
Euskaltzaindiak Euskal Herri osoko 103 mendi-multzoren izenak jaso ditu ‘Euskal Herriko mendi-multzoen izenak’ 201. arauan. Euskal Herriko lurrazaleko erliebean identifika daitezkeen mendi-multzo nagusien izenak dira, hain zuzen ere.
Akademiatik jakinarazi dutenez, arauko sarreran, mendi-multzoen izenen ezaugarri nagusiak deskribatzen dira, eta izenak arautzeko erabilitako irizpide nagusiak zehazten. Zehazki, euskal mendi-multzoen izenen tradizioaren berri ematen da, eta izaera morfologikoa eta dagozkion izen generikoak zein diren zehazten da jarraian. Eskaintzen duen informazioan, mendi-multzoen izenen berezitasunak eta aldaerak ere aipatzen dira.
Izenak taula batean zerrendaturik ageri dira. Lehen zutabean, mendi-multzoak euskaraz identifikatzeko proposatzen diren izenak daude. Mendi-multzo bakoitzerako proposatzen diren aukerak (osoa, hedatua, sinplea) zehar-marraz bereizirik ageri dira.
Bigarren zutabean, mendi-multzo bakoitzari esleitzen zaion generikoa ageri da. Izen generiko hori hizkuntza estandarrari dagokio eta, nolabait, mendi-multzo bakoitzaren sailkapen formala ematen du aditzera. Hirugarren zutabean, mendi-multzoa non dagoen adierazten da: lurraldea.
Zerrendaz gainera, arauak badu Euskal Herriko mapa fisikoa ere, zerrendan ageri diren mendi-multzo guztiak beren kokalekuan adieraziak dituena, erabiltzaileak jakin dezan non dagoen mendi-multzo bakoitza.

«Teletetxoak», erretrobisoreak eta motxilak: torturaren itzala euskal gazterian

«Nire buruari baimena eman diot hasieratik txapelari begiratzeko»

«Finalean Euskal Herri osoko publikoa izan arren, ez dut ahaztu nahi non garen»

«Euskal Herrikoan kantatzea ederra litzateke, Xalbadorren garaitik ez da baxenabartarrik»
