
Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak Research Fellows programaren 2026ko deialdia jarri du martxan astelehen honetan, goi mailako 15 ikertzaile gazte kontratatzeko, eta eskaerak aurkezteko epea martxoaren 10era arte egongo da zabalik.
Research Fellows programaren bidez, Lakuako Gobernuko Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak emakume ikertzaileak eta EAEtik kanpo lanean ari diren euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatu nahi du bereziki.
Bere sustatzaileek jakinarazi dutenez, funtzio bikoitza du ekimenak: alde batetik, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea (euren ibilbideko une batean joan ziren bertoko ikertzaileak barne), eta bestetik, EAEn ikertzen dihardutenei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea.
Gainera, deialdiaren bidez, bereziki bultzatuko da emakume ikertzaileen kontratazioa eta atzerrian lanean dauden euskal ikertzaile gazteen itzulera. Orain arte, Ikerbasquek 18 herrialde ezberdinetako 107 ikertzaile kontratatu ditu deialdi honen bidez, 53 gizon eta 54 emakume, hain zuzen ere.
Ezagutza arlo guztietako eta hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten mundu osoko ikertzaileek aurkez ditzakete beren eskaerak Ikerbasque Fundazioaren webgunearen bidez martxoaren 10era arte. Plazetara aurkezten diren ikertzaile guztien nazioarteko ebaluazio prozesu sakona egingo da, Europako Batzordearen irizpideen araberakoa.
Ikerbasquek bost urterako lanpostuak eskainiko ditu. Azken urtean ikertzaileak ebaluatuak izango dira eta plaza iraunkorrak lortzeko aukera izango dute. Aukeratutako zientzialariek EAEko unibertsitate eta ikerketa zentroetan eta jakintza arlo guztietan egingo dute lan, hala zientzia esperimentaletan (Biologia, Kimika, Fisika), nola medikuntza, matematika, ingeniaritza, gizarte zientzia eta giza zientzietan.
Ikerbasquek lau milioi euro lortu zituen 2021. urtean Research Fellows programa finantzatzeko, garapen zientifikoa bultzatzeko Europako ekimenik onenetakotzat aukeratu ondoren. Hartara, Ikerbasqueren proposamenak nazioarteko adituek emandako puntuazio gorena lortu zuen: 100 puntutik 99,4.

