez dagoela hori egiterik; dena dela, Machadoren eskaintzak ez zuen zentzurik, saria Trumpena baita egiaz. Nobel Batzordeak ezin zion eman bere buruaren propaganda egiten agertu zitzaien megalomano infantiloide hari, baina, Machadori Nobela emanez, Trumpi eman zion saria; Venezuelari eraso egiteko ustezko legimitatea. Eta saritua ez zen berandutu, Venezuelako zenbait ontziri erasoz aurrena, mehatxu eginez une oro, bonbardatuz atzena.

Joan den igandean, “Si hacen cosas fascistas quizás haya que llamarles fascistas” artikulu argigarrian, «zentzuzko paralelismo» bati erreparatu zion Beñat Zalduak, Donald Trumpen oraingo eta Adolf Hitlerren duela 90 urteko jarduera frenetikoen arteko paralelismoari, hain zuzen. Egun berean, “Teocracia yanqui” izenburuko artikuluan, Fede de los Riosek nabarmendu zuen Trumpek inolako disimulurik gabe lurraldeen inbasioa eta anexioa justifikatze aldera aldarrikatutako bizi eremua, «nazien lebensraum zaharra». Ez da, ez, Trumpen asmakizuna, ezta Hitlerrena ere. Faxismorako joera inperialismoa bezain zaharra da.

Trumpek Monroe doktrina aldarrikatu du, duela bi mende ustez kolonialismoaren aurka sortu zena, Europaren kolonialismoaren aurka eta Ipar Amerikako nazio berri haren segurtasuna babesteko xedez. Baita bere kolonialismoari bide emateko ere. Izan ere, XIX. mendearen lehen erdia amaitu baino lehen AEBk Mexikori bere lurraldearen %55 kendu zion, Atlantikoko kostaldetik Ozeano Bareraino hedatzeko beste doktrina bat oinarri zuela: “Ageriko Patua” delakoa. Hortik sortu zen mugaren «mito nazionala». Zibilizazioaren eta basakeriaren arteko muga. Amets amerikarra. Beste alde batetik ikusita, Ipar Amerikako jatorrizko herrien aurkako genozidioa.

Trumpek ez du ezer asmatu. Duela bi mende bezala, AEB da «misio jainkotiarra» aurrera eramateko nazio hautatua, sionismoarentzat israeldar herria eta nazismoarentzat arraza arioa bezala.

Monroe doktrinak, orobat, AEBk ez zuela Europaren kolonietan esku hartuko zioen; beharbada horregatik ageri dira horren lasai Ursula Van der Leyen eta Mark Rutte. Horien kezka ekialdetik dator, eta harekin batera, armak erosteko premia. AEBri, jakina. •