
Bilboko Udalak antolatzen duen Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren 43. ediziora lanak aurkezteko epea zabalik dago martxoaren 30era arte. Euskarazko eta gaztelaniazko kategoriak izango dira, 3.500 euroko sariekin eta 1.750 euroko bi accesit-ekin. Gainera, lanak argitaratuko dituzte ondoren.
Ekimenaren helburuak dira, alde batetik, literatur sorkuntza sustatzea eta, bestetik, euskarazko egile garrantzitsuenetako baten bizitza eta lana ezagutarazten laguntzea, jakinarazi dute Bilboko Udaletik.
Lehiaketa edozein nazionalitatetako 18 urtetik gorako idazleentzat da, eta egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du hizkuntza modalitate bakoitzean.
Ez da aukeratutako hizkuntzaz besteko itzulpenik onartuko, eta lan originalak izan beharko dira, aurretik saritu gabeak.
Gaia librea da, eta gehienez ere 15 orrialde izango ditu (Times New Roman edo baliokidea, 12. gorputza), 1,5eko espazioarekin.
Lanak formatu digitalean aurkeztu ahal izango dira www.bilbao.eus/arestilehiaketa eta www.bilbao.eus/concursoaresti webetan. Aurrekoetan bezala, modalitate bakoitzak literaturako pertsona ospetsuek osatutako epaimahaia izango du.
Aurreko edizioan, Ugaitz Agirrek ‘Azalpena’ lanarekin eta Manuel Crespok ‘Tanta agua’ ipuinarekin jaso zituzten sariak, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan, hurrenez hurren.
Euskarazko accesitak Ariane Kamiorentzat (‘Efimero’) eta Karmele Mitxelena Etxebesterentzat (‘Ezer ez’) izan ziren, eta Pablo Escuderorentzat (‘Una cinta de Camarón y otra de Calamaro’) eta Andres J. Sebastianentzat (‘Los respetuosos’) gaztelaniazkoak.

«Teletetxoak», erretrobisoreak eta motxilak: torturaren itzala euskal gazterian

«Nire buruari baimena eman diot hasieratik txapelari begiratzeko»

«Finalean Euskal Herri osoko publikoa izan arren, ez dut ahaztu nahi non garen»

«Euskal Herrikoan kantatzea ederra litzateke, Xalbadorren garaitik ez da baxenabartarrik»
