Dagoeneko 16 urte bete dira lurrikarak Haitira hondamena ekarri zuenetik
300.000 pertsona baino gehiago hil eta beste bi milioi etxerik gabe geratu ziren duela 16 urte, Haitin. 2010eko urtarrilaren 12an, segundo gutxi batzuk iraun zituen lurrikara batek agerian utzi zuen uhartearen pobrezia.

Haitiren historia aldatu zuen lurrikaratik 16 urte pasa dira. Karibeko herrialdean mugimendu sismiko indartsuak ohikoak badira ere, 2010eko urtarrilaren 12koak sortutako hondamenak 300.000 pertsona hil eta beste bi milioi pertsona etxerik gabe utzi zituen.
Lurrikararen 16. urteurrenaren egunean, Miamin bizi diren haitiarrek hondamena gogoratu zuten, krisialdi latza bizi duen herrialdera itzultzeko beldurrez. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Aldi Baterako Babes Estatusa eman zien haitiarrei, baina Donald Trump presidenteak otsailaren 3an ezabatuko du.
Miamiko Haiti Txikian bildu ziren urtarrilaren 12an buruzagi politikoak eta migratzaileak. Bertan, minutu bateko isilunea egin zuten, eta 500.000 haitiarrek bizi duten arriskuari buruzko ohartarazpena egiteko ere baliatu zuten aukera. Izan ere, hori da Aldi Baterako Babes Estatusik gabe geratuko diren haitiarren kopurua; indarkeriak astindutako herrialde batera deportatuak izateko arriskuan geratuko dira guztiak.
Miami-Dade konderriko zinegotzi Marleine Bastienek adierazi zuenez, «Haitiko azpiegitura suntsitu zuen Richter eskalako 7 graduko lurrikaratik 16 urtera, gauzak hobetu direla esatea pozgarria litzateke, baina badakigu, txostenetan oinarrituta, Haiti 2010ean baino hamar aldiz okerrago dagoela».

2010eko urtarrilaren 12an 1,3 milioi haitiar etxerik gabe utzi zituen lurrikararen ondoren, krisia larriagotu egin da Haitin. Ez dago herritarrek hautaturiko agintaririk, eta taldeen indarkeriak etenik gabe egin du gora 2021eko Jovenel Moïse presidentearen aurkako magnizidioaren ondoren.
Herrialdean kaosa da nagusi: bi milioi haitiar baino gehiago «indarkeriak eragindako barne desplazatuak» dira, hiriburuaren %90 talde armatuen kontrolpean dago eta 5.000 pertsona baino gehiago hil ziren iaz indarkeriaren ondorioz, Haitin jaiotako Bastienek Miamiko ekitaldian azaldu zuenez. Herrialdearen egoerari buruzko Nazio Batuen Erakundearen azken txostenean jasotako datuak dira.
Bada, Haitin nagusi den indarkeria testuingurua aintzat hartuta, politikariek eta aktibistek komunitate haitiarraren beldurra nabarmendu zuten Miamiko Haiti Txikian egindako ekitaldian. Ez da harritzekoa, esan bezala, Donald Trump AEBko presidenteak otsailaren 3tik aurrera haitiarrei babes estatusa kentzeko erabakia hartu duelako. «Herrialdea orain 16 urte baino egoera okerragoan dago. Beraz, babes estatusa lurrikararen ondorioz eman bazen eta orain herrialdea egoera okerragoan badago, nola deportatuko ditugu bizitza hemen egin duten pertsonak bizia gal dezaketen leku batera?», gaineratu zuen Bastienek. Zinegotziak nabarmendu zuenez, babes estatusaren onuradunek 5.000 milioi dolar baino gehiago ordaintzen dituzte zergetan Floridan. Hori bai, azpimarratu zuenez, «haitiarrei babesa eskaintzea ez da kontu politiko hutsa, auzi humanitarioa ere bada. Bizitzak daude jokoan».
ERAGINA FLORIDAN
Migrazio Politiken Institutuaren (MPI) arabera, Aldi Baterako Babes Estatusaren amaierak Floridan izango du eragina bereziki, AEBko diaspora haitiar handiena duen estatua baita. Barne Segurtasun Departamentuak (DHS) justifikatu duenez, haitiarrei AEBn jarraitzeko baimena ematea «herrialdeko interes nazionalen aurkakoa» da.
Haiti Txikiko ekitaldian, Trumpen Administrazioak haitiarrak argudio horrekin deportatu nahi izatea salatu zuen Miami-Dade konderriko alkate Daniella Levine Cavaak, eta gogoratu zuen AEBk Haititik irteteko eta bertara ez bidaiatzeko eskatu diela estatubatuarrei segurtasuna arrazoiak tarteko. «Bitartean babes estatusa bertan behera utzi eta etxera bidaltzeko eskatzen diegu haitiarrei? Zein etxe? Ankerra da. Egunez egun, gainera, egoerak okerrera egiten du Haitin», ohartarazi zuen Levine Cavak.
Indarkeriaren eraginez, 1,4 milioi pertsonak baino gehiagok etxetik alde egin zuten iaz Haitin, herrialdean inoiz erregistratu den kopururik handiena. Ez hori bakarrik, nazioarteko erakundeen arabera, biztanleen erdiek, sei milioi pertsona inguruk -3,3 milioi haur barne-, laguntza humanitarioa behar dute.
Miamiko alkateak, Eileen Higgins demokratak, Haitin «egonkortasuna, segurtasuna eta oparotasuna egon arte» Aldi Baterako Babes Estatusa mantentzea eskatu zuen Haiti Txikiko ekitaldian. «Miami aukeratu dute aurrera egiteko eta etxeak, familiak eta negozioak eraikitzeko. Gu garenaren parte dira jada haitiarrak. Datozen asteetan, Aldi Baterako Babes Estatusa ezabatzeak gure bihotzak hautsiko ditu», adierazi zuen.
MEXIKON, BESTE 15.000 HAITIAR
Lurrikararen ondorengo haitiarren migrazio mugimendua Mexikora ere iritsi zen. Viviane Petit-Frere haitiarra Tijuanan bizi da eta Haitiko Komunitate Institutuko presidenteordea da. Lurrikararen 16. urteurrenean gogorarazi zuenez, 2010eko tragediaren osteko Mexikorako migrazioa bizirauteko estrategia hutsa izan zen. «AEBra sartzeko asmoz heldu ginen, baina muga ixteko eta irekitzeko politiken ondorioz, komunitatearen zati handi bat Tijuanan geratu zen finkatuta azkenean», azaldu zuen.
2016 eta 2017 artean, Tijuana bihurtu zen haitiarren kokaleku nagusietako bat. Datu ofizialen eta erakunde zibilen arabera, 10.000-15.000 haitiar bizi dira egun Kalifornia Beherean. Horietako askok Mexikon jaiotako seme-alabak dituzte.

Petit-Frerek adierazi zuen azken hamar urteotan itxaropena eta erresistentzia izan direla nagusi, baina baita zailtasun handiak ere, batez ere migratzaileen erregularizazioarekin lotuta. Azaldu zuenez, familia elkartzeko aukera ukatu zaien haitiarrek edo Mexikon jaiotako seme-alabarik ez dutenek, prozesu luze eta konplexuei aurre egin behar diete agintarien aurrean. «Mexikoko Migrazio Institutuak (INM) ez du erraztasunik ematen, eta Errefuxiatuei Laguntzeko Mexikoko Batzordearekin (Comar) egin beharreko izapideak galdu egiten dira, urtebete irauten dute, migratzaileak astero edo hilero aurkeztera behartzen dituzte...», azaldu zuen.
Dokumenturik ez izateak, ohartarazi zuenez, eragin zuzena du haitiar migratzaileen eguneroko bizitzan: enplegu formalerako sarbidea ukatzen zaie, gizarte segurantza eta arreta medikoa mugatu, eta lan-gehiegikerien eta giza eskubideen urraketen eraginpean jartzen du komunitatea. «Dena lotuta dago: dokumentazioak enpleguari, osasunari, gizarteratzeari eta duintasunari eragiten die», laburbildu zuen.
Claudia Portela, A.C. proiektu salestarraren administratzailea, bat etorri zen lurrikararen 16. urteurrenean Arrazoi Humanitarioengatiko Bisitari Txartela lortzeko ezintasuna dela oztopo nagusietako bat. «Zerga Administrazioko Zerbitzuak (LTZ) txartela eskatzen du Zergadunen Erregistro Federala (RFC) izapidetzeko. Horrenbestez, txartelik gabe ez dago lan formalik. Babes eskatzaile gehienek, bereziki haitiarrek, lan informaletan amaitzen dute, euren egoera erregularizatu zain jarraitzen duten bitartean», nabarmendu zuen.
«Batzuentzat, AEBra heltzeko ametsa desagertu egin da. Dagoeneko ez dute Mexikotik joan nahi. Beste batzuek, berriz, muga gurutzatu beharra dute, gurasoak, seme-alabak, bikotekideak... dituzte AEBn. Mexikon ez dute aukerarik, herrialdeak ez du jakin lan indar hori aprobetxatzen», deitoratu zuen Petit-Frerek.

«Nire buruari baimena eman diot hasieratik txapelari begiratzeko»

«Azalak isiltzen duguna oihukatzen du, gure emozioen ahotsa da»

Primi Erostarbe, panderojole-irrintzilari aparta gizonezkoek okupatutako plazan
